Bidaia amaitzen, erantzunak aurkitzen

Berezi –eta nahasi– samarra, blogoeta hau. Zenbait pasarte ez dira berri-berriak, duela aste batzuk zirriborratuak zeuden; beste zenbait, aldiz, Buenos Aireseko aireportuan –eta Madrilerako hegazkinean bertan– idatzi ditu Bk. Bidaia amaitzear den honetan, ideiak eta gogoetak trumilka datozkio burura, eta idatzita utzi nahi lituzke…

***

Bidaiaren hasieran idatzitako sarreretako batean, erokeria honen zergatiaz egiten huen galde, eta erantzunak, etortzekotan, gero etorriko zirela hioen. Bidaia bukatzera zoak… Ezer aurkitu al duk? “Erantzunik ez bazegok, ez zegok”, hala esaten huen orduan, baina… Ez ote dago, ez ote duk ezer aurkitu, ez ote duk bidaian abiatzera bultzatu hinduten arrazoietakoren bat topatu, hain ibili luzean? Eta uste duk baietz, zerbait baietz. Beste kontu bat duk ea aurkitutako hori aski den, edo norentzat den aski. Inporta al dio horrek, ordea? Ez ote da aski hiretzat aski, hiretzat erantzun izatea?

Eten bat behar huen, eta uste duk badakiala orain zergatik: betikoan jarraituz gero ez huelako egin duana egingo. Pernandoren egia, esango dik batek baino gehiagok hori irakurrita –honezkero txorakeria hauek irakurtzen dituenik baldin badago behintzat–, eta arrazoia izango dik, zertarako uka. Baina hala duk, ez huen egin duana egiteko denborarik izango. Ez huen betarik hartuko egin dituan ibiliak egiteko, ezagutu dituan parajeak eta jendeak ezagutzeko, idatzi duan guztia idazteko, atera dituan argazkiak ateratzeko; ez dik ezer asko balioko, akaso, baina hiretzat balio dik eta nahikoa duk, ez al da hala? Eta, batez ere, ez huen hainbeste denbora emango hire gogoetetan bilduta, hausnarrean, barrura begira; buru-bihotzak zabalik, kanpotik eta barrutik zetozen ideia, estimulu, arrazoi, sentimendu, pentsamendu eta abarri erne.

Esperientzia honek erakutsi dik gai haizela egin duana egiteko (horrek berak ere zalantzak sortzen zizkian hasieran, egia esan). Gai haizela, ez antolaketa edo bidaiaren egunerokoak eskatzen dituenak egiteko soilik –eta hori bera ere baduk, uste baino buruhauste gehiago ematen ditik–, baizik eta hain denbora luzean bakarrik ibiltzeko, heure baitan bildua egoteko, eta, une txarrak izan direnean ere –ez dituk horrenbeste izan, halere–, aurrera egiteko. Urte askotako errutina apurtu duk erabat, eta errutina horri –errutina normal, seguru, bizpahiru egunetik behin motxila eginaraziko ez dian errutina betiberari– balio handiagoa emango dioala orain iruditzen zaik; akaso, onenean. Zer dugun, eta falta dugun arte ez dakigun horretaz jabetzeko ere balioko ahal zian seihileko honek; seguru baietz. Inoiz aipatua duk blog honetan, nola lagun batek esan zian heure burua oso ondo ezagutu behar huela egitera hindoana egiteko; ez dakik hala zen, baina orain zertxobait hobeto ezagutuko duk duela sei hilabete baino; seguru asko.

