Eta denbora geratu egin zen

Denbora geratu egin zen, edo hala zirudien behintzat, halakoxeko moteltasuna zerion, eta zer gerta geratu ginen leihoetan, mira, uzkur besaulkietan, uzkur oheetan, geroak zer ekarriko, presoa kartzelan nola egunen arrastoak banan-banan horman margotzen, akuria kaiolan nola albisteen gurpil zoroan bueltaka, hura dena noiz amaituko, lagunak mugikorren beiratik baino ez genituen ikuskatzen eta handik bidaltzen genizkien debekatutako muxuak, umeek ere, etxe zuloetan erretxinduta, pantailetan aurkitu zuten babesa, ezkutuko maitaleen hitzorduak etenda geratu ziren, babesa kanpoan aurkitzen zuen emakume askok barruko denborak beldurgarriki luzatuta ikusi zituen, agintariak eguraldi ona egiten zuenerako zirela onak pentsatu genuen, ekaitz giroan ez zirela hain trebe, eta tristurak jantzi zituen kaleak, goibeldu ziren bihotzak, beldurrak airean genituen gogoak eguna joan eguna etorri heltzen ziren berriekin, jendea hiltzen ari baitzen ohi baino azkarrago, atzo baino bakartiago, zaharrak omen ziren, eta heriotzak noiz inguratuko zitzaizkigun geunden, eta airea astun zebilen, bare, argia nare, natura harri eta zur sumatzen genuen eman zitzaion tregoarekin, eta kanpoa ohi bezala berdeberritzen hasi zen urrutira, kukua kantari, udaberria zen, eta geure artean egiten genuen uda ere iritsiko zela, ba, halako batean, denbora berriz ernatu eta beroa ekarriko zigula noizbait, eguzkitan etzateko, itsasoan murgiltzeko, lagunak eta gurasoak eta senideak eta seme-alabak eta maitaleak eta lankideak besarkatzeko, eta ilunpe hura atzean utziko zuen argiarekin egiten genuen amets, inoiz helduko baitzen, baldinbaitere, tristurak irribarretuko zituen eguna…