Eguberrietako ipuina

Negua da, 2022ko abendua. Bi urte eta erdi baino gehiago joan dira XXI. mendeko lehen pandemia izan zenetik, eta duela hiru hilabete pasa hirugarren konfinamendua dekretatu zuten Europa osorako –oraingoan boterea zentralizatu egin da Bruselan, ez omen dute nahi aurrekoetako anabasarik berriro gertatzea.

Aurreko bietan jazotakoak eskarmentu, Errekaldeko jendea ez dago prest agintariei itsu-itsuan obeditzeko, ongi dakite nola bukatu zuten 2021eko udako etxeratze luze eta gogor hartan. Bigarren berrogeialdia zen –berrogeialdi izena ere barregarri utzi zuen lau hilabete luzeko etxealdi zorrotzak–, eta estreinakoan erdikusten hasiak ziren zantzu asko eta asko errepikatu ziren; okerragotu ere bai, zentzu askotan. Gizartearen kontrola orokortu egin zen –mugikorra aldean eramatea nahitaezkoa zen, esaterako, eta geolokalizazioa aktibatuta eduki behar zen beti–, Ekialde Urrunean hasiera-hasieratik izandako arrakasta horri zor zitzaiola esaten baitzuten Europako agintariek, eta ezinbestekoa zela birusaren kutsatzea monitorizatzeko eta hari behar bezala aurre egiteko. Polizia eta militarren presentzia, eta atxiloaldi eta isunak ere normalizatu egin ziren, eta herritarren eta indar armatuen arteko tirabirak ere sarri suertatu ziren; batez ere, Errekalde auzoan bezala, nagusiki langileak bizi ziren auzoetan. Supermerkatuetan ere, bukaera aldera, batik bat, elikagai freskoen hornidurak dezentetan huts egin zuen, eta jendeak kontserba poteak eta izoztutako jakiak baliatu behar izan zituen nahi baino gehiago abuztu hartan. Heriotzaren kudeaketan, berriz, ez zen ezer askotan nabarmendu bigarren berrogeialdi hura aurrekotik, Europa aldean behintzat: hilzorian zirenak, lehenengoan bezala sistematikoki bakartzen zituzten azken orduan –biziari eusteko eskubidea eta heriotza duina izatekoa ezin ziren, antza, batera bermatu–, gertukoek debekatua zuten edozein elizkizun edo agur bilkura sozial egitea, eta, hori bai berritasuna, gorpuak erraustea bete beharreko arau bihurtu zen: guztiz galarazi zuten lur ematea, kutsatze arriskua handiagoa zelakoan. Beste kontu bat izan zen Hego Amerikan eta Afrikako herrialde txiroenetan, lehen konfinamenduan biralizatu ziren Guayaquileko kaleen irudi lotsaizunezko haiek motz geratu baitziren bigarrenaren ondoren iristen hasi zirenen aldean –Perutik eta Boliviatik, edo Etiopiatik, adibidez– , non gorpuak metaka erretzen baitzituzten plazetan –hiriaren erdialdean hildakoen kasuan– edo zabortegien inguruetan –hiriaren aldirietan bildutakoenean.

Baina Errekaldeko jendea –eta langile jendea, oro har– gehien sumindu zuena zera izan zen, aberatsekiko diferentziak gero eta nabarmenago azaleratzen hasi zirela, eta gero eta lotsa gutxiagorekin aurkezten zituztela, gainera, bai politikari batzuek beren diskurtsoan eta bai komunikabide nagusiek berek ere. Bigarren berrogeialdiak iraun zuen lau hilabete haietan, sareek maiz egiten zuten gainezka, eta Internet konexiorik gabe geratzen zirenak langile auzoak ziren beti. Janari dendetan elikagai osasuntsuak eskasten hasi zirenean, berriz, komunikabide publikoetan batere lotsarik gabe erakusten zituzten auzo aberatsetako supermerkatuetako fruta eta barazkiz betetako apal koloretsuak –aurreko krisialdi ekonomiko batean aberatsen etxe dotoreak erakusten zituen telebista programa obszeno hartan bezala–, edo harategi eta arrandegi ongi hornituak. Eta, esan beharrik ez dago, polizia eta militarrek egunero egiten zituzten erronda bideek ere auzo pobreetako karrikak korritzen zituzten maizago hiri erdialdeetako abenida lorez betetakoak baino. Dena zuritzeko modua aurkitzen zuen iritzi publiko ofizialak: bidezkoa zen zerga gehiago ordaintzen zuenak aukera hobeak izatea, osasun zerbitzuetan ez ezik baita bestelakoetan ere, hala nola elikagaien horniduran zein garraio, komunikazio eta energia sareetan –horretan ere lotsa nabarmen galduz joan ziren iritzi publikoaren sortzaileak, eta esan zitekeen berrogeialdi sail honen aurreko zuzentasun politiko hipokrita hura historia liburuetan erregistratuta geratutako zerbait zela. Demokraziaren arrasto gutxi gelditzen ziren, eta horien artean behinenak, birusa bera eta haren eragina. Birusak bermatzen zuen jendeen arteko berdintasuna; askatasuna, oso murriztua zegoen; eta senidetasuna… Ez ote zen hura ere iraganeko zerbait, egungo gizarte indibidualista honetan erdi ahaztua?

