Lurra munstro erraldoia zen, narrasti edo apo handi bat. Piztia berdats, zimur, geldo eta heze hura betidanikoa zen, denboren hasieratik izan zena. Jainkoen mundutik, zein betidanikoa baitzen hura ere, bi anaia biki jausi ziren. Borrokan ari ziren, halaxe izaten baita beti neba-arreben artean.
Biki horiek, zeinei nahuek Quetzalcoatl eta Tezcatlipoca esaten baitzieten, baina beste hizkuntza batzuetan beste hainbat deitura ere bazituztenak, munstroari eraso egin zioten borrokan zihardutela. Bata barruan sartzen da, besteak tira egiten du indarrez… Munstroa bitan zatituta geratu da: bi zatiok ez dira berdin-berdinak, ezta simetrikoak ere, eta munstroa ere ez da erditik banatuta geratu. Mundua inperfektua da harrezkero.
Beheko aldean berehala hasi ziren jaiotzen landareak eta iturriak, eta zizareak eta sugeak. Goiko aldea beroagoa zen, eta argi izpiak isurtzen ziren bertatik. Sortu zuten zatiketaren ardura hartu zuten bi anaiek. Goiko zatiari eutsi egiten zioten, ez zezan, amilduta, behekoan sortzen hasia zen bizia zapal. Bi zatiok bereizteko, zutabe gisa tentetu ziren; askoren esanetan, suge itxura zuten zutabe horiek, eta lumaz edo jaguar larruz estaliak zeuden.
Itxura denez, jainkoak goitik behera eta behetik gora ibiltzen hasi ziren, eratu berria zen espazioan zehar. Heltzen zirelarik azalera, zein Lurra baitzen, bizia ernetzen zen, fruituak, koloreak eta usainak… Horrela jaio ziren euria, artoa, heriotza eta barrea. Arbasoek uste zuten goitik zetozen indar sakratuak beroak, lehorrak eta argiak zirela; eta behetik zetozenak, berriz, hotzak, umelak eta ilunak. Batak nahiz besteak kiribilak eginez bidaiatzen zuten, goitik behera eta alderantziz. Izan ere, mundua aurkia eta ifrentzua da: ilundu eta argitu, lehortu eta busti; oro da joan eta etorri, antzina-antzinatik.
Goia Eguzkia zen, arranoa, luma, beheranzkoa; arra. Behea, Ilargia, jaguarra, narrastiak, goranzkoa; emea.
[Kosmogonia mesoamerikarraz Pueblako Amparo Museoan irakurritakotik egokitua. 2016-07-01.]