Honaino, beraz, bidaiaren lehen fasea. Iritsi haiz Costa Ricara, egun batzuk lasaiago emateko asmotan. Etentxo bat eten luzearen barruan.
Urrun geratu dituk Ternuako izozmendi herrariak, Eskozia Berriko kostalde ederra… Azken boladan, azken hilabetea, hiri handietan murgil ibili haiz ia erabat, irten gabe: New York, New Orleans, Mexiko DF, Puebla bera… kalearte itogarrian. Mendia behar duk, berde pittin bat, itsasoa, airea… begiratua urrunago finkatzeko premian sentitzen haiz dagoeneko; argazkietan zeruertza non kokatu ere ahaztu egingo zaik martxa honetan bestela.
Blogoeta hauei ere, eta, batik bat, hor dauden –zaudeten– irakurleei, atseden labur bat eman nahi hieke; bihoazkie hemendik eskerrik tropikalenak azken horiei honaino heltzeagatik, ez zekitek ondo zenbat laguntzen duten!
Ez huke erabat moztu nahi, halere, asmoa baduk noizean behin argazki batzuk sikiera igotzeko, Hitzak sobera saileko sarreraren bat edo beste osatzeko. Costa Rican paraje ederrak ba omen dituk, ea edertasun hori argazki bidez islatzen asmatzen duan.
“Zer moduz” galdetu, eta “¡Pura vida!” erantzuten ditek ticoek, primeran daudela adieraziz. Bizitzen jakitearen balioa ere erakusten omen dik esaldi horrek, bizitzaren aurrean duten jarrera etsi (?), alai eta optimistaren seinale omen duk.
Ea, ba, zer edo zer ikasten duan, ez zaik-eta gaizki etorriko!
Gogaide gabeko bidaide hori, agur. Bi hitz besterik ez, hire bidez bidaian ere bagabiltzala esateko, hiri esker Palomak estreinatu dik lankideek, jubilatzean, oparituriko tableta. Urtebete trepeta ukitu gabe eta nik abiarazi nioan, tecnología berriotan erreostixa naizen honek. Segi kontatzen. Hau mundu arraiua!, bakarrik hago baina birtualki oso lagundua. Beldurraren kontua bizi izan genian Mexicon: gau oso bateko bus bidaia baten bi aldiz filmatu gintiztean eta bi kontrol polizia eta militarrenak ere izan genizkian. Oihenarten atsotitza osatzen ari haiz.
Agur, gogaide (eta bidaide) hori:
Eskertzen dizkiat hitz horiek. Blogaren bidez saiatzen nauk nire ibilian arreta eman didaten gauzak kontatzen, ahalik eta txukunen. Beste batzuetan koadernoak bete izan ditiat era horretako gogoetekin, eta niretzat gorde. Oraingoan, kontu horiek guztiak argitaratuz (duela urte batzuk ez nian usteko hau inoiz egingo nukeenik!), iruditzen zaidak beste inork ere irakurriko dituela, eta lagundu egiten zidak hori pentsatzeak. Lan gehiago ere baduk, noski, testua gehiago landu behar delako, baina hori gustukoa diat.
Ondo segi, izango diagu elkarren berri.
Xabier.
Kaixo, Xabier,
polita geratzen ari zaik Amerikaren pintura puntillista hau, begirada bat han, ukitu bat hor, kolore bat hemen.
Koadro handia egiten ari haiz, eta gu gozatzen.
Bejondeiala!
Patxi Angulo
Kaixo, Patxi:
Ez zekiat koadro handia edo askotariko zirriborro nahasia den, baina tira, saiatzen ari nauk eta horrek ere balioko ahal du! Eskerrik asko, ondo segi.
Xabier.
PD. Hire iruzkin bat zegoela ikusi dudanean, pentsatu diat ¡pura vida!-ren euskal baliokidea proposatzera hentorrela: ticoen esamolde horrek ez ote du zerikusirik harako “zabal bizi” harekin?
Bizitza hutsak oparitutako monokluosi batek lotuta nauka etxean opor guztiak nahiezinean, eskerrak hire abenturen berbek eta irudiek nire lau paretetik irteteko beta eskeintzen didaten. Atzo, ordea, kaleratzeko aukera izan nuen eta Antigua aldean, bilobaren bisitara nihoalarik, Joselu eta Marilisekin egin genuen topo…bizitza hutsa…
Bidaia on, ni offean naukazu eta…
Fito
Kaixo, Fito:
Pozten nauk hemengo kontu hauek zer edo zertan laguntzen baldin bahaute. Eta, zer den ere ez zekiat, baina mononukleosi horri lehenbailehen iskin egin diezaioan opa diat, ¡pura vida!, aurrera!
Xabier.