Egun luzea DFko metroan

Abelardo goiz jaiki da oso, egunero bezala. Gosaltzeko, bezperako oilasko zatiekin betetako chilaquile batzuk, egunero bezala. Mutil koskorra berandu mugitu da, eta eskolara eraman du zuzenean; emango diote han zerbait jateko. Handik lanera abiatu da, eguneroko kamionetan: bidea luzea izanagatik, peso pare bat baino ez dizkiote kentzen. Metroko geltokira iritsi denerako, bederatziak jota. Aitaren egin du lurpera sartzerako. Bost pesoren truke egun osoa emango ahal izango du barruan, lineaz aldatuta ere ez baitago berriz ordaindu beharrik. Umea gaixo duela eta botika erosi beharra duela harentzat, istorio hori aukeratu du gaurko.

Christian-ek pistola hartu du mahaiko tiraderatik –eskerrak mahaia ez duen itoginak azpian harrapatzen, hezetasuna txarra da oso armentzat–; denborak dira muniziorik ez daukala, baina pistolak berdin egiten du bere lana gabe ere. Etxetik irteterakoan zeinatu egin da, beti legez. Goizean kamionetaren batean saiatuko da, baina arratsalderako ez du zalantzarik: metroaren hirugarren lineako azken zatian ahalegindu behar du gaur, Coyoacán inguruan, duela hilabete poliki atera zitzaion.

Eliasek jai eskatua zuen gaurko; bart iritsi zitzaion mezua, ukatu ziotela esanez. Alabatxoari txertoa beste egun batean jarri beharko diote, Segursa-n lanean hasi denetik ez du ezertarako betarik. Autoa hartu eta zentralera joan da; eliza guztien aurretik igarotzean aitaren egin du hirutan, hala erakutsi zioten berari. Zentralean, erantzi, arropak takillan gorde eta uniformea jantzi du; erriflea jaso eta kalera irten da. Coyoacán-eko Viveros / Derechos Humanos geltokia egokitu zaio egun osorako.

***

Arratsaldeko seiak hamar gutxi. Hirugarren lineako unitatea bete-beteta zihoan, ziztu bizian; baina, zerbaitegatik, geratu egin da, Viveros / Derechos Humanos-era iritsi aurretik. Abelardok ohiko erretolikari jarraitu dio, metformina premian daukan haurraren istorioak hunkituak zituen dagoeneko bidaiari batzuk. Christian zalantzan zegoen, hura ez baitzen egokierarik onena, unitatea geldirik egonda; baina orduan ez bazen ez zuela honezkero aukerarik izango, eta ekitea erabaki du: «¡A quién ponga resistencia me lo quiebro! ¡Esto es un asalto!».

Geltokira iristear zeuden Christianek lanak amaitutzat eman dituenean; izerdi patsetan zegoen, eskerrak berriro martxan jarri den tren puta hura! Gizajo haren sosak ere bilduak zituen, zer egingo zuen bestela. Pistola gerrian ezkutatu, eta nasara irten da ateak zabaldu orduko, beste inor baino lehen.

Eliasi abisua emana zioten ordurako –pasaiariren bat erne ibilia zen, nonbait, larrialdietako zenbakia markatzen–: «De un jalón, Elías, no la vayas a cagar. Va armado, a la chingada con él!». Ez zuen halako aholkurik behar, behar ez zuenez, lankideren bat baino gehiago zituen galduak lehen ere, azkar ez mugitzeagatik.

Unitatea geratu eta ateak ireki bezain laster ikusi du, korrika eta presaka irten behar hura ez zen parte onekoa: destatu eta tiro egin du birritan. Gizona zerraldo geratu da nasa ertzean, burua bagoiaren kontra zuela.

Eliasek pasaiariak irteten ikusi ditu berehala, eskuek dar-dar egiten zioten artean: batzuk lurrean zetzanari gaineratu zaizkio, zerbaiten bila bezala; beste batzuk gainetik pasatu dira, ukitu ere gabe; pasaeran tu egin dionik ere izan dela iruditu zaio.

DFko metroan

Marrazkia: Txema Cabrera Azpiolea.