Hizkuntzak eta mugak

Hemezortzi ordu egin behar izan dituk trenean, Halifax anglotik Quebec frankoraino –etxeak kendu zizkietela-eta, akadiar haietako batzuek duela 250 urte egin behar izan zuten bidea, gutxi gorabehera.

Oraindik trenean haiz, eta atzo ingelesez mintzo zirenak –erdipurdi, baina heu baino askoz airosoago, betiere– frantsesez sumatu dituk gaur goizean, inguru arrotzetik etxekoagora iragan diren seinale. Egia esan behar baduk, Montrealeraino doan tren honetara igo orduko nabaritu huen zer berezi bat, no man’s land gurpildun baten gainean egoteko sentsazio bitxia (harritzekoa duk, baina frantsesez ez duk no man’s land horren baliokide egokirik topatu, non eta ez den zone démilitarisée; ez huen, ordea, horren urrun joan nahi terminoa ele bitan ematerakoan).

Izan ere, Halifaxen ez bezala, trenean frantsesa entzuten hasi haiz berehala, tartean quebectarrak zeudelako, jakina. Eta dagoeneko gertatu zaik, baten batek ingelesez trakets samar henbilela sumatu, eta frantsesera aldatuta lagundu nahi izatea. Politta izango duk orain, Quebecen, alderantziz gertatzen zaiala ikustea; baina tira, horrek ez dik erremediorik honezkero.

Itxura denez, duela gutxi sartu zarete Quebecen. Simyokoek behintzat bidali dizkiate ohiko SMSak, roaming tarifak-eta zenbatekoak diren zehaztuz; ohikoa, muga bat zeharkatzen den bakoitzean. Baita Espainiaren kontsulatuak ere, hark ere bidali dik bere SMSa: España contigo: En caso de EMERGENCIA CONSULAR llama Consulados en… (sic).

Ez al gaude, bada, Kanada barruan oraindik?