Peter Lindbergh, argazkilaria: modatik errealitatera.

"Peter Lindbergh: modatik errealitatera" erakusketaren kartela.
“Peter Lindbergh: modatik errealitatera” erakusketaren kartela.

Erakusketa itzela Municheko Kunsthalle-n, 2017ko apiriletik abuztura: Peter Lindbergh argazkilari poloniarraren –jaiotzez behinik behin, egun nazionalitate alemana duen arren– zuri-beltzeko andana batek (200dik gora) argitzen ditu erakusketaguneko horma zuriak, tamaina larri samarrean handituak gehienak, ederrak benetan. Ederrak argazkiak eta ederrak modeloak; Peter Lindbergh moda-argazkilaria baita, modaren argazkigintza XX. mendean irauli duen moda-argazkilaria, eta modeloak ez ezik, aktoreak, musikariak, artistak argazkiratu ditu azken berrogei urtean.

Modatik errealitatera: izan ere, erakusketaren informazio orrian dioen bezala, «apain jantzitako giza “soineko-eramaileak” erretratatu beharrean, benetako pertsonak erretratatzen baititu Lindberghek», adierazkortasunez betetako hezur-haragizko gizakiak –emakumeak, batik bat, dena esan behar bada–. Diotenez, ez du makillajea asko maite, ez da argazkiak egin eta gero ukitzen ibili zale; horrek ez du esan nahi, baina, argazkiak prestatzen ez dituenik, erabat espontaneoak direnik: moda argazkiak egiten ditu, ezin ahaztu. Lindberghek aurpegiak argazkiratzen ditu –eta pikorta, zaldar edo zimurrik baldin badute, leunez horiek disimulatzen lan handirik hartu gabe–, gorputzak, xehetasunak; begiratuak harrapatzen ditu, espresioak, sentimenduak. Eta beren horretan papereratzen dizkigu, haren aurreko moda argazkigintzan ohikoak ziren aurreprestakuntza eta postedizioen karga-itxuratzeak nabarmen arinduz eta gutxituz.

Argazkilari honek zuri-beltza erabiltzen du gehienbat bere argazkietan, zuri-beltzak, haren hitzetan, “errealitatea azaleratzen, pertsonarengandik benazkoena jalgiarazten laguntzen baitu”. Erakusketako argazki guztiz gehienak, bada, denak ez baldin badira, zuri-beltz finean inprimatuta daude, eta, esan bezala, tamaina handi samarrean asko eta asko. Bideoak eta instalazioren bat edo beste ere badira, argazkien lagungarri, eta, oro har, materiala ikusgai jartzeko erabilitako baliabideak askotarikoak dira; horrek egiten du –argazkien beren kalitateaz gain, jakina– hain berezi eta hain eder, egun gutxi barru itxiko duten erakusketa hau.

Erakusketan ikusten ahal diren argazkien edertasuna eta haiek sortzen duten zirrara hona ekartzea ezinezkoa denez, hona hemen, bukatzeko, Peter Lindberghen bi aipu, haren lanaren eta pentsatzeko moduaren erakusgarri xume:

Argazkilaria da hogei edo hogeita hamar urtean zehar bizitzaren aurrean jarrera bat duena, haren obran, haren lanean islatzen dena! Bestela, irudi-egile soil bat da.

Gaur egungo argazkilariaren ardura hauxe da: askatu emakumeak, eta, finean, edonor, gaztetasunaren eta perfekzioaren terroretik.