Estrategikotasunaz ezer handirik ez dakien bidaiariak ere ikusten du Panamaren historia zerbaitek baldintzatu badu, munduan duen kokaguneak baldintzatu duela.
Panama istmoa da. Eta istmoa pasabidea da, bi itsaso handi lotzen dituen bide laburra (80 km baino ez) eta bi kontinente handi elkartzen dituen zubia.
Lehen-lehen, istmorik ere ez zen. Duela milioika urte –bidaiaria galdu egiten da milioiez hitz egiten hasita, eta ez da xehetasunak ematen hasiko–, itsasoak hartzen zuen orain Panama dena, uharte batzuk besterik ez zeuden bertan. Indar bolkanikoek eratu zuten istmoa, uharteak mendi bihurtu –egun Panamako mendikate zentrala dena– eta ameriken arteko zubia eraiki zuten. Animalia espezie batzuk lurren arteko zubi berria erabiltzen hasi ziren bitartean, beste batzuk bereiz geratu ziren, itsaso batean edo bestean. Eta, ikertzaile zenbaiten arabera, istmoa eratze horrek ozeanoetan eragin zituen aldaketen –lehorteen, besteak beste– ondorio izan omen daiteke gizakiaren arbasoak Afrikan zuhaitzetatik jaitsi eta lurrean ibiltzen hasi izana. Baina hain atzera joan gabe ere badira kontu interesgarriak Panamaren kokagune berezi hau dela eta.
Espainolek Ozeano Bareko (Pazifikoko) kostan sortu zuten lehen bizilekua Panama Hiria izan zen, 1519an. Karibe Itsasoan, berriz, Portobelo sortu zuten ia 80 urte geroago, Kolonek berak aurkitu eta Porto Bello izendatutako tokian. Eta bien artean Erret Bide bat egin zuten, ipar aldetik (Atlantikoa) hego aldera (Barea) behar zituztenak eramateko, eta alderantziz, hego aldean sortutako eta harrapatutako guztia ipar aldera aise garraiatzeko helburuarekin. Diotenez, Amerikatik (Peru aldetik, batik bat) Europara bidaiatu zuen urrearen % 60 Erret Bide horretan barrena bideratu zuten. Esan bezala, laurogei kilometro baino ez dira, Hornos Lurmutur arriskutsuan barrena itsasoz ibiltzea baino erosoago, inondik ere; eta, gainera, bertan bizi zirenak esklabo hartuta, eskulan merkeaz baliatu ziren.
Panamak 1821ean lortu zuen independentzia Espainiatik, baina 1903ra arte Kolonbiarekin bat eginda egon zen. Laurogei urte horretan, itsasoak elkartzeko proiektua hor zegoen beti, tropikoko euriteak bezain egoskor egon ere: errepide hobea, trenbidea, ubidea…; estatubatuarrak, frantsesak, kolonbiarrak… 1848an urrea aurkitu zuten Kalifornian, eta harako bidean abiatu ziren askok eta askok espainolen Erret Bide zaharrean barrena zeharkatu zuten istmoa, Karibetik Pazifikorantz.
Trenbidea egin zuten aurrena, estatubatuarrek: 1855ean bukatuta zegoen, aurrekontua halako zortzi ordainduta. Mendearen bukaera aldera, berriz, frantsesek ekin zioten bi ozeanoak ubide batez elkartzeko proiektuari; itsasoaren mailako kanala egin nahi zuten, Suezen egin berria zuten bezala. Lesseps arkitektoa, Suezeko lanak zuzendu zituena, arduratu zen hemengoez ere. Trenaren proiektuan bezalaxe, tropikoak errukigabe zigortu zituen hauek ere (euriteak, beroa, gaitzak…); hura ez bezala, ordea, proiektu hau porrot izugarria izan zen.
1903an, Kolonbiatik bereizi eta egun batzuetara, AEBrekin egin zuen tratua Panamak, kanala eraikitzeko beste proiektu baten inguruan. Kanala estatubatuarrek eraikiko zuten (eskulan merkea bilatzen jakin zuten haiek ere, eta Karibeko uharteetako langileek egin zuten lan gogorrena), baina kanalaren erabateko kontrola eta inguruko lur zerrenda baten gaineko subiranotasuna ere berentzat gordeko zituzten, betiko. 1914an inauguratu zuten zorioneko kanala (esklusa sistema batez baliatzen dena, itsasoaren mailakoa egitearen zailtasunak ikusita), Panamaren XX. mendeko historiaren osagai ezinbestekoa izan dena. Kanalak gaur egun oraindik duen garrantzia izugarria da. Ikusi besterik ez dago zer-nolako bidesaria ordaintzen duten ontziek batetik bestera iragateko, Hego Amerika osoaren itzulia saihestearren (Panamax neurriko batek, esaterako, esklusa zaharretan kabitzen diren handienetakoak, 400.000 dolar inguru; eta aurten inauguratu dituzten esklusa berrietan askoz ontzi handiagoak kabitzen dira). Suezen deskontuak egiten dituzte azken boladan, trafikoa erakartzeko; Nikaraguan, Barea eta Atlantikoa komunikatuko dituen beste kanal bat egin nahi dute…
Panamako Kanala, bada, estatubatuarren esku egon zen XX. mende osoan. Baina, esan bezala, ez zen kanalaren kudeaketa soilik beren esku zegoena: 80 km luze eta 16 km zabal zen lur zerrenda izan zuten beren mende, ia 100 urtean zehar, hasierako akordioari esker. Panamarrek zona hori beren lurrak zirela erreibindikatu zuten denbora horretan guztian zehar, eta 1960ko hamarkadatik aurrera gatazka areagotu egin zen. Hildako batzuk ere izan ziren, 1964ko urtarrilean, esaterako, Panamaren bandera jartzen saiatu eta polizia estatubatuarrek tirokatuta.
