Azkenaurreko etapa, gaurkoa. Leongo parte hau oso altu zegok, egun guztian ez haiz 950 m-tik behera ibili. Goizetan fresko, oso; eguerdirako, berriz, bero, oso; lehortea uda partean. Klima kontinentalaren kontuak.
Atzo arratsaldean, Puente Almuhey-ko tren geltokiraino hurbildu hintzen. Leongo La Robla-tik Bilborainoko trenbide honen ingurumarian habil egun hauetan; XIX. mendearen amaieran eraikia, 330 km luze duk (Europako mendebaldeko luzeena omen, burdinbide estukoetan). Geltokian, zortzietan Cistierna aldera zihoan trenaren zain zeuden emakume batzuekin solasean aritu hintzen tarte batez, eta trena galtzeko –kenduko zuten– beldur zirela adierazi ziaten; ideiarik ez emateko erantzun hiean.
Ikatza hemen, burdingintza gurean, hara hor duela 125 urte baino gehiagoko historia duen trenbide honen nondik norakoa, hasiera batean behintzat. Kontua hauxe da: Bizkaian burdingintza modu lehiakor batean garatu ahal izateko, ikatza merke eskuratu beharra zegoen (kokea egiteko harrikatza Asturias eta Ingalaterratik ekartzen zuten, itsasoz), eta XIX. mende amaiera horretan Ingalaterratik zetorren ikatzaren salneurria bat-batean igo zen. Hori dela-eta, Bizkaiko siderurgiak Palentzia eta Leon aldeko ikatzari eman zioten begi, eta, ikatz hori modu onean garraiatzeko, trenbidea eraikitzea pentsatu zuten. Sorburuko arrazoia –eta garrantzitsuena– harrikatzaren garraioa izan bazen ere, XX. mendean zehar garrantzi handia izan zuen pasaiarien garraioak ere: etorkinenak, bereziki, Euskal Herri aldera, hasteko; baina baita, gero, etorkin euskal herritartu horienak ere, bi noranzkoetan, udako oporrak zirela medio.
Salinas eta Cervera de Pisuerga, herenegun; Velilla de Río Carrión, Guardo, Puente Almuhey, atzo; Cistierna, Boñar, La Vecilla, Matallana de Torío, La Robla, gaur. Hire ibilbidean egokitu diren herri horietan guztietan izango ditek kontatzeko hullero (huilazalea) esaten dioten tren honekin zerikusirik duten istorio bat baino gehiago, seguru; trenbide horren historiak gure herriarenaren parte egiten duen bezalaxe, bestalde.
Gaurko etapa, paperean, guztietako laburrena zuan. Eta biharkoa, berriz, luzetxoa, hire asmoetarako; izan ere, bihar lagunekin elkartzekoa haiz helmugako Astorgan, han egun batzuk elkarrekin emateko. Horrela, gaur Cistiernara iritsi haizelarik, etapa luzatzea otu zaik, biharkoari kilometro batzuk kentzea, alegia. Eta, hartara, Matallana de Torío-n geratu gabe aurrera egitea erabaki duk, eta, azkenean, La Magdalena-raino etorri haiz, 80 km-tik gora eginda (eta biharkoa 60 bat km-tara errendituz).
La Robla-tik pasatu haizenean, geltokia bisitatzeaz gain, bizikleta tailer/denda bat ikusi eta gelditu egin haiz: etxetik irten hintzenetik bizikletaren pinoi txikienak kirrinka egiten zian, edozein plateretan egin ere, eta hura jarri gabe –edo trakets, bederen– etorri behar izan duk honaino. Ordu biak jota izan arren, lanean ari zituan normal, eta mutil atsegin batek, egiten ari zena utzita, istant batean konpondu dik; ezertxo ere eskatu gabe, gainera. Poz-pozik atera haiz dendatik (barrita batzuk erosi eta gastu pixka bat eginda, sikiera), eta eguneko azken aldapa luzeari ekin diok, 30 gradutik gorako tenperaturarekin gaur ere. Tailerreko mutil horri esker, gainera, beste zerbait ere ikasi duk: gaurko ibilbidearen parte handi bat, orain hemen Donejakue Bide Ahantzia esaten diotenaren parte omen duk: “¿Estás haciendo el Camino Olvidado?”. Ez diok ulertu, harik eta azaldu dian arte: “Ba ez, ez, ni Astorgara noak… Halakorik bazenik ere ez nekian eta!”. Lehen, bide guztiek Erroma omen ziaten helmuga; orain, berriz, denen helburua Compostela dela ematen dik. Turismoaren ajeak izango dituk.
Ah zer inbidia ikustea bide polit horietatik hoala. Inbidia sanua duk, ordea, nire mugak ezagutzen ditudalako.
Udaberrirako ibilbide baten ideia izan liteke; baina, egia esan, ideia asko zeuzkat, eta udaberri bakarra zegok urtean.
Ondo ibili!
Mugak? Mugak, askotan, buruan zeudek, Patxi!
Eta ibilbide hau, udaberrirako baino gehiago, ekain bukaera edo uztail hasierarako duk egokia, nire ustez. Denbora guztian 900-100 m inguruan habil, eta goizetan behintzat hotz egiten dik.
Leku batzuetatik ez ginduan ibili zabal bizi batean?
Aguilar de Campoo-n, akaso?
Gozatu!
Eskerrik asko, Mariaje, saiatzen naiz 😉 .