Zenbait argazki, laburrean

Zuloak autobidean

Esnatu zenean –kopilotua–, autoa lurrean zen berriz.

Uztarrian bertsotan

“Marineroooo, Marinerooo…” aditzen zuen turistak bidetik, hurbildu ahala. Uztarria atzetik zekarren itzainak, hegal zabaleko kapelak babesten zuen eguerdiko galdatik. Ildo luzea burutu eta soro ertzera iritsi delarik, turistak oihu egin dio:

–Zein duzu Marinero, gizona… beltz hori?
–Ez, gorria… Beltza Majadero da.

Zer hintzen eta non hago!

Ez itzultzeko inoiz, inoiz zoriontsu izandako lekuetara: hala dio poetak.

Viñalesek –Kubako Pinar del Río-ko probintziako haranak– eusten dio oraindik zuen edertasunari, eta aski da herritik pixka bat aldentzea inguruaz eta parajeaz gozatu ahal izateko. Baina Viñalesek –herriak– ez ditu bidaiariak oroimenean gordeak zituen kolore-zaporeak. Kolore eta zapore haiek zituen argazki lausoan, Viñales ez da Cusco Perukoa; ez da Antigua edo Livingston Guatemalakoak; ez da Trinidad Kubakoa; ez da Yangshuo Guangxikoa; ez da Ubud Balikoa; ez da Cartagena Kolonbiakoa ere… Argazki hartan, Viñales beste zerbait da.

Turismoak –turiston jardunak– erabat eraldatu du Viñales, onerako zein txarrerako; bere izateari utzi eta datorrenaren peskizan dirauen herri bat bihurtzeraino: etxero-etxero, ostatua; atero-atero, taberna edo jatetxea. Poetak aipatu denborak egin du bere lana hemen ere, altxatu du ilusioak tupust egingo duen murrua.

Zure presentzia maitea

Bidaiariak gogoan du haren presentziak ez zuela huts egiten lehen, musika zegoen toki orotan –eta hori, Kuban, ez da inoiz salbuespena– entzuten zela Carlos Pueblak Che kutunari egindako agur kanta ederra. Oraingoan, baina, hilabete behar izan du uhartean, kanta aditzeko… Denbora.