Hala, 1970eko hamarkadaren bukaera aldera, eta Panamako estatuburu Omar Torrijos jenerala zela, negoziazioak egin ziren estatubatuarrekin –Jimmy Carter zen orduan AEBko presidentea–, eta Torrijos-Carter akordio sonatuekin bukatu ziren. Istorio bat dirudi baina historia da: 1977ko irailaren 5eko Air Panamako hegazkinean, akordioa sinatzera zihoazen panamarrekin batera, Graham Greene eta Gabriel García Márquez zihoazen, besteak beste. Torrijosen lagunak biak, ez zuten bisarik Estatu Batuetan sartzeko –lagun susmagarriak zituzten, nonbait, Moskun batak eta Habanan besteak–, baina ez zieten trabarik jarri, misio ofizial batean zihoazelako (bidaiaria pentsatzen hasia da hurrengoan horrelako zerbait asmatu beharko duela berak ere, munduko mugak trabarik gabe pasatzeko). Hantxe daude bi idazleen sinadurak, Noriegarenaren eta beste zenbaitenen ondoan, akordioaren agirien gainean. Beste 22 urte baino gehiago beharko ziren, halere, data hartatik, kanalaren korapilo itogarri hau askatzeko: 1999ko abenduaren 31n, eguerdiko hamabietan, Kanala, eta estatubatuarren esku ia mende batez egondako lur eremua ere, panamarren esku geratu ziren. Kanalaren historiak eta Panamako estatu modernoarenak bat egiten dute: Panaman indarrean dagoen Konstituzioari Kanalari buruzko Titulu oso bat (9 artikulu) erantsi zioten, 1994an. Eta historia horiek Erdialdeko Amerikako istmo-bide-zubi horren historia luzearen segida dira, inondik ere.
Bukatzeko, aipa dezagun berriro bi kontinenteen arteko zubia. Bada errepide bat –errepide sistema bat, zehatzago esanda–, Panamericana edo Carretera Panamericana izenekoa, Alaskatik Ushuaiara Amerika osoa korritzen duena. Errepide horrek 25.000 km baino gehiago ditu, baina eten bat du Panama eta Kolonbiaren artean: Darien-eko oihaneko etena. Bitxia, oso, errepiderik gabeko zati hori –bidaiariari hegazkina ostera harrarazi diona, preseski–. Zergatik dago eraiki gabe, hainbeste urtean? Hor eta hemen arakatzen hasita, hainbat arrazoi irakurtzen ahal dira. Aipatzen dira arrazoi teknikoak, gaur egun 100 km eskaseko oihan zati batean errepide bat egitea arazo gaindiezina balitz bezala. Aipatzen dira arrazoi ekologikoak, Darieneko oihan hori salbatzea helburu luketenak; eta horrekin batera aipatzen da bertan bizi diren emberá-wounan herrien bizimodua hondatzeko arriskua ere. Aipatzen dira arrazoi politikoagoak: ehun urte baino gehiago joan badira ere, Kolonbiarekikoak erre egiten omen du oraindik panamarren zaurietan, ez omen dago egoera Bogota eta Panama Hiria errepidez elkartzen hasteko moduan (egia esan, arrazoi batzuk beste batzuk baino irrigarriagoak egiten zaizkio bidaiariari). Eta, hainbeste aipatzen ez den arren, hor dago droga trafikoa ere, Hego Amerikatik Ipar Amerikaranzko bere bidean ondo asko hartuko lukeena etenik gabeko errepidea, baina kontrolatu nahi dutenentzat zailtasunak areagotzea lekarkeena. Azken batean, argi dagoena hauxe baita: gaur gaurkoz ez dago borondate politikorik errepide hori amaitzeko. Duela milioika urte naturak egindakoari laguntzeko, gizakiak ez du, oraingoz, inolako asmorik.
Eta honaino, bada, Panamako istmoaren historiaren gaineko zertzelada hauek –luzetxo, akaso, gaur ere?
Kaixo, Xabier,
Zer alde dago bi ozeanoen altueren artean?
Besterik ez.
Hogei zentimetro baino ez, Barea altuago Atlantikoa baino (dentsitate kontu bat duk, antza).
Kanaleko esklusen zertarakoa ez duk hori, noski. Esklusen bitartez ontziak 26 m igoarazten ditiztek (erdi aldeko mendien artean dagoen Gatún lakuaren mailaraino), eta gero jaitsarazi.
Hale ere, 20 cm gutxi zeritzoat. Ehunka metro zirela uste nian.