Uztailak 20, astelehena. Azken etapa. Urduritasuna. Goizean, lagunaren whatsappa: “Birusa gertu dabilkik, ez zekiat ez ote duten Figueres itxi!”. Vilabertran lauzpabost kilometrora zegok Figueresetik, gutxik egin zioan atzo lotara Figuereseraino joan ez hintzenean: marka izango huen, deskonfinatzen zebilena konfinaturik!
GPSa bateriarik gabe zegok ia (egunero-egunero jarri duk kargatzen gauean, baina atzo ahaztu); Perelada pasatu eta hor habil golfgune batean bueltaka, zeharo galduta, nahiz eta ondo dakian ekialdera egin behar duala, eta hortxe daukak eguzki amandrea noranzkoa erakusten (eta goizean goizetik ederki berotzen). Alferrik, urduritasuna. Halako batean aurkitu duk bidea (pista zahar bat berriz ere!), eta, Marzàn barrena iritsi haiz Vilajuïgara; bi herri horien arteko bidean azkartxo pasatu haiz Kuban udaltzain etzanak esaten dieten horietako baten gainetik, eta han joan zaik eskuineko zakutoa airean aurrena, eta gero arrastaka atzetik –beheko aldetik lotuta baitzegoen–, bizikletatik zintzilik, hamar bat metro, geratu haizen arte. Urduritasuna. Villajüiga horretan hasten duk Sant Pere de Rodes-era eramango hauen aldapa, galbiderik ez hemendik aurrera.
Sant Pere de Rodesen egona haiz duela ez asko, baina berriz pasatu nahi duk handik. Badik zerbait toki horrek… Gaur ohartu haiz, gainera, ingurua trikuharriz beteta dagoela: betidanik izan dik zerbait toki horrek. Gorakoan, Mediterraneoa ikusi duk: hor zegok, ia uki dezakek; beherakoan, ordea –eta gertuago hago–, behe lainoak ezkutatzen dik, gorde-gordeka dabilkiala ematen dik: zer uste dun, ez naizela iritsiko, ala?
El Port de la Selvan, zerbeza limoiarekin (txirrindularien edaria) eta kafetxo bat. Cadaqués-era iristeko beste aldapa bat igo behar duk (azkena, ustez), ez oso gogorra; ezagun duk bi aste hauetan lortutako sasoi puntua, sufritzetik urrun habil eta aise eragiten diek pedalei: bizikletan ibiltzen denak gora eroso dabilenean gozatzen dik gehien, hala iruditzen zaik hiri behintzat.
Cadaqués alde batera utzi eta Cap de Creus-eko penintsulako errepideari heldu diok, lasai-lasai (urduritasunak ahaztuta dagoeneko). Errepide hori itsasargian amaitzen duk, horixe hire helmuga. Sei edo zazpi kilometro, eta hau eginda zegok, esan duk heure artean. Eta hantxe abiatu haiz, asko pentsatu gabe jaramon egin behar zaiola indarrak Cap de Creuseko aldapetarako gordetzeko esaten dianari: alu horrek ikusita izango zitian errepideko bazter guztiak Street View bidez! Eskerrak bukaera den, eta bukatzeko gogoak eta ilusioak edozer leuntzen duten, baina errepide horretako gune batzuetan dauden % 13-14ko maldatzarrak ez dituk nolanahikoak. Edonola ere, utzi dituk atzean horiek baino askoz txarragoak, eta, batik bat, luzeagoak; hortzak estutu, beraz, eta berehala haiz Cap de Creuseko itsasargiaren oinetan, penintsularen ekialdeko muturrean.
Eta kito, fini. Horixe zuan egin nahi huena, bada egin duk. Bejondaiala! Eta egon ziur: etorriko dituk bideia berriak gauzatzeko, asmets berriak betetzeko.
PS. Baina… Zer, orain ere bainak? Bada bai: itsasargiak, berez, goian egon ohi dituk, ez itsasertzean, urak ez ditik itsasargiaren oinak bustitzen. Eta hik, itsasotik itsasora etorriz, oinak busti nahi hituen hona iritsitakoan, ez da hala? Nork esan ote du transpirenaika Cap de Creusen amaitzen dela? Oinez egiten duenarentzat, akaso. Bizikletaz egiten duenak, ordea, hobe dik hondartza bat bilatu amaitzeko: Cotlliure, Banyuls… Cap de Creusen, bainua hartu eta kontatu ahal izango bada, bizikleta utzi eta ehun bat metro behera joan beharra zegok, hondarreraino; oinez, noski. Tira, egingo duk, nola ez, eta bidaia ongi bukatzeko hartu beharreko bainua hartuko duk beste itsaso honetan ere. Baina, beste baterako, badakik.
