Hitzartutako ordua ez zen artean, ate joka sentitu ditudanean: bi gazte ziren, gure etxe zaharraren EITa (Eraikuntzen Ikuskaritza Teknikoa, 50 urtetik gorako eraikin guztiek pasatu beharrekoa) egitera zetozenak.
Sartu orduko, galderak etorri dira: Etxe honetan 70 urtetik gorako zenbat lagun daude erroldatuta? Hormetan-eta, hezetasun arazorik? Hobi septikoa duzue ala herriko kanalizaziora bideratzen dira ur zikinak? Su itzalgailurik? Urteroko azterketa egiten diezue? Instalazio elektrikoak badu lur konexiorik? Teilatuan, isolamendurik? Nolakoa? Zenbat zentimetro lodi? Egongelako zoruaren azpian (beheko solairuan), zer dago? Hormigoia soilik ala nolabait isolatuta dago?
«Hauek ikuskaritza gabe “galdekaritza” teknikoa duk egiten dutena, alajaina!», horixe bururatu zait, galderok, sinetsi ezinik ia, erantzuten ari nintzela. Lehenengoa, tira –etorri berriek ez zuten zertan jakin, noski, nor bizi zen ikuskatzen ari ziren etxean–, galdera egokia iruditu zait; baina, beste guztiak? Ez al ziren, bada, berak, teknikariak, adituak, horretan jarduten direnak eta horretara propio etorritakoak? Nik zer erantzun, huraxe apuntatzen zuten, eta horixe ageri da, noski, handik hilabetera-edo etxera bidali duten txosten teknikoan. Ez zuten nire erantzunetako bat bera ere zalantzan jarri, ez zuten esandako deus egiaztatzeko lanik hartu: bejondeiela!
Bi gazte: bata, arkitektoa; bestea, aparejadorea, noski… edo laguntzailea, besterik gabe. Batak metroa eskuan, besteak koadernoa (eta boligrafoa). Galdera sailaren ondoren, neurtze saioa etorri da: etxeko leiho guzti-guztiak neurtu dituzte (metroarekin zailtasunen bat baldin bazegoen, lekuak makurtzea eskatzen bazuen, esaterako, laserrezko neurgailua erabiliko zuten), eta neurriekin batera beira bikoitzekoa ala bakunekoa den apuntatu dute. Horrexetan eman dute denbora pittin bat, horrexetan joan zaizkie etxean guztira pasatu dituzten hogei minutuetatik hamasei. Teilatua ere ikusi nahi izan dute, eta igo ahal izateko zerbait –aulkiren bat, mesedez?– eskatu dute, nola ez!: herri honetako “profesional” askori bezala, eskailera etxekoak atera behar izan die hauei ere. Azkenik, argazki batzuk hartu (eta eraman) dituzte, etxean zehar zokomiran egin duten ibili laburrean: hortik, akaso, “ikuskaritza” hitza; “ikuxkuxkaritza” ere izan zitekeen, baina.
Hogei minutu, ia 500 euro!; eta ez zen aurrekonturik garestiena, baziren-eta garestiagoak eskatu genituenen artean. Hiritarren patrika zukutzeko asmatu duten azken sistima, hauxe. Autoa ikuskatzera eramaten duzunean (IAT, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) behintzat, ikusten dituzu han aparailu eta makina batzuk martxan, nozitzen dituzu astindu ederrak auto barruan zaudela, probarazten dizkizute argi, freno eta abarrak…; zure autoak bidaiarien segurtasuna kolokan jar dezakeen zerbait larria balu, harrapatuko luketela esango zenuke. Inori ez zaio gustatzen, badakigu, agin diezaioten hau edo hura konpontzeko, inork ez du gustuko esan diezaioten oker dagokeena zuzendu arte ez duela berriro autoa erabiltzerik. Eta horretaz baliatzen dira, bistan da, EITak goian azaldutako profesionaltasun gutxienez zalantzagarriz egiten dabiltzanak, bai baitakite ez garela kexu agertuko inon: ez behintzat txostenean zehazten ez diguten bitartean hormetan hezetasun gehiegizkoa edo etxearen fatxada zartatuta daudela, eta ezinbestekoa dela konponketak egitea.