«Esperoa ulertzeko, esperoa habitatzeko modurik behinena da artea oro har, literatura partikularki, eta esperoa bizitzeko, esperoa ulertzen saiatzeko modu desberdinen elkarrizketa da itzulpena.
»Penelope gara geuk jositako tapiza geu desjosten.
»Esperoan segitzen dugu, Herio etorri eta haren begietan gureak ikusi arte.»
Anjel Lertxundik argitara eman duen azken liburu mamitsutik (Itzuliz usu begiak, Alberdania 2019) atera dut goiko paragrafo segida ederra, non artea, eta literatura bereziki, seinalatzen baititu Esperoa –Bizitza: Heriotzaren itxaronaldia– ulertzeko modu nagusitzat, itzulpenari emanez esperoa ulertzeko modu desberdinen arteko zubi lana.
Esperoan segitzen dugu izeneko atalean, zeinaren bukaera baita hona aldatutako pasarte hori, literaturak itxaroteari eskainitako zenbait obra aipatzen ditu: besteak beste, Kafkaren Gaztelua, Kavafisen eta Coetzeeren Barbaroen zain (izen bereko poema, greziarrarena; eta eleberria, hegoafrikarrarena), Borgesen Esperoa ipuina, eta, nola ez, Becketten Godoten zain antzerki lana.
Liburu mamitsu bezain interesgarria, Lertxundiren azkena, gogoeta sakon eta erreferentziaz betea; guztiz gomendagarria literaturazale guztientzat, itzulpenak –erdaretatik euskararakoak nagusiki– gure sistema literariorako duen garrantzi hil edo bizikoa azpimarratzera datorrena. Bi egun eskasetan erdia irentsi dut (eta ia 400 orrialde ditu), eta ezin izan diot eutsi hemen aipamen hau egiteko gogoari. Animatu eta irakurri, ez zaizu-eta damutuko.
Eskerrik asko gomendioagatik! Irakurriko dut bai horixe!