Don Eduardoren parkea jendez beteta utzi, eta Xilitla herria ezagutzera jo zuen bidaiariak; izan ere, hasiera-hasierako asmoa horixe zuen, herria ikusi eta bertan igandearekin egin ohi duten merkatua bisitatzea.
Las Pozas-etik atera eta herri aldera jo du, bada. Herriko lehen etxeetara ailegatu orduko, hormigoiaren oso bestelako erabilera topatu du kaleetan, Jamesen lorategi lizuneko eraikuntzena ez bezalakoa. Herriko kale zikinotan ez dago surrealismorik, errealismoa da nagusi hemen; eta hormigoi falta ere bai, hainbat gunetan.
Huasteca Potosina eskualdeko herri txiki bat da Xilitla. Bizilagunak nahuatl eta, batez ere, huasteka hiztunak dira, nahiz eta, gehienek, gaztelaniaz ere jakin. Igandeetan merkatu handia egiten da plazan eta plazara daramaten kale estuetan. Horixe aurkitu du, beraz, bidaiariak bertan, herri xehe eta normal baten egunerokotasuna, ezohikoa izanagatik –igandea izaki–: bertakoak eta inguruetatik etorritakoak; saltzaileak eta erostunak; jende pilatzeak, bultzakadak; solasak, bazterrero; fardelak, paketeak, saskiak; jatekoak, edatekoak eta askotariko bizigaiak; koloreak, usainak, argia, sargoria; lana eta jolasa. Bai, jolasa ere bai, mezatik irten direnean hantxe hasi baitira dantzan, plaza bete –adineko jendea batik bat, horrek unibertsala dirudi–, eguzki errukigabe baten azpian.
Bidaiaria harri eta zur utzi duena, ordea, meza izan da. Elizetan sartu-zale da, ikusmiran, baina mezetan ari zirela sartzea kasualitate hutsa izan da. Kafetegi bat dago plazan, eta haraxe jo du, izan ere, zerbait hartzera. Kafetegiak, ordea, beste ate bat du, atzealdean dagoen patio moduko batera ematen duena; eta patio hori, oso arkitektura bitxi bati esker, elizaren parte da nolabait. Kafea ahaztu, eta zuzenean patiora joan da, megafoniatik entzuten zenaren indarrak erakarrita.
Sermoia ez zen hasi zaharra, eta bidaiaria berehala ohartu da hizketan ari zena erretorikan jantzia zela, ondotxo zekiela hitzen lihoa iruten jomugara iristeko. Fracking hitza harrapatu dio, ustez –hasieran ez zen ziur ondo ulertu ote zuen, baina aurrerago egiaztatu ahal izan du zuzen zegoela–. Berak hitza harrapatu… edo hizlariaren hitz jario trebeak harrapatu du bera?
Guerrero abadea –halakoxea zuen deitura hizlariak, errealitateak fikzioa gainditzen du maiz– trebe ari zen, kementsu, Sodoma eta Gomorrako istorioa diskurtso ekologistaren sailetara errenditzen. Iruditeria sinple baina eraginkor baten bitartez, bereganatuak zituen entzuleak, bistan zen. Eta bidaiaria ere bai, arras poltsikoratua: ez zuen aspaldian hain sermoi luzea bukaeraraino entzuten!
“Ba al dakizue koiotearen eta untxiaren istorioa?”. Horrela hasi da bat-batean… Dirudienez, koiotearen eta untxiaren legenda Mexikoko indigenen artean oso ezaguna da, eta bertsio asko ditu: batzuetan untxia da garaile, koiote tentela aise limurtzen baitu –bidaiariak jardun du Interneten bila, eta aurkitu dituen guztietan hala gertatzen da–, baina beste batzuetan koiotea da untxi koitaduari ziria sartzen diona, haren etxeraino sartu eta, azkenean, untxia janez.
“Azkenean koiotea etxera sartzen zaio eta jan egiten du. Badakizue, ezta?”. Guerrerori, bistan da, bigarren bertsioa komeni zaio, entzuleria eraman nahi duen lekura eramateko. Eta halaxe jarraitu du, koioteak etortzen direnean –“hurbil dira, kontuz, hementxe dira eta!– gertatuko dena azalduz: etorriko dira eta lurra ostuko dizuete; etorriko dira eta ura ebatsiko dizuete; etorriko dira eta airea lapurtuko dizuete”.
Eta koioteak aipatzen hasi da, izen-abizenak ere emanez hainbat kasutan, beldurrik gabe: hango eta hemengo gobernariak, hango eta hemengo bankariak, klase guztietako handiki eta jauntxoak… “Etorriko dira eta zuena dena kenduko dizuete, erne ibili! Lur hau, ura, airea zuenak baitira”.
Azkenean, bidaiariak espero bezala, hitzaldiaren mezua hori baino zabalagoa izan arren, iritsi da fracking-aren gaira, halako proiektuak badira-eta, nonbait, hemen ere. Elkartu, gogoeta egin, borrokatu… hemendik bertatik, komunitateetatik, herritik, udaletik. “Gizartearen parte hartzea bultzatu behar da, koioteak datozenean aurre egiteko prest egoteko… Eta nor da horretan dabilena? Hemen, elizan dagoena. Nor da boteretsuari, nor da koioteari aurre egiten diona? Hemen, elizan dagoena”.
Nahi luke bidaiariak halako apaiz jenderik Euskal Herriko elizetan. Nahi lukete euskal mitinlari sutsuenek halako abilezia, jendea liluratu, limurtu, seduzitu, suhartzeko… Eliza txalotan jaso du Guerrerok, eta ez da literatura, txaloka, esku-zartaka jarri ditu han zirenak –bidaiaria halakorik ikusi gabea zen bere denbora guztian–: “Ea, ba, Jesukristorentzako txalo bero bat eskatuko dizuet orain, Peña Nieto eta haren gobernua ustelak direla uste duzuen guztiei” (Peña Nieto koiotea Mexikoko presidentea da 2012tik). Xilitlako eliza bezalaxe, Donostiako Belodromoa ere sutan jarriko luke gizonak, aukerarik izango balu.
Bidaiaria mezetatik irten denean, bere hartan zirauen kanpoko errealitateak: merkatuak lehengoan jarraitzen zuen eta jendearen harat-honatak ere bai; eguzkiak ordubete lehenago baino are gehiago berotzen zuen. Plazako oholtzan tresnak prestatzen hasiak ziren musikariak, dantza saioa hastear zegoen.
Bidaiariak ezin zuen ideia bat gogotik kendu, herritik ostatura eramango zuen mikrobusera sartu zenean: ez ote zuen surrealismotik ere asko samar aurkitu Xilitlako eliza hartan.