B Atacamako basamortuan da, eta haren webguneko zerbitzuek (eta, beraz, blog honek) atakea jasan omen dute. Hona Hostinet-ekoek bidali dioten mezua (Bilboko enpresa izanagatik ez dute euskaraz egiten, .eus domeinuak saltzeko ez bada behintzat): «Su sitio web ha sido atacado y se ha incluido código malicioso en el código de su página web… Debido a esto, nos vemos obligados a bloquear el acceso a su web mediante el acceso con usuario y contraseña hasta que revise los ficheros indicados y elimine el código malicioso».
Horren ondoren, jakina, mezua dezente luzatzen da, azalduz zer egin beharko lukeen Bk hori dena konpontzeko eta beste eraso batzuk galarazteko. Uf!, basamortuan egunez bero egiten du eta gauez hotz; beroa ez da egokia lanerako, eta hotza gutxiago. Hauek ere bidaiaren zergak izango dira –Chungaráko lakura joan beharra baino jasangaitzagoak, baldinbaitere!
Bilbora dei pare bat (Skype-z, postaz kontuak luzatu egiten baitira), eta ematen du bloga behintzat badabilela (webgunea oraindik ondo ez). Zortzi bat orduz egon da erorita. Barkamena eskatu behar, beraz, blogoeton irakurle guztiei… eta berriro aprobetxatu eskerrak emateko hor egoteagatik.
Oharra: Bazkalondoan kafetxo bat hartzera joan da B, gosaldu duen toki berera, eta bere kamerarekin egin diote ongietorria: han utzia zuen, ahaztuta… eta batere akordatu ez goiz osoan falta zuenik ere, ditxosozko webgunearekin burua! Enfin!
Kaixo, Xabier,
Hi bai ataka man, batetik atera eta beste batean sartu.
Bazirudik horrela bizitzen garela, sortuz gure aukerak. Ez zekiat eremu horietako hautsak bizigai bihurtu diren, baina hik aurrera darraik. Hi inguru latz hori menperatzen hoala edo saiatzen haizela ematen dik. Bide berriak bai aurkitu dituk, bizia jokatuz bada ere. Eta jakintza baduk harremanetan sartzeko, naturarekin bat izan eta ezagutuz aldatzeko. Indarra baduk aurrera joateko, eta bertan dirauk. Hik, esan bezala, badakik zer ona duan edukitzea premiak betetzeko. Gu hemen ere saia gaitezke bide ona aukeratzen. Gu sortu gintuan bezala sortu zituan horkoak, eta horretan iraungo ditek beren aukerak eraikiz eta behin eta berriz jaikiz. Ibili bazabiltzak gertakizunekin ametsak egiaztatuz. Herri zahar horiek bide berriak irekiko ditiztek. Guztion lana beharko ditek bizitza edertzeko.
Baina ez duk esan Iquiquera hindoala? Non dago ba Atacamako basamortua?
Non hago, zer eremutan Alkizako bidaiaria, mendietan gora edo Iquiqueren oroitzapenetan?
Zabal bizi,
Patxi Angulo
Atakaz ataka, motel, halaxe duk… Ataken (edo atakeen?) ama izango duk Atacama, hori ere euskaratik, hara! (hemengoak kunzaz mintzatzen dituk, eta, turismo gidarien arabera, kunza dialekto bat duk, baina ez ditek argitzen zein hizkuntzarena). Gaur zetorrek Berrian, gainera, -ama bukaera duten toponimoei buruzko teoria bat, ez da hala?
Inguru latz hau menperatzen ari naizela diok, ba ote? Saiatzen bai, saiatzen nauk, horraino onartzen diat; baina saiatzetik menperatzera, Txileko ipar aldetik hego muturreraino baino bide luzeagoa zegok. Literaturaren gatza ematen zioat kontakizunari, hori duk dena, heuk hire iruzkinei bezala, besterik ez; bestela aspertu egingo zarete denok, honezkero ez bazarete aspertu.
Non nabilen galdetzen didak… Kantari jarraituz esango diat blogoetotan nabilela kantari, bakardadez josia, hitzen lihoa ahal dudan bezala iruten, neure barnean irauten, eta ikasten (oinazez ere bai, inoizka), beti ikasten. Eta, literatura alde batera utziz, esango diat Iquiquetik pasatu, pasatu nintzela, gaua eta egun osoa eman nituela bertan, eta handik Atacamako San Pedro herrira etorri nintzela, gaueko autobusa hartuta. Iquiquekoak ere kontatuko ditiat, lasai, blogekoak bizipenen atzetik zetozek beti.
Ondo segi,
X.
Kaixo, Xabier,
Badakik aipamen literarioek lotzen haute; Platonek esan zuenez, hitz idatziak preso baitaude, ez ditek defentzarik.
Baina zentzu batean egia dik; azken finean, arazo guztiak, era batean edo bestean, gainditzen ari haiz, dela mugetakoak dela garraioenak dela beldurrak dela istripuak dela bakardadea…
Egunekin halako nahasketa diat, duela gutxi Arican hengoen eta dagoeneko Atakamako San Pedron, bainu hartuta eta guztiz, eta bidean Iquiquen. Nabaritzen duk ez duala denbora galtzen.
Zabal bizi,
Patxi Angulo
Arrazoi duk, Patxi, kaotiko samarra duk nire kontaera, barkatuko ahal didazue! Baina bulkadaka mugitzen nauk, badakik, bizikletan ere ez omen zioat erritmo bati eusten, behin baino gehiagotan esan izan zidatek.
Bloga idazten hasi nintzenean ez nekian ondo zer izango zen azkenean, baina argi zegok bitakora moduko bat ez dela: egunen batean bidaia berregin nahi badut –paperean, esan nahi diat–, ez nauk gauza izango egunez egun non ibili naizen eta zer egin dudan zehazteko.
Segi ondo,
X.
Ez duk barkamenik eskatu behar; gehiago duk urruntasunetik eta geografiaren ez jakintasunetik hire kaosetik baino.
Hik segi gogokoak kontatzen eta guk segituko diagu gogoan bidaiatzen.
Zabal bizi,
Patxi Angulo