Bocaccio, Camus, Saramago…

Hona egun eta aste hauetako Zeraren –letra larriz, bai– inguruko hausnarketa solte batzuk, Zera bera izaki denen arteko lotura bakar:

  • Egun osoan (2020-03-12) ez da koronabirusa beste gairik aditzen kalean, aski da belarria erne jartzea bateko neurri eta besteko zer-gertatukoen hotsak entzuteko. ETB2-ren iluntzeko albistegian ere, ez da koronabirusa beste hizpiderik, hasi-hasieratik eta ordu erdi luzez gutxienez. Amaitu dutenean, gaia erabat zukutu eta gero, eta entzulegoa erabat aztoratuta-edo zeukatela, bi emakume hil dituztela-eta Abanton egindako manifestaldiaz mintzatzen hasi dira –bataren senarra eta bestearen aita zen hiltzailea–: ez ote dira larriagoak gizarte batentzat birus zahar hori eta bere ondorioak? Zaldibarko desastreari buruzko albisteak, berriz, ia erabat isildu dira azken egunetan: agidanez, zabor artean usteltzen ari diren gorpuak ez dira nahikoa ozen mintzo.
  • Futbol partidak ateak itxita egiten dituzte, eta horrela ere ez gara libratzen irratizaleok beste edozein programa isilarazten duten emanaldi aspergarri horietaz1… Kontzertuentzat edo zinemarentzat ez du ate itxien neurriak balio, bitxia litzateke taldea kantuan ikustea jenderik gabeko harmailen aurrean.
  • Ez nekiena zen birus honek beherakorik eragiten zuenik. Baina, itxura denez, bai: komuneko papera kilometroka saltzen ari omen da supermerkatuetan egun hauetan. Banoa begiratzera ea nahikoa dugun etxean…
  • Izurritea, izurritea, itsumena… literaturara jo beharko datorren itxialdian, ea zerbait ikasten dugun. Saramagoren itsumenari buruzko entsegu lazgarrian, adibidez, ez ote genuen ikasi halako egoeretan, gerretan bezalaxe, ernetzen direla gizakion alderik argienak zein ilunenak, onberenak zein zitalenak? Eskuzabaltasunetik gehiago ikusiko ahal dugu geurekoikeriatik baino krisialdi honetan! Gauzak hartzen ari diren itxura ikusita, datozen egun eta asteetan ez zaigu aukerarik faltako apaletik liburu bat hartu eta etxean irakurtzen gelditzeko (beldur naiz, ordea, egungo garaiek ez ote gaituzten berrogeialdia irakurtzen ematera baino gehiago, Netflix-eko serie batzuk ikustera eramango; egunero jasotzen dudan spam-aren artean, HBO plataformaren propaganda iristen ari zait egun hauetan, ez da kasualitatea izango). Bejondeigula, edonola ere, ataka honetatik ikasgairen bat, probetxuzko zerbait, ateratzen badugu: beste modu batez bizitzen hasi, frenoa zapaldu, naturarekin batago egin, elkartasunaren balioaz hausnartu, indarberritu…
  • Zer du berezi egoera honek? Gure osasuna arriskuan jar dezaketen hamaika gaitz daude bestela ere, COVID-19 delakoa baino larriagoak asko eta asko: hor dira minbiziak, istripuak, diabetesa, bihotzeko gaixotasunak, dengea edo malaria atzerrian… Mordoa. Baina, horiek hor egonda ere, ez da oraingoa bezalako psikosirik sortzen gizarte mailan: gaitz horiek norbanakoari egiten diote eraso, eta norbanako hori, gehienetan, bestea da (edo beti bestea izango den itxaropenak bizi gaitu). Oraingoan, ordea, eta gaitzak, finean, norbanakoari erasoko badio ere, komunitatea sentitzen dugu mehatxatua, denoi gertatzen ari zaigu ezohiko zerbait; eta horrek aztoratzen gaitu, inondik ere.
  • Bakarrik bizi denak badu abantailarik oraingoan: gaixotasuna harrapatzeko arriskua, txikiagoa, eta bere esku soilik, neurri batean behintzat, non sartzen den eta non ez, nori ematen dion eskua edo musua eta nori ez. Betiere zailago gaitza etxera beste inork ekartzea. Baina aurki guztiak du bere ifrentzua: birus berriak joz gero, bakardadearen birusa lagun izango du.
  • David eta Goliaten artean, zeinen alde jarri? Bistan da oso David txiki batek2 Mendebalde harro goliat-tarra airean eta dantzan jartzeko ahalmena erakutsi duela oraingoan. Mendebalde harroa, diot, bai: izan ere, ez al genituen irribarre isekari batez ikusten, duela hilabete, Txina aldetik zetozen irudiak?: jendea aurpegian maskarak jarrita kaletik, astronautaz mozorrotutako langileak ospitaleetan, kasko berezi batez jantzitako polizia jendea… Bo, bo, hori hango kontuak dituk, auskalo zertan ibili diren; bo, bo, hori ez zaigun guri tokatuko, gu salbu gauden hemen! Ba, hara, hementxe dugu. Eta beti txikiaren alde jartzeko debilidadea izanagatik, oraingoan txikiaren aurkako borrokan elkartzeko garaia da: David nano horren atzean beste Goliat erraldoiren bat dagoela pentsatu (akaso hala izango da eta), eta haren kontra ekin irmo.
  1. Ohar hori idatzi nuenetik gauzak aldatu egin dira, eta, partidak bertan behera geratu direnez orain, egun batzuetako atsedenaldia izango dugula dirudi.
  2. 120 nm-ko diametroa omen du koronabirus ziztrin horietako batek: milimetro batean, beraz, 8.000tik gora kabitzen dira, bata bestearen atzetik jarrita