Robert Antelme, Marguerite Duras-en Samina-ko Robert L. pertsonaia –eta haren senarra, gainera, bizitza errealean–, Dachauko kontzentrazio esparruan aurkitu zuten hilzorian (F. Miterrand, gerora Frantziako presidente izango zena gidari zuen talde batekoek), gerra amaitu eta esparrua askatu zutelarik. Gerra zertxobait luzatu izan balitz, Antelmek ezingo zukeen, segurutik, bere esperientzia ikaragarri hura kontatu, Dachaun hilko baitzen. Baina, erdi-hilean bazen ere, atera egin zen, Parisera eraman zuten eta osatu egin zen (ederki kostata, Samina-n Durasek egiten duen kontakizun gordinaren arabera). L’espèce humaine liburuan eman zuen bere esperientziaren berri gero, giza espezieari buruzko hausnarketa sakona eginez.
Dachau gaur egun bisitatzen duen turistak urrunetik bizi ditu bizipen haiek, filmetan ikusitako irudiek blaitzen diote gogoa nahitaez, historia ofiziala baino ez du ezagutzen. Baina, hala ere, esparrua bost ordu luzez korritu eta burua hitzez eta irudiz ase ondoren, giza espezieari buruzko hausnarketa egitea besterik ez zaio geratzen. Nolatan gara gai gizakiok geure kidekoak ez-gizakitzat hartu eta edozein modutan erabiltzeko?
Herria zeharkatu, eta kontzentrazio esparru ohiaren aparkalekura iritsi da turista. Goizeko hamarretarako bost minutu falta dira, kanpaiak jo eta jo ari dira. Artean auto asko ez, matrikulei erreparatu die: I, NL, F, CH… D gutxitxo, aukeran, Alemanian gaudela kontuan hartuta. Irten denean, aldiz, arratsaldeko hiruretan, Alemaniako matrikuladun auto asko zeuden, esan beharra dago; eta, dena esaten hasita, webean egindako bilaketa azkar baten arabera, urtean 800.000 bisitari iristen omen dira hona, eta gehienak alemanak omen; bego, hala izango da.
Harreragunean informazioa hizkuntza askotan ematen dute, Alemanian oro har ez bezala; bisita gidatuak ingelesez eta espainieraz ere badira hemen, besteak beste. Eta esparruan zehar ibilitako denboran, alemana ez beste hizkuntza asko eta asko entzun ditu turistak (gidariei, esaterako, azalpenak ingelesez, espainieraz, frantsesez… entzun dizkie; alemanez, apenas ez), Alemanian egon den beste leku guztietan ez bezala (Bavariako Alpeetako Königssee laku zoragarrian, kasu bat aipatzearren, mundu osoko turistak ibiltzen dira, uda partean behintzat, eta egunero-egunero lakuan milaka lagun batetik bestera garraiatzen dituzten ontzien gidariek ez dute, beren azalpenak ematerakoan, hitzik ere egiten alemana ez den hizkuntzaren batean).
Dachauko esparruaren mantentzea eta kudeaketa Comité International de Dachau (CID) delakoaren esku dago, eta Bavariako gobernuaren finantzazioa jasotzen du. CID esparruko presonerek berek eratu zuten, esparrua 1945eko apirilean estatubatuarrek askatu baino lehen. Bere burua CIDeko kidetzat harro aurkezten duen gidari espainolari entzuten geratu da turista tarte batez: 1950eko hamarkadan krematorioa suntsitzen saiatu omen zen Bavariako gobernua, Dachauko herrigunetik gertu halako oroitzapen eta istorio latz eta itsusiak zekartzan zerbait nola edukiko zuten argudiatuz; baina ez zuen lortu, CIDek egindako presioari esker.
Gas ganberen kontuak ere atentzioa eman dio turistari. Dachaun, egon badago gas ganbera bat, krematorioaren ondoan, dutxa gelaz itxuratu edo mozorrotua, gainera, nahiz eta ikertzaileak ez ei datozen bat ganbera horren benetakotasunaz (zalantzak ugari dira, antza: esaten den garaian eraikia izan ote zen, dutxa gela izandakoa gerora estatubatuarrek aldarazia izan ote zen, eta abar). Dachauko ganbera hori, hala baldin bada, ez dago kamioien ihes hodiak erabiliz hiltzeko prestatua, gizakiak Zyklon B pozoitsuaz gaseztatzeko baizik; baina behin eta berriz azpimarratuko dizute ez dagoela frogatuta sistematikoki edo masiboki erabili zenik. Badira, omen, bertan preso egondako baten edo besteren lekukotzak, inor hiltzeko erabili zituztela diotenik, baina egun han kontatzen duten historia ofizialak behin eta berriz azpimarratzen du goian esandakoa, alegia, ez dagoela han erailtze masiboak egin zirelako ziurtasunik –excusatio non petita?–. Turistak ez daki Polonia aldeko Auschwitz edota Majdanek-en ere halako zalantzak aipatzen diren gas bidezko hilketen inguruan; baina, bestalde, ondo daki historia ofizialak horixe direla, ofizialak. Eta horrek denak pentsakor utzi du: zenbateraino ote den historia —eta ez istorio— kontatzen zaigun guztia, han zein hemen kontatzen zaiguna, hartaz nahiz honetaz kontatzen zaigun oro.
Halako batean, tripalarria egin eta komunera jo behar izan du, azkena irakurri duena buruan bueltaka oraindik: SSen bulego eta egoitza izandako eraikinak Bavariako antidisturbioek erabiltzen dituzte egun. Irten denean, komunak garbitzen, emakume bat topatu du, beltza: Arbeit macht frei, lanak askatuko zaitu… horixe etorri zaio gogora.