Aurtengo Korrikak klikaren leloa eraman du izenean bertan, digitalaren bidea hartu du irudi, euskara egoera hobe baterantz bultzatzen laguntzeko.
Klika eta korrika hitzen errimatik abiatuz, puntuka erantzun dio bertsolariak, zurezko lekukoak, Euskal Herri osoa korritu ondoren, bere altzotik askatu eta aireratu duen mezuan. Lujanbiok eutsi egin dio mezuan digitalaren bideari, eta, euskarak behar lukeen egoera irudikatzeko, normal-normal txertatu ditu testuan duela urte gutxi zibernetiko zoro batzuen terminoak baino ez zirenak. Euskara ez dela euskararen gauzetarako aplikazio soil bat gogorarazi digu, eguneratua eta software librekoa izan behar duela, eta elikatzera eta instalatzera egin digu gonbit; memoria handiko herri honen sistema eragilean (letra larriz testuan) behar duela euskarak adierazi du, prentsa osoari titularrak eginda eskainiz. Gigak eta datuak ere ez zaizkio ahaztu, katu, sarde eta mantalekin batera, euskarak nonahiko behar duela aldarrikatzerakoan.
Zibernetiko zoro horietako batzuei hainbeste urtetan zehar terminologiaren arloan egindako lana etorri zaie gogora, Neolitoan hitz egiten omen zen hizkuntza haren egungo aldaera teknologiak eskatzen duen mundu kontzeptuala adierazteko ere gai bihurtzen egindako ahalegina. Eta harrotasunez eta pozik egiaztatu dute bertsolariak aukeratutako irudiak oso ongi transmititzen ahal duela haren buruan zegoena, terminoaren gardentasunak mesede egiten diola komunikatu nahi zuena komunikatu eta mezuaren jasotzaileari helarazteko –nahiz eta jasotzaile horietako askok eta askok batere ez jakin, esaterako, sistema eragile bat zer den.
Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Sistema eragilea, eragiten duen zera. Windows, Linux, Android, macOS, iOS… Egin, eragin, eginarazi. Gu, zuek, haiek. Datozenak. Erakundeak, alderdi politikoak, komunikabideak. Neskenegunak. Eskaini eta eskatu. Eskatu eta eginarazi! Euskarak batuak eta euskara batua. Dena ukitu du Lujanbiok mezu ezinbestean laburrean, maistraki ukitu ere, Gasteizko Andra Mariaren plaza gogo biziz eta, batez ere, bizi gogoz koloreztatzen zuen jendetzaren aurrean. Hitzez eta kantuz, gako jakingarriak aipatu ditu, baita lerro artean irakurri nahi duenarentzat ere.
Klik batek beste egoera batera eraman gaitzake. Klik batez beste mundu batera hegalda gaitezke; halaxe gertatzen da, maiz, nabigatzailean klik egin, eta geunden lekutik beste batera aldatzen garelarik. Bistan da euskarak klik bat behintzat behar duela –klik baten indarra, klik baten magia–, dagoen bidezidorretik irten eta errepide zabalago batera lekualdatuko bada. Klik bat ez ezik, baita klak bat ere. Eta klik birtual bat gabe, klik erreal bat, gauzak aldatu eta norabide hobean jarriko badira.
Ederra Lujanbiorena eta ederra zure “posta”.
“Sistema eragilea” behin finkatuta ea “bitarra” finkatzea lortzen dugun, gero eta gehiago ikusten ari naizen “binarioa” aurrean!
Ederra, bai.
Iradokitzaile, jolasgura eta motibatzaile da Lujanbiorena. :-))
Diozuen bezalaxe “normal-normal txertatu ditu testuan duela urte gutxi zibernetiko zoro batzuen terminoak baino ez zirenak”.
“Neolitiko” garaiko termino horiek ez dute 40 urte, eta normal-normal erabiltzen du poetak… bai, hau da hau informatikako euskararen erabilera zabalaren garaipena. Pozgarria… eta pizgarria!
Baina mezua ez da horrekin bukatzen. Ez, beste hamaika gai landu ditu mezuan:
– Dena du egiteko euskarak dena du egiteke. (informatikan erre bai, noski)
– erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek… eta hala ere korrika egiten dugu
– Etorkinak.
— Datozenei ere eman euskaraz ostatu…
— … Sei kontinenteetatik guganatuak
— … elebestaratuak (zelako hitz berria 🙂
— … euskararatuak
… ehunka milaka bizitza eta gogo euskarak batuak (definizioa?)
Mundiala.
Eta uste dut oraindik ez diodala atera fruitu guztia.
Ea mezu-forum kolektibo bat egiten dugun!
Mezuko iradokizun ezkutu gehiago azaleratzeko edo.