Literatura eta sorkuntza: oro berri bat

Deus ez da ezerezetik sortzen. Eleberrigilearen “ideiak” nonbaitetik datoz. Baliagarri zaigu honetan Gary Snyder poetak idazteari buruz proposatzen duen irudi ia antipoetikoa. Idazlearengan hainbat gauza sartzen dira, pilaka, ez soilik koadernoan jasotako oharrak, baizik eta egunean zehar, egunero ikusi, entzun eta sentitutako guztia: zabor pila bat, kondarrak, orbela, patata ernamuinak, orburu zuztarrak, basoak, kaleak, errebaletako logelak, mendiak, ahotsak, oihuak, ametsak, xuxurlak, usainak, kolpeak, begiak, urratsak, keinuak, esku baten ukitua, gaua urratzen duen txistua, haur baten gelako horman proiektutako argi baten angelua, ur zikinetan aurrera dagien aleta bat. Hori guztia metatzen da poetaren ongarri ontzi pertsonalean, eta han nahastu egiten da, bateratu, eraldatu; umeldu, usteldu, ugaldu, humus bihurtzen da. Baina handik gero sortzen dena ez da orburu zuztar bat, patata ernamuin bat, keinu bat. Zer berri, oro berri bat da. Zer asmatua da.

Ursula K. Le Guin, The wave in the mind, talks and essays on the writer, the reader and the imagination. 2018.
(Gaztelaniazko ediziotik euskaratua: Contar es escuchar. Sobre la escritura, la lectura y la imaginación. Círculo de Tiza, 2018. Itzulpena: Martín Schifino)