Egun bat Nolan

New Orleans edo, hemen esaten dioten bezala, Nola.

Kalean, egonean, musika entzuten. New Orleans
Kalean, egonean, musika entzuten.

Heldu orduko nabaritu duk hau desberdina, beste oihal batez egina dela, beste zerbait egosten dela hemen. Hasteko, giroa bera –eguraldia zein bestea–, beroagoa, umelagoa duk. Bestelakoak dituk kaleen-eta izenak ere: Euterpe, Terpsichore, Melpomene, Calliope, Poydras, Tchoupitoulas, Chipewwa… eta Tolosa (orain Toulouse), Bayona, Laffite, Loyola, Xavier… (azken bi horiek nabarmen erakusten ditek nor ibili den inguru hauetan, beste askoren artean).

Nola estatubatuarra duk, bai, baina frantsesa ere baduk, eta akadiarra; espainola; afrikarra; natchez, tunika, opelousa; irlandarra, britaniarra, alemana… Hemen osagai anitzeko eltzekaria zegok sutan, joan deneko azken bostehun urtean behintzat; nahastura bizia sortu duk hemen, hamaika eta bat kolorez eta zaporez goxatua.

Historiaren lotsaizun den esklabotzak bizirik dirauen inpresioa ere ematen dik, hain zegok gertu denbora-espazioetan; portura azaldu, eta bertan, une batetik bestera, kanpaia jo eta enkante bati ekingo dioten aukera erreala bailitzan oraindik.

Mississippiko kaietan barrena ibili eta gero, eta sargoritik ihes, The Cabildo museoan sartu haiz, garai batean koloniaren gobernua egon zen eraikinean. Hor topatu dituk plantazio erraldoiak, azukre kanabera sail amaiezinak, jabe zuriak eta salgai afrikarrak, zigorrak eta kateak. Hor zeudek, nola ez, Estatu Batuak ere, 1803an Louisiana osoa Napoleoni erosi ziotenak, merke-zurrean –Donostiak ere Artikutza erosi zian, baina Artikutzak Goizuetaren parte izaten jarraitzen dik, ala?; Louisiana, berriz, jendea eta guzti erosi zian AEBko gobernuak!–. Aldameneko gelan, natiboak eta kolonoak, harremanetan beti, borrokan gehienetan. Baita Eskozia Berritik bidali zituzten akadiarrak, kajunak ere.

The Cabildon leku berezia ditek Laffite anaiek (Jeanek batik bat, baina baita Pierrek ere, harekin batera), inguru hauetan ibili eta historiaren oihal zati bat marrazten parte hartu zuten neurrian. Mexikoko Golkoko pirata –edo kortsario?– sonatuak (ez omen zegok argi nondarrak ziren, biarriztarrak zirela dioenik baduk), ingelesen aurkako New Orleanseko gudua (1814) irabazteko laguntza erabakigarria eman ziotean gerora Estatu Batuetako presidente izango zen Jackson jeneralari; horrela, gainera, aurretik egindakoen barkamena lortuz. The buchaneer filmean (1938; eta 1958an remake bat) protagonista dituk, eta New Orleanseko zenbait taberna, hotel, parke eta abarrek, eta inguruko herrixka batek ere, haien deitura zeramatek.

Katrinak egindako txikizioa ere ez zeukatek ahazteko, harrezkero 10 urte luze joan diren arren. Hartaz mintzo dituk, museoaren beste atal batean, hainbat argazki eta bideo, hainbat eta hainbat lekuko. Atrakzio turistiko bihurtu ei ditek orain urakanak eragindako hondamena; bisitak antolatzen ditiztek, oraindik ere berreraikitzeko dauden auzoetara. Museoan jasotako informazioarekin nahikoa duala, eta horrekin etsitzea erabaki duk, beste inora gabe, morbotik ihes.

Kalera irten, eta letoizko musika bazterrero, erritmo afrikarrez tuntundua. Ez inorentzako ikuskizun huts, hala iruditu zaik, sabeletik irten eta azalean sentitzen den bizikizun baizik. Festa, festa hutsa, aste nahiz jaiegun…, zer ote da hau Mardi Gras-eko ospakizunetan! The Big Apple-ko zurrunbilotik irten eta The Big Easy-n murgilduta habil, bada, hango automobil, anbulantzia eta abarren zaratak bide eman ziok hemengo jazzaren hots eta doinuei.

Musika kalean. New Orleans.
Musika kalean.

Denbora easy –aise, bai–, nare zoak hemen, eta haur baten begiekin habilela otu zaik, batera eta bestera begira, hainbat gauzari mira-mira eginda. Afaldu eta gero, taberna batean sartu, mahai batera eseri eta bertan egon haiz, musikariek beren lanak amaitu eta tresnak jasotzen hasi diren arte; Cinnamon Girl baten konpainian.