Pirinioetako zeharkaldia, bizikletan: ibilbidea, datu teknikoak, ekipamendua eta ebaluazioa

Egunsentia Cap de Creus-en

Ibilbidea

Hona hemen egindako ibilbidea, mapan:

Pirinioen zeharkaldia bizikletan (2020ko uztaila): ibilbidea
Pirinioen zeharkaldia bizikletan (2020ko uztaila): ibilbidea

Eta hemen etapak, egunez egun (azpimarratuak mendateak dira):

2020-07-05 Hendaia – Ibardin – Bera – Elizondo – Arizkun (64,8 km)
2020-07-06 Arizkun – Izpegi – Baigorri – Irulegi – Donazaharre – Ahuzki – Atharratze (71,4 km)
2020-07-07 Atharratze – Santa Grazi – SoudetLabaysHouratate – Bedous – Zarrantza (60,7 km)
2020-07-08 Zarrantza – Marie Blanque – Laruns – AubisqueSoulor – Arrens – Aucun (70,5 km)
2020-07-10 Aucun – Argèles-Gazost – Lugagnan – Pouzac – Bagnères-de-Bigorre – Ste.-Marie-de-Campan (56,3 km)
2020-07-11 Ste.-M.-de-Campan – Hourquette-de-Ancizan – Arreau – Bordères-Louron – Peyresourde – Bagnères-de-Luchon (63,67 km)
2020-07-12 Bagnères-de-Luchon – Cierp-Gaud – MentéPortet-d’Aspet – Aucazein (60,6 km)
2020-07-13 Aucazein – Castillons-en-Couserans – Col de la Core – Massat – Col de Port – Tarascon-sur-Ariège (88,4 km)
2020-07-14 Tarascon-sur-Ariège – Ax-les-Thermes – Pimorent – Porta (64,2 km)
2020-07-15 Porta – Enveitg – Ur – Llivia – Font-Romeu – Oleta – Prada (73,8 km)
2020-07-17 Prada – Eus – Finestret – PalomèresXatardFourtou – Oms – Llauro – Céret (70,2 km)
2020-07-19 Céret – Col de la Brousse – Illas – Manrella – La Vajols – Perelada – Vilabertran (61,1 km)
2020-07-20 Vilabertran – Peralada – S. Pere de Rodas – El Port de la Selva – Perafita – Cadaqués – Cap de Creus (53,3 km)

Datu teknikoak

  • Abiaburu-helburuak eta datak: Hendaiatik Cap de Creusera; 2020-07-05 / 2020-07-20
  • Etapa kopurua: 13 (+ 3 egun geldi)
  • Mendate kopurua: Asko!
  • Distantzia, guztira: 859 km
  • Goranzko desnibel metatua: 17.874 m
  • Batez besteko kilometro kopurua, etapako: 66,08 km (max. 88,35 km; min. 53,32 km)
  • Batez besteko desnibel metatua, etapako: 1.375 m (max. 2.214 m; min. 771 m)
  • Batez besteko abiadura: 15,16 km/h (max. 20,4 km/h; min. 12,13 km/h)
  • Batez besteko denbora, etapako: 4 h 22 min (max. 5 h 49 min; min. 3 h 5 min)