Beste ohar bat: Pirinioen beste muturra Higerren omen dago, Hondarribian; bada hori ere zalantzan jartzen hasita nago, iruditzen baitzait estatuen arteko mugari gehiegi atxiki nahi izateagatik dela hori horrela. Gero eta argiago ikusten dut Pirinioen Bizkaiko Itsasoko amaiera (edo hasiera) Zumaian dagoela, orain jende guztiak flysch izen dotorearekin izendatzen duen horretan: ez ote dira itsasbeherak agerian uzten dituen harkaitz horiek (eta geografiaz eta geologiaz ideiarik batere izan gabe ari naiz, intuizio hutsez) Pirinioen (beste) muturra? Beraz, hurrengo baterako proposamena, etxetik hain gertu dugun altxorraz gozatzen jarraitzeko: Zumaian bainua hartu, Pirinioak mendebaletik ekialderantz korritu, eta Costa Bravako hondartza batean hartu Mediterraneo aldeko bainua (edo alderantziz egin, berdin dio). Horra erronka, hartu nahi duenarentzat.
Eta azken oharra: beste blogoeta batean etorriko dira egindako bidaia honen datu tekniko batzuk, ekipamenduari buruzko informazioa eta ebaluazio xume bat. Laster.
Bejondaiala! gogoan izango diat erronka, baina hireak bezalako testu eta arazkirik gabe ez dik mereziko akaso 😉
Ados!
Zorionak, Xabier!
Ederra bidaia eta ederra kontaketa!
Beno eta argazkiak …
Eskerrik asko, Txus. Hurrengoan elkarrekin, badakit-eta maite dituzula malda politak 😉
ZORIONAK, Xabier.
Osatu duzu beste ibilbide/abentura bat: Kantabriko Meditarraneo
Hi haiz hi, itsasargia! Bidaietan eta idatzietan.
Eta itsasargiak bezala, maila altuan zaude!
Eta ESKERRIK ASKO.
Hire bidaiari esker, hire blogoeta gozo bati esker jakin izan diat Pompeu Fabra gizon inportantea, katalan batua definitu zuena, gure Koldo MItxelena edo Txillardegi parekoa izan zena, 1902-1912 tartean Bilbon edo Begoñan bizi izan zela.
Baina Begoñako zein etxetan bizi izan zen? Santa Klara, 6 helbidean. Baina orduko Zabalbide kaleko metro-irteeraren inguruan nonbait. Aurkituko diagu. http://www.rutapompeufabra.com/ProgramaBILBAO.pdf
https://eu.wikipedia.org/wiki/Pompeu_Fabra#Pompeu_Fabra_Bego%C3%B1an_eta_Bilbon_(1902-1912)
Pozten nauk, Kepa.
Irakurri nian Pompeu Fabrak, Begoñan bizi izan eta gero, ez zituela gogoko hiri handiak bizitzeko, eta horregatik hautatu zuela, azkenean, Prada bizitokitzat. Begoñan ondo bizitzen zen seinale!
UEUko hitzaldi batean ere itsasargiak aipatu ziren: norabidea markatzen dute baina ez da komeni asko hurbiltzea, harkaitzen artean daude-eta.
Zorionak eta eskerrik asko kronikarengatik!
Kontuan hartu beharreko oharra, bai, itsasargietara hurbiltzeak dituen arriskuen gainekoa. Hurrengorako!
Eta eskerrik asko zuei, nire txapak irakurri dituzuenoi 😀
Hi haiz hi! Erronkaz erronka bidaiari ausarta! Beldurrak gainditu eta argiaren bila etengabe!
Argitzalek asko irakasten dute eta ikasgai ugari izan dituzula erakutsi diguzu.
Eskerrik asko partekatutako guztiagatik eta zorionak! Arren, segi blogoetei argia ematen!
Muxuak!
Mariaje
Zuei eskerrak, Mariaje, honaino iristeagatik nirekin batera.
X.
Egin duk, eta orain erraza izan dela ematen dik. Baina giharretan eta buruan geratzen duk asmoa egia bihurtzeko ahaleginen ordaina, iltzatuta. Eskerrak burua azkarra dela eta zailtasun guztien gainetik gozamena jartzen duela, eta hori da gogoratzen duguna, asetzea, poztasuna.
Bejondaiala!
Buruaz dioan horretan, arrazoi osoa, Patxi, txarrak ahaztu eta onak gordetzen ditik.