Hesiaren alde batetik bestera pasatu haiz gaur goizaldean, Río Granderen gaineko zubitik. Texaseko Laredotik Tamaulipaseko Nuevo Laredora, Houstonetik Monterreyra hinderaman autobusean.
Nuevo Laredon hago, baina Laredokoa haiz.
Nuevo Laredon hago, baina Melilla ondoko Beni Anssar-en ere bahago; eta Saharako hesiaren ekialdeko lurretan; eta Kroazia eta Serbiako ipar aldeko herrietan; eta Bangladeshen; eta pertsonek beste aldera pasatzeko zailtasunak dituzten leku guztietan.
Horietan guztietan hago, baina Laredokoa haiz; eta Melillakoa; eta Saharako hesiaren mendebaldekoa; eta Schengen barruko Hungariakoa; eta Indiakoa; eta pertsonak beste aldetik pasa ez daitezen zailtasunak –eta txarrantxak, eta armak– jartzen dituztenen alde guztietakoa.
Kontraesan horretan bizi beharko duk hemendik aurrera, puska batean behintzat, egiteko oraindik ere luze duan bidean.
Oharra: Kanadatik AEBra sartzerakoan, mugan ikusitako bideo kamera kopuru izugarria aipatu huen. Orain esango huke hura ez zela ezer, bart Laredoko horretan ikusi duan sailaren aldean, Mexikotik AEBra sartzeko pasabidean zeudenekin konparatuta, alegia.
Bigarren oharra: Nuevo Laredo AEBk Mexikori gerran irabazitako Texas bereganatu zuenean sortu zuten, 1848an. Laredotar batzuek –hamazazpi familia aipatzen dira– mexikar izaten jarraitu nahi zutenez, eta Laredo herria AEBren aldean geratzekoa zenez, beren puska guztiak hartu, ibaiaren beste aldera iragan, eta hantxe eraiki zuten Laredo berria, beren herri izandakoaren pare-parean. Gauzekin batera, beren hildakoen hezurrak ere hartuta etorri omen ziren.