Ahozkoa idatzian nola eman

Goizeko zortziak jotzen ari dira Alkizako elizako kanpaiak. Aurreko hiru larunbatetan bezala, ordua du abiatzeko, Iruñera garaiz heldu eta ikastarora punttuan iritsiko bada. Hasieran uste zuen gogorrago egingo zitzaiola, gehiago kostako zitzaiola aste osoa lanean eman, eta larunbat goizean autoa hartu eta Iruñerantz abiatzea; baina aurreko hirurak ia akordatu gabe joan zaizkio, eta hauxe du azkena, gaurkoarekin amaituko baita errealitatea kontatzeko manerei buruzko ikastaroa.

Iñigo Astiz izango dute gaur irakasle, eta hark idatzitako txostenekoak ditu gogoan giltza sartu eta motorra abiarazteko unean. Aurreko egunetako hego haizea aldatu eta negu giroa dago iragarrita astebururako. Iñigo Astiz, ahozkoa nola testuratu, horixe gaur aztertuko duten gaia. Errealitatea kontatzerakoan, ahozkoak garrantzi handia har baitezake askotan.

Larunbat bateko goizeko zortzietan eta hirurehun bizilaguneko herri txiki batean, oso-oso probabilitate txikia dago furgonetarekin kantoi batetik pasatzera joan eta elizaren atzeko karkaba estutik beste auto bat batere begiratu gabe bidera irteteko: eman behar izan duen balaztadak burutu du gosaritarako hartu berria zuen kafeak artean burutu gabeko lana. Erabat esnatzearekin bat, Iñigo Astizen txostena eta aurreko irakasleenak biltzen zituen karpeta ere lurrera joan dira kopilotoaren eserlekutik, eta haiek jasotzera geratu behar izan du gero, balaztada arrastoetatik 100 metrora edo.

Aldapa jaitsi, eta, Asteasutik datorren errepide nagusiagora ateratzerakoan, gizon xahar bat irten zaio bidera, besoak jasota, eskuinekotik zintzilik makulua; autostop ia galduaren aurreko keinu bat, noski, besoak jasotze hori, sekula autostop izenekorik egin gabeko baserritarrek norabait joan behar eta auto baten premia dutelarik egin ohi dutena –Euskal Herrian zein Kuban.

Villabonara eramango al nauzu?, Bai, gizona, sar zaitez, Izan ere, nik ez dakit zergatik, baina dena kanbiatzen dute larunbat eta jaiegunetan, eta ez dakit zer ordutan izaten den autobusa gaur… Astean zehar, bai, zazpiak eta laurden, zazpi  t’erdiak aldera izaten duk, baina larunbatetan arrastorik ez, motel, dena kanbiatzen ditek, ez zekiat zergatik egiten duten hori.

Ahozkoa idatzian nola eman, hortxe koxka… eta Astizen txostena irakurtzen bukatu gabe, ai, ama!, juxtu bukaera aldera zetozen “trukoak”. Asmatuko ote du gizonaren jarioaren bizi-koloreak batutik asko aldendu gabe testuratzen? Elkarrizketak Saramagok egin ohi zuen moduan ematea egokia ote da kronika hauetako bat idazteko? Gizona nekez dabil furgonetara igotzeko, baldartuta dago, urteak ere bai –Iruñera errepide zaharretik kilometroak baino gehiago, seguru–; lortu du, baina, eta eseri da azkenean, ikastaroko apunteen karpetaren gainean ia-ia, blast! Txikitatik ezagun duen baserri usaina zabaldu da furgoneta barruan, oharkabean desagertzen ari zaigun mundu baten lurrina: Egun on, jainkoak, Baita zuri ere, lotzazu gerrikoa, mesedez, bestela isuna jarriko digute-eta gerarazten bagaituzte. Burua atzera jira eta, gerrikotik gabe, furgonetako errezeletatik tiraka hasi da gizona, gerrikoaren uhala zein zen antzeman ezinik: Hortik ez, gizona… zaude, zaude, lagunduko dizut. Esku frenoa tinkatu, eta beste aldeko ate aldera abiatu da gidaria. Ez da posturarik erosoena inori segurtasun gerrikoa lotzen laguntzeko, baina lortu du sikiera uhalari tira egin eta gizonari haren muturra eutsi diezaion eskuratzea, gero atzera txoferraren aldera joan eta handik lotzen bukatzeko.

