Ilunetik argira: triptiko bat hiru paragrafotan

Goizeko hamaikak dira. Artelana hutsetik gorpuzten hasi da, Susana Cencillok bere soinuari doinu hitsak kentzen dizkion bitartean. Oihal zatiak lurretik jaso, eta klaustroaren erdian tente jarritako panelean kokatzen hasi da Koldobika Jauregi, aurrez prestatua duen txirrika sistema baten laguntzaz. Oihal urdin ilun eta beltzak dituzte lagun eskusoinuaren doinu tristeek. Denbora motel doa hasieran. Panelaren eskuin aldean —triptiko itxura hartzen hasia da dagoeneko—, urdinak argiagoak dira eta izarren bat edo beste ere suma daiteke ertz batean. Ilunaroa da, itxialdia, gaixotasuna. Klaustroaren angelu batetik heltzen zaizkigun perkusio hotsek betetzen dute espazioa tarteka. Musukoen gainetik ageri dira doi ikusleen begiak, miraz.

Klaustroak isolatzen duen zeru zatian ez da oraindik hegazkin arrasto asko ageri, urdin aratzak betetzen du laukia. Eguerdi-eguerdirako bi ordu baino gehiago falta diren arren, eguzkiaren argia klaustro barruko tapiz berdeaz jabetuz doa, ezarian. Oihal ilunek txanda eman diete orain argiagoei, eta elkar ebakitzen duten bi zirkulu zuri hasi dira eratzen panelaren erdian; zirkuluon ebakiduran, vesica piscis delakoa ageri da (arrain mota askoren igeri-maskuriaren tankerako forma), ikur sakratua1: zerua eta lurra, espiritua eta materia, goia eta behea… betiere zirkulu bien zentroak hari ikusezin batek lotzen dituela: bi munduren arteko lotura, batetik bestera iragateko atari modukoa. Ebakidura horixe da, preseski, arkitektura erromanikoan hain ohikoa dugun mandorla.

Panelaren erdiko zirkuluak zuriz margoturik daudelarik, oihal hori eta gorrixkak datoz irudia osatzera. Zirkuluen ebakidurako mandorla hori-gorritzen hasi da, hutsunea argiz betetzen; suak hartu duela esan liteke. Klaustroaren bazterretik datorren perkusioari hauspoaren gaineko hatz kolpe sotilez erantzuten dio soinu-jotzaileak. Amaiera sumatzen da, musika eta irudia bat datoz: argiaren aroa datorke. Bat-batean eta ustekabean, mandorla-aluan barrena —ororen sorleku den atarian barrena— desagertu da artista, uda berriko suari bere zeregin araztailea egin dezan utziz. Musikak soilik jantzi ditu azken segundoak, ordubete joan da dagoeneko artelana osatzen hasi denetik.

 

Oharra: SK Efimeroak saileko sormen jarduera hori San Telmo Museoko klaustroan egin zuten atzo aipatutako artistek, museoa itxialdiaren ondoren berriro zabaldu dela ospatzeko antolatutako ekitaldian.

  1. Euklidesen Elementuak matematika tratatu klasikoan ere ageri da irudi geometriko hori. Zirkuluen ebakiduraren altuera zati zabalera 3ren erro karratua da: 1,73205.