Bidaiaria gidalibururik gabe dabil, eta Interneten informazio gehiegi dago egunez eguneko plan koherente eta txukun bat egiteko; horretan denbora gehiegi eman gabe, esan nahi da. Hala ere, zer da plan koherente eta txukuna, horrelako bidaia luze batean? Leku gehiago ezagut daiteke etxetik mugitu gabe, modu antolatuagoan eskura daiteke informazioa, irudiak eta bideoak ikusi… Aupa Etxebeste! Baina ez, ez da hori kontua: lekuetara joan eta bertatik bertara ezagutu nahi ditu, sentitu, usaindu, gozatu; plan koherenterik gabe bada ere.
Xilitlari buruz zer edo zer irakurri zuen nonbait, eta huraxe ezagutu behar zuela sartu zitzaion buruan. Monterreytik hona etortzeak ez zirudien erraza, baina azkenean lortu du, lotarako lekua urrun samar aurkitu badu ere. Huasteca Potosina eskualdeak baditu aukerak turismoa erakartzeko, hala iruditu zaio autobusetik ikusi eta gerora ezagutu duenagatik; ordea, mexikarrak bai, baina atzerritar gutxi inguratzen dira hona. Leku batera izan ezik, diotenez: Xilitlako Las Pozas edo Edward James-en Jardin Eskultorikoa. Xilitla herrixka bat da, euri oihan azpitropikaleko landarediak urrunetik ia ikusten ere uzten ez duen herrixka bat.
Hormigoi pila bat oihanean sartzea bera surrealista da, eta halakoxea da delako jardina. Ametsak eta inkontzientea dirateke inspirazioaren eta sormenaren iturri surrealismoan; Edward Jamesen ametsak hormigoizko egitura arkitektoniko eta eskultorikoz osatu multzo batean gauzatu ziren hemen; landaretza joria eta uraren ugaria –ibaia, ur-jauziak, putzuak– nagusi diren lekuan, hormigoizko bideak, etxetxoak, zubiak, eskailerak, ateak, hesiak, sotoak, zutabeak, askak, leihoak, hobiak eta abar eraikiz.
Edward James (1907-1984) eskoziar aberaskumea izan zen, odola ere urdinkara zuena, diotenez. Literatura ikasi zuen Oxforden, poesia idazten hasi zen, mugimendu surrealistan sartu, eta Dali, Magritte eta Carrington artisten mezenasa izan zen. Dibortzio baten ondoren Estatu Batuetara etorri, eta, lagun bat bisitatzeko aitzakiaz, Mexikoraino heldu zen, 1944an. Cuernavacan Plutarco Gastelum Esquer ezagutu zuen, Xilitlan bizi zen Sonorako mexikarra (jardinean banatzen duten mapan dioenez, euskal eta yaqui odolekoa). Adiskide min bihurtu ziren, eta mexikarrak Xilitla ezagutzera gonbidatu zuen, bere etxera. James, orain jardina dagoen parajea ezagutu zuenean, zeharo txoratuta geratu zen, guztiz maiteminduta. Lurrak erosi, eta bere bizitzako proiektua hantxe burutuko zuela pentsatu zuen.
Hasieran orkideategi bat izan behar zuena –1962an, elurte batek galdu omen zituen bertako orkidea guztiak–, betiko iraungo zuen lorategi bihurtu zuen: lore, landare eta zuhaitzen tankerako hormigoizko egiturak ez zituen izozte txar batek galduko! Eta halaxe hasi zen Xilitlako Jardin Eskultorikoaren eraikuntza. Edward Don Eduardo bilakatu zen xilitlarrentzat, eta herriko arotz, igeltsero eta lorazainak kontratatzen zituen, erositako lurretan bere ametsak gauzatuz joateko. Plutarco beti izan zuen aldamenean lanak zuzentzen laguntzen, eta James hil zenean haren oinordeko bakar geratu zen, gainera.
Turismorako, 1991n ireki zuten. Egun jendetza etortzen da Xilitlara mundu osotik, Las Pozas ikustera. Hasieran, atzerritarrak besterik ez omen ziren iristen, baina orain mexikar ugari ere inguratzen da. Istorio desberdinak entzun ditu bidaiariak, James hil ondoren jardinaren jabegoarekin gertatu zenari buruz; baina, finean, Plutarcok saldu egin zuen, jende handiaren esku geratu zen, eta diru iturri polita dute bertan, inondik ere.
Bidaiaria goiz jaiki da oso, eta zabaldu baino ordubete lehenago han zen, ilaran; bospasei lagun zituen aurretik, halere. Hamaikak aldera, irten denean, halakoa zen sartzeko zain eguzkitan zegoen jendetza, ezen ikusi gabe alde egiteko gogoa ematen baitzuen.
Don Eduardori, horretarako propio egindako begi itxurako aska batean bainatzen zelarik, landare lurrintsuen esentziak botatzen zizkioten uretan; askaren nini inguruan koloretako arraintxoak ibiltzen omen zituen igerian, eta tximeletak buruari bueltaka. Bidaiariak ez du ez koloretako arraintxorik ez tximeletarik begiztatu, baina goizeko argi izpiek hormigoizko zutabe batzuen artetik iragatean eratzen zituzten irudiak gozatu ahal izan ditu; ur-jauzi eta putzuen ondoan ibilita, berriz, freskura sentitu du; eta aise joan zaio denbora, oihan jori hartan han-hemenka paratutako hormigoizko egiturei begira. Izan ere, zein baino zein baitira: bere garaian koloreztatuak batzuk, oihaneko bero-hezeek goroldio-lirdingen kolorez margotuak bestetzuk; zuzenak hauek, okerrak horiek, bihurriak haiek; garaiak, apalak, etzanak, tenteak; ertz bizikoak, ertz kamutsekoak… eta, batez ere, mapari erreparatzea eskatzen dutenak, gehienak, artistak eman zien deiturak egitura ulertzen laguntzen ote duen ikustearren. Nork bere ametsak baititu, eta inork ez daki aldamenekoak dituzkeenen berdinak ote diren.