Fakultateko gradu aretoa mukuru bete da gaur eguerdian, pozik dira antolatzaileak. Ikasle jendeak bete du, gainera, oraingoan, baten bat mugitu den seinale; merezi luke zoriontzea, inondik ere.
Soziolinguistika Klusterreko bi soziolinguista hizlari, Eusle metodologia mintzagai. Metodologia horren bitartez, erdietsi omen dute emaitza onik azken urteotan: euskararen erabilera areagotzea lortu dute (gaztelaniarenaren kaltetan, noski), lantegi eta erakundeetako zenbait talde naturaletan. Metodologia sinpletzat aurkeztu dute, eta bi hilabete baino ez omen du irauten haren aplikazioak. Metodologia azaldu eta gero, taldea bi hilabetez esperientzia aurrera eramatera konprometitzen da; taldeko bizpahiru kide eusleak izango dira, eta horiek beti euskaraz egingo dute; gainontzekoek euskara ulertu behintzat egiten dute, eta beren konpromisoa txikia da: eusleei ez diete sekula eskatuko gaztelaniaz egiteko. Hiru mementotan neurtzen da hizkuntzaren erabilera, taldean: metodologia aplikatu aurretik, esperientzia amaitutakoan eta handik hiru hilabetera. Jasotako datuen arabera, euskararen erabileraren gorakada metodologia aplikatu eta gero da handiena, baina handik hiru hilabetera lortutako emaitzek argi erakusten omen dute erabilera hori ez dela hasierako parametroetara itzultzen, gorago mantentzen dela; eta horrek balio du, horixe baita helburua.
Hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela ezinezkoa, hori soziolinguistek helarazi duten mezua –inoiz ohitura horiek aldatu dituenak (bikotean, kuadrillan, lantaldean…) badaki zerbait horretaz: ezinezkoa ez, ez da; baina zaila, oso–. Eta hizkuntza ohiturak unibertsitatean aldatzen laguntzera letorke, bada Eusle metodologia, bide horretatik zer egin daitekeen aztertzea da helburua. Ongi etorria, bada, horretan lagungarri datekeen edozein ekimen.
Soziolinguisten aurkezpena amaitu eta gero, galderen eta eztabaidaren unea iritsi da. Hori prestatuta ekarri dute gazteek: aurrez taldetan antolatuak ziren galderak pentsatzeko, eta talde bakoitzetik ordezkariak luzatu dizkie galderok hizlariei.
Inposizioaz jardun dute behin baino gehiagotan ikasleek galdera horietan: Egokia da zenbait jardueratan euskara inposatzea? Euskara inposatzea onuragarria al da hizkuntzaren sustapenari begira? Zilegi ote da euskara inposatzea —exijitzea, izan da, akaso, kasu honetan erabili duten hitza– administrazioan lanpostu bat izateko?
Unibertsitateko ikasleak dira, 18-22 urtekoak, euskaldunak, euskara taldeetakoak. Janda ote daukate euskara inposatzen ari garelako diskurtsoa? Barruraino sartzen ari ote da diskurtso hori gazteengan ere? Hala esango litzateke, galde horiek beren kezken adierazgarri diren neurrian behintzat.
Soziolinguistetako batek adibide pipertsua jarri die, galdera horietako bati erantzuten hasita. Inposaketa batzuetan berezkoa –noraezekoa– dela ilustratu nahian, bi ezpeletar eder ekarri ditu aretora: «Demagun datorren ikasturtean Ezpeletako bi neska eder azaltzen zaizkizuela ikasgelan, Erasmus programa dela eta. Ezpeletarrok gaztelaniaz, tutik ez; zuek frantsesez, berriz, ez tu-ka ez vous-ka. Euskara berez inposatuko litzateke egoera horretan, ala?» Komunikatu nahiak, beharrak obratuko luke –onenean– mirakulua, eta ordura arte gaztelaniaz aritutako taldea euskaraz hitz egitera emango litzateke.
Murmurio irribarretsu batek blaitu du aretoa, entzun egin zitekeen bertara heldu berriak ziren bi piper gorri haiek sortutako ikusmina. Euspeleta metodologia asmatuko beharko digute, bada, Soziolinguistika Klusterrekoek, gizartean bere lekua hartzen ari den diskurtso horri aurre egin, eta inposizioaren nondik norakoen pertzepzioa irauliko bada!