Berrogei egun

−Zer moduz? Berrogei egun jadanik, ez al haiz oraindik aspertu?

−Ez, ba, oraindik ez behintzat. Ondo nabilen, egia esan, uste baino hobeto. Aurrera egiteko kementsu.

−Zer ingurutan haiz orain?

−DFn, duela hiru egun iritsi nindunan.

−Agudo egin dituk hik Ipar Amerikakoak, tokitan zegok Red Bay!

−Bai, uste baino arinago ibili naun, bai; Ternuarako ontzian nintzela ilbete zunan, eta hurrena New Orleansen ikusi dinat ilargia betetzen. Bidea jan behar horrek-edo sortu zidan estres puntu bat, egia esan, ez zekinat ondo zergatik; baina halaxe suertatu dun, hemen nagon dagoeneko, eta bidean hainbat toki usaindu ere gabe utzita, noski. Datorren hilean eten bat egiteko asmoa ere badinat, oporrak-edo ;-), eta hegaldia hartuta zeukenat DFtik Costa Ricara; horrek abuztuaren 7rako hemen egotea eskatzen zidanan. Hala ere, arrazoi dun, azkartxo ibili naun honainokoan. Ea irailetik aurrerakoa nola datorren…

−Eta, helburuak betetzen ari al haiz? Bueno, nolabait galdetzeagatik; izan ere, hemen inork ez zekiagu ondo zertan habilen, ez huen oso argi azaldu zeren bila abiatu behar huen hire bidaia delako horretan…

−Helburuak? Neronek ba al dakit, ba! Batetik bai, bidea egiten ari naun, batera eta bestera mugitzen; eta nahi nuen bezala, gainera, hegazkinik hartu gabe behintzat. Irakurri, nahi nukeena baino gutxiago ari naun irakurtzen, baina bistan zegon helburu hori ez zetorrela bat horrela ibiltzearekin; egunak, hemen ere, hogeita lau ordu, zera! Idazten, ordea, bai, uste nuena baino askoz gehiago, eta gustura gainera. Bloga idazteko erabakia, kosta zitzaidanan hartzea, baina funtsezkoa izan dun, bestela ez niken horrenbeste idatziko; blogoeta hauek diziplina eskatzen zidaten: egunero, edo egun biz behin bederen, ideia bati tiraka hasi, eta zerbait −irakurgarria-edo− osatu; obsesioa bihurtzen dun azkenerako, baina idazte kontu hau halakoxea dun, lehendik ere banekinan. Eta egia dun, gero!, topikoa bada ere: zer edo zer fundamentuz egin nahi baduk, musek lanean harrapatu behar haute… beste batekin joaten ditun bestela.

−…

−Eta kontatzeko premia ere hor zegon. Eguna joan eta eguna etorri, inori ezer asko kontatu gabe, bizitutakoen berri eman gabe, jasotako inpresioak partekatu gabe… gogorra dun. Ez al zuen baten batek esan, kontatu ahal izateko egiten ditugula gauza asko bizitzan? Eta horren ifrentzuan, ez al da egia horrexegatik dela zaila kontaezinak gordean eramatea, azalera atera gabe? Tira, ez zekinat zer inpresio izango duten irakurleek (gutxi batzuek irakurtzen dutela bazekinat, ezer asko esan ez arren), baina ni gustura ari naun; hortik aurrera…

−Zer, feedback gutxi, ala? Kexu?

−“Euskaldunak gara, zer nahi duzu?”, horixe esanda utzi nindinan lehengoan lagun batek, horretaz zerbait aipatu nionean… Hori bai, iruzkina erdararen batean iristen bada, bazekinat, spam-a seguru.

−Eta, bestela, eguna zertan ematen duk? Argazki mordoxka ere egiten ari haiz…

−Argazkiak, nahi baino gehiago, eta horrek lana sortzen din, handia. Gutxi batzuk blogean jartzen hasi nindunan, baina azken boladan gehiegi jartzen ari naun. Aurre egin behar zionat horri, denbora dezente kentzen baitzidan, eskura dudan tresneria ere ez dun-eta etxekoa bezalakoa. Bestetik, baina, ondo ere etortzen ari zaidan: argazkiak eskatzen dizkidanari, eta ez ditun gutxi, blogaren helbidea pasatzen zienat, to! (edo no!)… lotsa ere galtzen din batek, denborarekin. Eta eguna zertan? Ba saiatzen naun nagoen lekuarekin bat egiten nolabait, ez zekinat nola esan, inguruari erne egoten, zabalik; ez dadila bakarrik izan begiratu, “zer polita!” esan eta foto bat atera… Museoren bat bisitatu, historiaren berri izan, liburu denda zaharretan sartu, eskuetara iristen zaidana irakurri, istorio jakingarriak ikasi, jendearekin hitz egiten saiatu… eta, gero, horretaz guztiaz hausnartu eta zertxobait idatzi.