Abiatu dira, azkenean, Villabona aldera. Aldameneko eserlekuan, hankartean eusten dio gizonak makuluari, behinola Aita Donostiak kantak bazekizkiela-eta ekarrarazitako emakume hark guardasola nola. Ez dago, bistan da, bidea isilik egiteko prest: … baserrikoa nauk. Txoferrak ez dio ulertu baserriaren izena, hara galtzen ari garen mundu horren beste ezaugarri bat: inguruak ezagutzea, etxeen izenak, etxe horietako bizilagunak eta beren artekoak, zuhaitz, txori, bazterren deiturak… Asteasukoa, orduan? Bai, … baserrikoa, Ni Mendikoetxekoa nauzu, Alkizakoa, Koño, etxe ederra, frontoi ondokoa, ezagutzen diat, bai!, Egunero egiten diat buelta Villabonara, goizeko estreinako autobusean etortzen nauk, 89 urte bete ditiat —ochenta y nueve— joan den hilean, Bejondeizula… eta zer egiten duzu goizero Villabonan ordu horretan? Gerrikoari antzeman ezinik zebilela ohartua zen gidaria gizonak eskuineko begitik ez zuela batere ikusten, eta gorreria ere galanta duela egiaztatu du orain: galdera erantzun gabe geratu da.

Makuluari tinko eusten dio gizonak Villabonako errepideko errebueltetan, konfiantza handiagoa ematen dio inondik ere makilak gerriko aldrebes horiek baino. Iloba joan zaiguk joan den astean, zulo ederra utzi dik, pena handia zegok gurean. Vaya! Bai, motel, estutu egiten arnasa… ezin airerik hartu!, aurrena Tolosako ospitale horretara eraman zitean, Asunción-era, eta han ez zuela aurrera egiten, eta Donostiara gero; hantxe bukatu dik. Gaztea? Ez, 81 urte… baina hemen nagok ni, dezente zaharragoa, eta… hiltzeko batere gogorik gabe, oraindik behintzat! Dio barrez.

Villabonan sartzen ari dira, laburra zen egin beharreko bidea. Edozein tokitan uzteko esan dio gizonak, bera moldatuko dela handik aurrera: Kortau bana hartuko diagu, uztak hementxe bazterrean autoa pixka batean, Ez, gaur ez, estimatuta dago, baina Pamplonara noa eta berandu nabil, hartuko dugu beste batean, Tira, ba, ea noiz egokitzen garen berriz eta kafetxo bat hartzen dugun elkarrekin. Autoa gelditu, esku frenoari eman, eta beste aldeko atea zabaltzera joan da txoferra. Gizonari jaisten lagundu, adio esan, eta berriro furgonetara igo da.

Hura bere munduan utzi, bere eguneroko bueltaren patxadan, eta Iruñe aldera abiatu da “berriz”. Zortziak eta hogeia jota daude dagoeneko, eta berandutxo dabil ikastarora garaiz iristeko. Haren munduan ez bezala, presa du ohikoa berean, eta Leitzarango autobidean gora zanpatu beharra izango du oraingoan ere, Iruñera tenorez iritsiko bada.

Pasadizo xumea, ikastaroa amaitzeko eskatu dieten kronikatzat balioko ote duen ez dakiena. Kronikagileak lekuko izan behar omen du, ez protagonista; eta, agian, horretan huts egin du idazleak, nahiz eta hirugarren pertsonaren bidez protagonistaren lekutik aldentzen saiatu. Villabonara goiz-pasa doan gizonaren istorioa eta ikastarora doanarena gurutzatu dira kronikatxo honetan, gizonaren jarduna bidaiaren kontakizun soilean txertatzea bihurtuz erronka kronikagilearentzat. Irakurleak –edo saio hau zuzenduko omen duen irakasleak– esango du noraino asmatu duen.