Isilik dagoenak asmatu

Isilik dagoenak asmatu, hala dio euskal esaerak. Eta Haunditzen zeranean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio dun, berriz, Xabier Letek eta Lurdes Iriondok elkarrekin idatzitako kantak. Ver, oír y callar ere entzuna du bidaiariak txikitan askotan, gaztelaniazko errefrau baten hasiera omen da. Apenas ikasi duen, ordea.

Panama Hirira iritsi da gaur, beste autobusaldi luze baten ondoren. Aspaldiko partez hoteletan, Airbnb-z baliatu da oraingoan lo egiteko lekua bilatzeko, eta bart egin zuen erreserba. Autobusa hirira iristen ari zela, baina, kezkatzen hasi da: aurrekoetan ez bezala, ostatu eman behar dionaren arrastorik ez du oraindik, hark ez ditu mezuak erantzun. Eta helbide zehatzik ez duenez, geltokira iritsi eta nora joan ez dakiela geratuko da, martxa honetan. Telefono zenbakia eskuratu eta deitu egin du: emakumea harrituta, “Qué raro que no me hayan avisado, no sabía nada; qué raro, qué raro”. Ordu erdi bat eskatu dio, gauzak argitzeko. Ordu erdira deitu, eta ez dagoela arazorik (garbi geratu da: mezuak hor zituen, baina irakurri gabe); baina bera lantokian dagoela, bostak arte ezin dela etorri, eta deus ez zekienez ez duela ezer prestatu.

Atarian eserita itxaron dio bidaiariak emakumeari, bostak baino lehen azaldu da. Apartamentuak –jakin nahi luke bidaiariak zenbat metro koadro dituen!– harri eta zur utzi du: badira aberatsak hemen ere! Bista ederrak ditu egongelatik, itsasoraino ikusten da. Konparazio bat egitearren, eta pittin bat esajeratuz, Panama Hiriko Mirakontxan emango ditu egun hauek bidaiariak –bista ez da, noski, Donostiakoaren parekoa, nola bada!

Airbnb. Panama Hiria.
Airbnb apartamentuko egongela, Panama Hirian.

Hizketan hasi dira, andreari ohea egiten laguntzen zion bitartean: «Está todo limpio, eh, solamente que como no sabía nada, la cama está por hacer; ahorita te la hago. ¿Me ayudas?».

Etxekoandreak kosta ahala kosta edredoi lodia jarri nahi zuen, eta bidaiaria izerdi patsetan. Kosta zaio baina ulertu du, bidaiariak: aire girotua piztu eta edredoi azpian sartu, horra tropikoko aberatsek ohean goxotasuna izateko duten modua. Kosta zaio baina ulertu du, emakumeak: aire girotua itzali eta maindire hutsa bota gainetik, horra Euskal Herriko bidaiari honek egiten duena bero denean, sargori eramanezina ez bada behintzat. «Y tú, ¿a qué te dedicas?».

Eta horrela, ez si eta ez no –nola gertatu den ere esaten ez luke jakingo–, ohea egiten lagundu eta gero etxeko wifia konpontzen (edo) aurkitu du bere burua bidaiari informatikariak. Haunditzen zeranean…, ez da aski handitu, itxuraz; edo ikasi beharrekoak ez ditu denak ikasi. Ez si eta ez no, andreak kaxatxo batetik atera du erosi berria zuen seinale hedagailu bat (wifi seinalea anplifikatzen duen gailu bat), eta “Me han asegurado que es muy sencillo, pero hay que saber configurarlo, seguro que tú sabes cómo hacerlo”. Dena bidaiariaren mesedetan, gainera, wifi seinaleak hari egokitu zaion logelara iristen baititu lanak –eta ez da harritzekoa, apartamentutxoaren neurriak ikusita.

Telefonoa isildu gabe ari da, bidaiariaren ilobaren egun berean izaki andrearen urtebetetzea!; eta hantxe ari da informatikaria, bakar-bakarrik, andrearen logelan ahaleginean –han baitauzka ordenagailua, routerra eta abarrak–, wifi seinalearen anplifikadorea instalatu eta konfiguratu nahian.

Erraza izango da, andrea, baina beti izaten da bainaren bat. «Apagar y encender, ya sabes, la solución de los informáticos cuando las cosas no funcionan». Itzali, piztu… eta ez zuela nahi, ez zuela nahi! Okerrena ez da, ordea, anplifikadoreak ez zuela nahi, gaitz erdi hala izan balitz: wifia bera da lan egiteari utzi diona halako batean, eta, seguru esaterik ez badauka ere, ezertan hasi aurretik ondo zebilela esango luke bidaiariak. Routerraren konfigurazioko izen-pasahitzak eskatzen ditu orain, eta andreak ez daki zein diren; bidaiariak are gutxiago, jakina. Eskerrak andreak urteak betetzen zituen eta lagun batzuen etxera joatekoa zen afaltzera, afaldu gabe bidaiaria geratuko baitzen bestela.

Ondorioak, hiru. Hasteko, bihar goizean hobe goiz jaiki eta etxetik lehenbailehen alde egitea. Bigarren, bidaiaria ere wifirik gabe geratu da hemen egongo den hiru egunetarako. Eta, last but not least, ikasi hurrengorako isilik egoten.

Oharra, bi egun geroago: Biharamunean, etxekoandreak teknikari bat ekarri zuen, eta martxan jarri zion berriz wifia (hutsetik instalatu behar izan omen zuen, berria balitz bezala). Ez zuen lortu, halere, anplifikadorea instalatu eta ondo konfiguratzea, ez dela routerrarekin bateragarria izango esan omen zion. Bidaiariak lasaiago egingo du lo gaur gauean.