Bestalde, oso ariketa polita izan duk blogoeta hauek idaztea, heure buruari frogatzea gauza haizela egunero –edo bizpahiru egunetik behin– zerbait berria pentsatu eta adierazteko; argiago edo aldrebesago, zorrotzago edo kamutsago, baina adierazteko, idatziz adierazteko. Bidaian abiatu baino lehen hasi hintzen idazten, lagun batek esandakoari men eginez, baina ez hengoen batere konbentzituta aurrera egingo huenik zeregin honetan; eta, gainera, inoiz ez huen pentsatuko, orduan, idatziok izan diren bezalakoak izango zirenik ere. Baina tira, idatzi dituk eta hor zeudek, eta hor izango dituk aurrerantzean ere, hainbat eta hainbat bizipen gogoratzeko besterik ez bada. Egunen batean, batzuk berrirakurrita lotsatu egingo haiz, akaso; beste batzuek ez diate ezer gogoraraziko beharbada, ez haiz gai izango testuinguruan kokatzeko ere. Auskalo, batek zekik inoiz berrirakurriko dituan ere…

Bidaiaren beraren proiektuaz eta nondik norakoez ere badaukak zer hausnartua. Solstiziotik solstiziorako delakoa hiregan gero eta indar handiagoa duen zentzu estetiko batek sortua izango zuan, seguru asko: proiektua edertu egiten zuela irudituko zitzaian, osotasun bat ematen ziola (a zer txorakeria, pentsatuko dik, agian, batek baino gehiagok; konforme, baina heure txorakeria propioak dituk, allakuidaos!). Amerika helburu izateak, berriz, zerikusia dik, besteak beste, hizkuntzarekin: Laredotik Nuevo Laredora iragan hintzenetik gauzak errazago izan dituk, gaztelania menderatzeak arindu egin ditik bideko nekeak, eta, batez ere, askoz ere aberasgarriagoa egin dik bidaiaren esperientzia bera, edozeinekin edozertaz edonon mintzatzeko parada eman dian neurrian. Baina, eta hau duk garrantzitsuena, Amerikaren historia eta izatea bera zirraragarriak begitandu zaizkik beti, eta horretaz ikasteko modu ederra duk bidaiatzea. Eta zer edo zer ikasi dualakoan hago. Etxetik mugitu gabe ikas hezakeena baino gutxiago, agian; baina beste modu batean, inondik ere: oinetakoak urratuz, bideko hautsez zikinduz, eguzkiaren eta haizearen erredurak aurpegian nozituz, oso klima eta giro desberdinen laztanak sentituz, batzuekin eta bestetzuekin solastatuz, historiak utzitako zauri irekiez museoetan eta herrietako kaleetan jabetuz…

Sei hilabeteko epea laburregia duk hain bide luzerako, eta leku batzuetatik azkarregi pasatu haizen sentsazioa ezin duk burutik uxatu. Baina, bestalde, iruditzen zaik pasatu haizen herrialdeen ikuspegi orokor batez bederen jabetu haizela, eta hurrena nora etorri erabakitzerakoan izango dituala bestela izango ez hituzkeen irizpide eta heldulekuak. Denbora hobeto aprobetxatu ez izana ere hor dabilkik biraka kaskoan, toki gehiago ezagutzeko aukera galdu izana…; baina bistan duk ez dela berdin etxetik oporretan hamabost egunerako irtetea edo honelako bidaia luzeago bati ekitea, erritmoak ere desberdinak dituk ezinbestean.

Eta etenaren ondoren, zer? Lehengo bizimodua, segurutik, aldaketa handirik gabe… Baina pozik eta aurrera egiteko indarberrituta (kalitate oneko pilak izango ahal dira!), egitekoa eginda eta ikasitakoak ikasita.

***

Sei ordu pasa dira hegazkina Buenos Airesetik aireratu dela, denboraren erdia falta da, gutxi gorabehera, Madrila iristeko. Hodei artean jauzika dabil –turbulentziak direla-eta gerrikoak lotuta eramateko argitxoa ez da ia itzali ere egin hegaldi osoan–, Atlantiko gaineko parajeren batean (Bk ezin du sinetsi ere egin, baina David Bisbal du izena aparatuak: kulturan interesa, hegazkinen munduan ere!). Testu hau ezin du oraintxe bertan argitaratu, noski, baina asmoa da bere horretan argitaratzea, aukera izan bezain laster (hala ere, izango du ukituren bat edo beste oraindik, seguru!, blogeratu aurretik).

Hogeita lau ordu baino gehiago dira B Euskal Herrian dela, Gabon eguna da dagoeneko…