−Eta bakardadea, nola eramaten da? Egun osoa bakarrik, gogorra izango duk batzuetan…

−Egun osoa heure buruarekin hizketan pasatze hori ez dun erraza, ez: elkar aspertzeraino iristen gaitun biok, batzuetan :-). Inoiz, museoko atezaina sinpatikoa iruditu, eta harekin hasten naun berriketan, besterik gabe (hori aldea, muga iragan nuenetik hona, zer den hizkuntza menderatzea!). Irribarre baten premian egonez gero, zer ez dun egingo, ez da? Horrelakoetan izugarria dun irribarre soil batek barruan eragiten duen zimikoa, ederra; eta polita bada, are eta gehiago, noski.

−…

−Faltan sumatzen dinat jendea, etxekoak, lagunak… une honetan lagunak aldamenean behar dituztenak, nola ez. Herriminak ere zirikatzen din, eta une txarrak ere izaten ditun, tarteka: zertan ari naiz hemen, sei hilabete asko duk, luze egingo zaidak… bideko hautsak nekagarriak ditun. Baina, tira, nork bere burua ezagutzeko ere ona dun, hala iruditzen zaidan. Beste lagun batek esan zidanan, nire asmoen berri eman nionean, nork bere burua oso ondo ezagutu behar zuela horrelako proiektu bati ekiteko; hori egitea erabaki banuen, egiteko gai sentitzen nintzelako izango zela. Ez zinan arrazoia falta… eta, ezagutzen ez banuen, ezagutuko dinat oraingoan, ezagutuko dudanez.

−Gaur egun, halere…

−Bai, egia, telefonoa, korreoa, Skype, WhatsApp… ez naun postal asko bidaltzen ari, noski, baina egunero-egunero dinat harremana, nolabait, horkoekin. Batzuekin, hor egonda baino gehiago, pentsa. Telefonoaren aukera beti egon dun, baina orain kamera erabiltzeko aukera ere eskura zegon, eta beste hurbiltasun bat ematen din. Ahotsa entzutea, aurpegia ikustea… beharrezkoak ditun.

−Korreoa ere bai, erabiltzen duk?

−Oso gauza bitxia gertatu zaidan kontu horrekin, hara. Etorri baino lehen, whatsappa-eta ez nituela horrenbeste erabiliko uste ninan, lege zaharrean arituko nintzela gehiago, mezuak idatzi eta posta elektronikoz bidaltzen, telefonoz hizketan noizean behin… Ez zekinat, whatsapparen berehalakotasun hori, laburtasuna… oso axaleko gauzak esateko baino ez dela iruditu izan zaidan beti. Baina ez, erabiltzen ari naun, eta asko. Eta berehalakotasun hori dun, gainera, gehien estimatzen dudana: sentitzea bestea hor ari dela hirekin berriketan, eta une horretan bertan ari dela, hiretzat arratsaldeko bostak eta harentzat gauerdia bada ere (ordu diferentzia aintzat hartu behar, hortxe koxka: batzuetan ahaztu egiten zaidan zer ordutan bizi zareten hor). Eta, gainetik, faltan sentitzen hauela esaten badin… ederra dun, benetan –gurean to miss esateko beste hitzik ez izatea ere handia da, ba!

−Ederra? Hik ere esaten dituk halakoak?

−Euskaldunak gaitun, badakin! :-O

−…

−Korreoak ere baditin bere gauza onak. Ilusioa egiten din goizean jaiki eta sakelakoaren argia keinuka sumatzeak, baten bat hirekin gogoratu delako (argirik ezak eguna itzaltxo batez hastea dakarren bezala, bestalde). Gauean, halere, hurrengo goizerako alarma jarri eta telefonoa itzaltzen ez dudanetan, ahuspez eta isilik uzten dinat mesanotxean, ez dinat argitxoa ikusi edo dardara sentitu eta saltsan hasteko tentazioan erori nahi: afaldu ere bai, baina lo ondo egin behar din astoak, biharamunean ibiliko bada.

−Bueno, bueno, hau luze zoak, amaitu egin beharko diagu. Bizkor segi, eta kontuz minekin Mexiko aldean!

−Bai, adio, hurrena arte.