Hiru egun bizikletan, Nafarroan zehar (eta III)

Gaur are goizago hartu duk bizikleta; egunetik egunera hobetzen, nonbait.

Belateko errepidea txarra duk oso bizikletan ibiltzeko –bestela ere ez dik fama onik–, gune askotan bazterbiderik ere ez zegok eta. Miarritzeko G7-a dela-eta ez zela trafiko handirik ibiliko esan ziaten bart ostatuan, baina ez ditek asmatu, edo hiri behintzat trafiko handi samarra dabilela iruditu zaik; autoak ez ezik, kamioi galantak ere bai, aurreratzen dutenean atzetik xurgatuko hautela ematen dutenak. Errepide horretatik egin beharreko bederatzi kilometroak hemeretzi iruditu zaizkik, baina iritsi haiz, azkenean, Eugi aldera hartu beharreko bidegurutzera.

Egozkueko errepidea, goizean.
Egozkueko errepidea, goizean.

Aspalditik huen gogoa Anue eta Esteribar lotzen dituen errepide hau ezagutzeko, eta iritsi duk eguna. Belateko errepidea utzi duanetik, bizikletan ibiltzea gustuko dugunon errepide ametsezkoan sartu haiz: errepide estua, zoru leunekoa, batere trafikorik gabea, garai bateko ingeniariek errepideak trazatu ohi zituzten bezala trazatua –zaldi gutxiko ibilgailuentzat… eta pertsonontzat–, xuabe igotzen dena, itzala doan eskaintzen duten zuhaitzek ezker-eskuin zaindua… Horrela, behintzat, Egozkue herriraino. Handik aurrera, berriz, lehen bezain polita izaten jarraitzen dik –pagadi eder askoa, hona itzuli beharra zegok udazkenean!–, baina, lagun batek esango lukeen gisan, “malda polit” bihurtzen duk eta ahalegin handixeagoa eskatzen dik: hiru kilometro eta erdi (% 6-7ko malda) egin, eta herriaren izen bereko gainean jartzen hau, ia 900 metroko altueran.

Jaitsieran Iragi topatu duk, beste herri txiki bat –2007an 21 bizilagun baino ez–, Esteribarreko parte dena. Ez hekien, baina gero bazkaldu duan tabernako zerbitzariak esan dik badirela oraindik euskaldun zaharrak –zaharrak– Iragin, eta Baztanen egiten den euskararen modukoa egiten dutela, gainera –ez dituk asko geratuko, zoritxarrez; mendatearen beste aldeko Egozkuen, berriz, ez omen dik aditzea euskaldunik badenik–. Iragitik behera zikloturista dezenterekin egin duk topo, haiek gora eta hi behera; paraje paregabea, bizikletan ibiltzeko.

Egozkue.
Egozkue.

Hamaikak baino lehenago Eugiko urtegiaren presan hintzen. 1970eko hamarkadaren hasieran inauguratu zen urtegi honek ez zian, beste askok bezala, herria urperatu, eta orain, gaur bezalako haizerik gabeko egunetan behintzat, herriko etxeek ur gainean marrazten duten islaz goza daitekek presatik bertatik.

Eugiko urtegia.
Eugiko urtegia.
Kintoko pagadia.
Kintoko pagadia.

Handik aurrerako bidea ezagun duk: Kintoan barrena Artesiagako gainera igo, eta handik Iruritaraino jaitsi, aldapa luze eta tarteka sigi-sagatsuan.

Atzo eta herenegun baino kilometro gutxiago zirenez gaur, eta goizago mugitu haizenez, ordu baterako mokadu bat hartzen ari hintzen Irurita eta Elizondo arteko Frantsene ostatuan. Kafea hartu eta gero, eta sargori izan arren –eulirik ere ez zuan sentitzen bazterretan, harrizko etxetzarren ilunpeetara sartuak izango zituan babes eske–, alferkeria alde batera utzi eta Arizkuneraino iritsi haiz, hiru eguneko bizikleta txango hau hantxe amaitzeko asmoa baihuen.

Ostirala duk eta oraindik asteburu osoa geratzen zaik, bizikleta albo batera utzi eta aspaldi bisitatu gabeko Baztan aldeaz beste behin disfrutatzeko. Hogeita batgarren mendeko turismoaren garroek Baztan ere atxikia duten arren, bai baitakik, Xorroxinen edo, Baztan ez bada ere, hurbileko Bertizen ez bezala, Beartzundik Argibelera doan xendrari ekiten badiok, esate baterako, ez duala bidean jende anitz topatuko, Harrikulunkaren ondoan etzan eta bakar-bakarrik egoteko modua badela oraindik ere… Eta eskerrak!