Abendua da, beraz, eta oraingoan ere ehun egunetik gora darama jendeak konfinatuta, etxean itxita, eta erosketak egitera astean behin ateratzeko baimen digitala indarrean dagoela. Birusaren oraingo mutazioak –2020ko koronabirus haren ez dakit zenbatgarrena ei den, eta Txinako Wuhanen zabaltzen hasi zen hura baino are kutsagarriagoa– udazken hasieran eraso zuen, irailaren erdi aldera. Positibo, ospitaleratu eta hildakoen kurbak aurreko aldietakoen oso antzekoak dira, kohete batek nola etengabe gorantz egin eta egunetik egunera kopuruei koska bat gehitzen dietenak. Oraingoan ez da oraindik iritsi kurbaren gaineko meseta-tontor luze eta erdi gezurrezko hori, eta jendea kezkatuta eta haserre dabil. Eguberri egunerako bi egun baino ez dira falta, Errekaldeko janari dendetako ilarak izugarri luzeak dira. Eguraldi berdotza, ez da giro kaleanĀ orduak zain egin behar dituenarentzat.

Auzoan ezaguna da oso eskean ibili ohi den emakume gizen bat, supermerkatuaren atarian eserita egoten da egunero –beti esan izan du Errekalde zikin honetan diru gehiago eskuratzen duela goiz batean, hiriaren erdialdeko kale dotoreetan egun osoa emanda baino–. Batzuetan ume batekin egoten da, eta bolada honetan oso adi ibili behar izaten dute polizia noiz azalduko.

Eta poliziak azaldu dira, hain zuzen, gaur goizean Errekalden. Eskalearen mutikoak –bospasei urte izango ditu– aise alde egiten du uniformatuak usaindu orduko, ez dute berehala harrapatuko, alajaina! Baina gaurĀ poliziek urrutitik ikusi dute ihesean, eta zuzenean amarengana jo dute, oldarrean: Ea, paperak eta mugikorrak, agudo! Paperak bazituela baina mugikorrik ez, emakumeak. Ba gainean eraman beharra zegon, gurekin etorri beharko dun; eta nor zen hirekin zegoen mutikoa? Emakumeak ez die erantzun, eta ez du haiekin joateko imintziorik egin; agenteetako batek besotik heldu dio, oso modu txarrean, eta lurretik altxarazi nahi izan du, tiraka. Ilarako jende guztia zer gerta dago, erne, aurreko egunetan ere ikusita baitaude jendea atxilotzen, baita batzuetan han bertan jipoitzen ere –ahots batzuk ere entzun dira inguruan, inongo premiarik gabe erabiltzen ari ziren indarkeria hura aurpegiratuz poliziei–. Aitzakiarik txikiena aski du txakur jende honek erasoan hasteko, esan du ilaran azkena baino bi leku aurrerago zegoen emakumeak, eta erosketako poltsa erdi betea ondo itxi, bi eskuekin irmo heldu eta poliziengana hurreratu da: Utzi bakean emakume hori, eta alde hemendik alfer gorotz horiek, ez zaituztegu nahi eta! Polizia gazteenak eskaleari besotik tiraka jarraitzen zuen, lurretik altxa zedin; azkenean, etsita eta urduri, emakumea lurrean utzi eta ilaran hitz egitera ausartu denarengana joan da, baina, akordatzerako, erdi betetako poltsak buruan jo du eta atoan zen lurrean (poltsa barruan ardo botilak behar zuen, antza, poliziaren aurpegian delta irudia marraztu duen likidoaren kolore ubela haren odolari ez bazegokion behintzat). Beste poliziak erreakzionatu duenerako jende multzo handi bat zuen inguruan –eskaleak eta beste emakumeak alde egiteko aprobetxatu duten unea izan da; eta, haiekin batera, jende mordoak, gauzak itsusten hasita zeudela ikusita–, eta zer egin ez zekiela gelditu da, bestela bezala egin nahi bazuen ere beldurrak airean zegoela agerian utziz. Handik aurrera zer gertatu den zehatz-mehatz ez zekien inork esaten, baina bai kalea harriz, beira pusketaz eta kantoian dagoen obra batetik ekarritako materialez estalita geratu dela bat-batean. Polizietako batek autoraino ihes egitea lortu omen du –eskapada eginda, zoru bustian irrist egin eta muturrez aurrera erortzekotan egon baita une batean–, eta, jendeak autoaren haizetakoari kolpeka ekiten zion bitartean, irrati bidez abisua ematea ere bai. Polizia gazteenak zerraldo zirauen espaloian, eta, mugitzen ez zen arren, ostikoka eta kolpeka erabili omen zuen batetik bestera han inguruan zebilen jendeak; hala esan zuten behintzat iluntzeko albistegian, bertsio ofizialetik tiratuz.

