Kantatako Iquique eta udal hauteskundeak (1)

1907ko abenduaren 21ean, Iquiqueko plaza batean, Santa Maria eskola zenaren ondoan metrailatu zituzten langileak dezente ahaztuta daude. Bk behintzat ez du aurkitu, Interneteko bidaia gidetan, esaterako, sarraskia gertatu zen lekuari buruzko informazio zehatzik. Herrian galdetuta, baina, ematen du jende guztiak dakiela non egon zen eskola hura; garai bateko plaza osoa ikastetxe berri batek hartzen du orain.

Andere eta jaunak,
gatoz kontatzera,
historiak gogora
gura ez duena.
Ipar Handiko Iquique
hirian izan zen,
mendeko zazpigarren
urte ilun hartan,
hiltzearren hil zuten
panpatarra bertan,
hiltzearren hil zuten
panpatarra bertan.

Hitz horiekin hasten den kantata sonatuaren bidez ikasi zuten gertaera honen berri Bren kidakoek, 1970eko (edo 1980ko) hamarkadan. Kantata Luis Advis musikari txiletarrak konposatu zuen eta Quilapayún taldeak interpretatzen zuen batez ere. Bk ezin izan dio eutsi hitzen atarikoa euskaratzeko tentazioari; eta erronka da, erronka denez, ez baita erraza, neurria eta errima (nolabait behintzat) errespetatu nahi badira. Hobeto euskaratuta egongo da, agian, hor nonbait, baina Bk ez du aurkitu; bestalde, gaztelaniazko bertsioaren testua aise topatuko du, jatorrizkoa irakurri nahi duenak.

Sarraski hartan 2.000 langiletik gora hil zituztela ematen du, nahiz eta, horrelakoetan gertatu ohi denez –nola da posible!, hain zaila al da gorpuak zenbatzea?–, kopuru desberdinak aurkitzen ahal diren, bertsio ofizialeko 150 hildakoetatik hasita ingelesezko Wikipedian aipatzen diren 3.600etaraino. Langile horiek gatzu edo nitroaren ustiapen zentroetakoak ziren, salitreretakoak, eta greban zeuden; panpatar esaten zieten, panpan bizi zirelako, eta gizarte maila baxuenekoak ziren, txiletarrak baina baita perutarrak eta boliviarrak ere, asko eta asko (Iquique ere Pazifikoko Gerran bereganatua zuen Txilek, 28 urte lehenago, aurretik Peruko partea baitzen).

Sarraskia halako gertaera larria izanagatik, hauxe da herrian aurki daitekeena horri buruz: monolito ziztrin bat, ikastetxe berriaren ondoan, eta dozena bat poster Museo Regional delakoan. Wikipedian ere ingelesez, gaztelaniaz eta italieraz baino ez dago sarraskiari buruzko sarrera. Ehun urte bete zirenean, 2007an, abenduaren 21a nazio mailako dolu eguna izendatu zuen Bachelet-en gobernuak.

Iquiquen gaua eta eguna pasatzeko Bren arrazoi nagusia horixe izan da, Iquiquek bestela ez baitu gauza handirik ikusteko (hondartzak ere famatuak ditu, baina Antiguako Ondarretatik 400 m eskasera jaiotako batentzat, nola esan, asko eskaini behar du hondartza batek haren begiak liluratuko baditu).

Igandea da. Udal hauteskundeak Txile osoan. Hutsik eta itxita, Iquique itsusi bat aurkitu du Bk, ez daki bestelako egun batean nolakoa litzatekeen: kalean botata jende dezente, Arican ez bezala; Txilen sartu zenetik, estreinakoz hemen esan diote kalean kontuz ibiltzeko; museoak ere itxita, hauteskundeengatik; hondartzara joateko, lainotuta…

Hauteskundeengatik museoak itxita zeudela, museora joandakoan jakin du: kaka zaharra! Alde egitera zihoala, baina, baten bat sumatu du barruan, eta leihoan jo du, kax-kax. Ez zaio inor atera. Urrutiratu denean atera da gizon bat, museozaina inondik ere, usoentzako apur batzuk paperean bilduta, museoaren atariko arbolaren ipurdian botatzera. Une hori aprobetxatu, eta erasora jo du Bk berriro. Sarraskiari buruz museoan zegoena ikusteko interes handia zuela, eta egun horretan bertan alde egin behar zuela Iquiquetik; hauteskunde eguna zela, eta itxita zegoela, etortzeko asteartean (biharamunean ere itxita, museo gehienak bezala, astelehenetan). Kamerari erreparatu, eta galdera zaindariak: ¿Desea usted grabar? Hori bai ataka zaila, erantzunaren mende zirudien sartzeko aukerak… Sí, me gustaría hacer unas fotos. Eta orduan: Pase, le voy a mostrar lo que hay en el museo sobre la matanza de los obreros de las salitreras. B barrura sarrarazi eta giltza eman dio ateari.

Esan bezala, museoan poster batzuk baino ez daude (beheko argazki bilduman daude horietako batzuk). Zaindariak erakutsi dio Bri non zeuden posterrak, eta bakarrik utzi du gero. Amaitu duenean B zalantzan zebilen, eskupeko bat eman ala ez, baina susmoa zuen zaindaria ez zebilela horren bila sartzen utzi dionean. Eta gero izan duten elkarrizketak horixe baieztatu dio.

Bk galdetu dio ea Pinocheten garaian zer gertatu zen museoan informazio horrekin, eta galdera hori aski izan da gizona hizketan has zedin. Diktaduran debekatuta egon zen, noski, gertaera haiek gogoratzea, eta gero berreskuratu omen zituzten posterrak urte horietan ezkutatuta egon ziren biltegitik. B euskalduna zela jakin duenean, are lasaigo dantzarazi du mihia. Tipoa sindikalista zen, preso politiko ohia (eta harro aldarrikatzen zuen, gainera)… militante hutsa; maputxe herriaren borrokaz ere jantzita zegoen, eta, horretaz asko hitz egin ez badu ere, begikoa zuen: Son gente muy preparada. Labraña zuen abizena, eta ea euskal jatorriko deitura ote zen ere jakin nahi zuen, batek baino gehiagok hala esana omen zion: Bk ez du jakin erantzuten (gero ibili da bila, eta Lizarratik dator, antza, deitura hori). Azkenean, liburuxka bat opari egin dio Bri; Bk ez du gehiago zalantzarik izan, eta bostekoa eta eskerrak emanda alde egin du. Kalera irten denean, sartu aurretik eta argazki kamerari erreparatuz gizonak egin dion galderaren zergatiaz pentsatzen joan da.

Oharra: Beheko argazki bilduma ez da automatikoki bistaratzen, eragin egin behar zaio.

  • Etxeak. Iquique, Txile.
    Etxeak.

 

(jarraituko du)