Bagajea, materiala eta ekipamendua

  • Mendiko bizikleta (hiru plato eta nahiko pinoi handiak, edozein maldari eroso-edo ekin ahal izateko), errepiderako gurpilekin. Bi zakuto atzean (parrilan) eta poltsatxo bat eskutokian. Atzeko argia (aurrekoa ere ez letorke gaizki, badaezpada ere).
  • Kaskoa (kaskoaren gainekoa, euritarako, eta kaskoaren azpiko bi, udakoa eta negukoa), eskularruak, eguzkitako betaurrekoak, kuloteak (bat motza eta bestea pirata), maillotak (bat udakoa eta bestea negukoa), aise lehortzen den elastiko horietako bat, kaladun zapatillak, txubaskeroa, euritako galtzak, galtzerdiak…; txaleko islatzailea; egunkari zahar bat (jaitsieretarako; ez dut erabili).
  • Kaleko arropa (arratsaldeetan paseatzeko): Galtzak, elastikoa, espartinak eta bisera; maskara (+ ordezko bat); jertsea behar izanez gero, neguko maillotak balio du; eta txubaskerotzat, bizikletarakoak.
  • Barruko arropa (ez asko, garbitzeko aukerak badaude eta).
  • Nezeserra: Xaboia, eguzkitako krema, gela eta txanpua, hortzetako pasta eta eskuila, krema hidratatzailea, gel hidroalkoholikoa (orain baino lehen ere eraman izan dut), bizarra egiteko aitzurra, azazkalak moztekoa…
  • Txankletak, bainujantzia, eskuoihal txiki bat.
  • Botikina: Parazetamola, tiritak, bihotzerrerako pilulak, kolpeentzako ukendua… (eskas, gehiago eramatea komeni).
  • Erremintak: Puzgailua, ordezko ganbera bat eta desmontableak, partxeak, zulatuak istantean konpontzen omen dituen esprai modukoa (ez dut probatu, fedea behar!), kate mailak askatzekoa, bihurkina, aliketak, allen giltza sorta bat, olioa, labana, plastikozko eskularru batzuk (fruta dendakoak), trapu zahar bat, kandadua, olagarroren bat…
  • Mapak, GPSa, kopetako argia (potentzia handikoa, aurreko argi gisa erabili nahi bada behintzat); Garmin Connect, Komoot edo Strava konturen bat, ibilbideak marraztu eta GPSan kargatu ahal izateko, eta egindako bidearen traza erregistratzeko.
  • Argazki kamera txikia; tripode txiki bat; tableta teklatuarekin (eta bertan irakurgairen bat); telefono mugikorra; libreta txiki bat; boligrafoa.
  • Dirua, txartela(k), dokumentazioa.
  • Komuneko paper pixka bat, paperezko eskuzapiak…

Ebaluazioa

Bi aste hauetan ebaluazio jarraitua egin ondoren, hona hemen emaitzak:

Aurreoharra: Ezer baino lehen esan behar da ebaluazio hau autoebaluazioa dela, eta, bizi dugun egoera dela-eta, online egin behar izan dela ezinbestean 😀 (denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik, eta, noski, segurtasun baldintza guztiak betez). Esan beharra dago, halaber, lehen asteburuan izan zela azterketa presentzial bat izateko arriskua: aztertzaile bat etortzekoa zen Hourquette d’Ancizan eta Peyresourde mendateak bizikletari honekin igotzera, baina ezin izan zen etorri. Beraz, hemen ageri diren nota guztiek online egindako autoebaluazio baten alde onak eta txarrak dituzte.

Ebaluazioa atalka:

  • Burua:
    • 1. partziala: Juxtu antxean, 4,5
    • 2. partziala: Ia bikain, 8
  • Hauspo-motorrak: Oso ondo, 8
  • Biela, torloju eta giltzadurak: Ondo, 7,5
  • Gizakiaren eta makinaren arteko ukigunea: Hainbestean, 6 (egokitze-fase luzeegia)
  • Bihotza:
    • 1. partziala: Hautsia (Marie Blanque-n)
    • 2. partziala: Gainditzen hasia 😉
  • Mandoa (makina): Bikain, 9
  • Bidaiaren kirol aldetiko interesa: 9
  • Bidaiaren interes kulturala: 9
  • Gomendagarria: Edonorentzat, nahi den moduan egiteko (bizikletan, elektrikoan, oinez, autoz, karga hartuta zein batere gabe…)

Ebaluazio orokorra:

  • 😕
  • 🙁
  • 😐
  • 🙂 ✓
  • 😀 ✓

Berrikusteko ordutegia: Autoebaluazioa izan denez, ez dago halakoren beharrik.

Bloga

Jo hona bidaiari buruz idatzitako blogoeta guztien aurkibide gisako bat aurkitzeko.

Hendaiako Dunbarriak egunsentian