Ez ziren hamabost minutu joan borrokaldi latzenetik, kalearen bi muturretatik poliziaren furgonetak azaldu zirenean. Ordurako kalea betetzen hasita zegoen, gertaerok balkoi eta leihoetatik ikusi zituen pertsona asko beren etxeetatik jaitsiak baitziren. Megafoniatik hasi omen ziren gertuen geratutako furgonetakoak, kanpora ateratzen ausartzen ez zirela: Denak etxera, ez dago kalean egoterik; manifestazioak debekatuta daude, eta ez dugu nahi, baina indarrez desegitera behartuko gaituzue.

Sarjentuaren ahotsa ere entzun da, oihuka, furgoneta barruan, eta han atera dira lau polizia koitadu –sarjentua bera barruan geratu da–, beren polikarbonatozko babesak eskuan, autotik atera orduko gainera etorri zaien harri jasa galarazteko buru gainetik nola hala jarrita. Borrekin ezker-eskuin kolpeka, lortu dute supermerkatuaren atariko ilara desegitea, eta barrura jo dute jaso berria zuten agindua betetzera: Supermerkatua itxi beharra dago lehenbailehen, jende gehiegi dago hemen –barruan begiratu ere ez dute egin–, eta ez du inork segurtasunezko distantzia errespetatzen (hala iruditu zaio, nonbait, buruzagi lanak egiten ari zenari). Laukoteak amilka jaitsi ditu supermerkatuko eskailera mekanikoak –baten batek geraraziak zituen, sartzera zihoazela ikusita–, eta barruan zegoen jendea kanporatzen hasi da, banan-banan hartu eta bultzaka, tiraka, irainka… polizia moduak baliatuz.

Supermerkatua itxita eta Gabon afaria arriskutan ikusiz, kanpoan zegoen jendearen sumina are gehiago piztu da, eta aldra handi batek gertuen zegoen poliziaren furgoneta aldera jo du, eskuetan harriak, botilak, aterkiak eta abar hartuta. Furgoneta martxan jarri eta atzerantz egin nahi izan omen dute orduan poliziek, baina ezinezkoa gertatu zaie, kalea ordurako jendez lepo zegoen eta. Kalearen beste muturrean zegoen furgonetakoek –borrokaldiaren begitik urrunxeago geratuak ziren–, ateak zabaldu eta kalera egin dute salto; eta lerro batean belauniko jarri omen dira, tinko, beren armak prest zituztela.

Jaurtigaiak eta garrasiak jabetu dira kaleaz; tiro hotsak nagusi, aste batzuetan halako harrabotsik ezagutu gabeko kale mortuan: danba, danba, tra-tra-tra… Jendea –lurraren estalgarri geratu ez direnak– trumilka, nora ezean sakabanatu omen da, nor bere etxe aldera ihesean. Poliziaren megafoniak txor-txor-txor jarraitzen zuela zioten, inork ez ziola kasurik egiten ordurako. Han izandako beste batek kontatu duenez, agenteetako batek ez du tiro egin nahi izan, agindu diotenean.

Betikoen indarkeria aipatu dute iluntzeko albistegian, gabon kanten programa maiztuari sarbidea eman aurretik.