Astorgarantz… Eta Astorgaraino (bizikleta pasio)

Bai, duela egun batzuk ailegatu hintzen Astorgara, astebete lehenago hasitako bideari amaiera emanez. Lagunekin elkartu eta idazteko betarik ezin hartu, ordea, orain arte; baina dena ondo joan zuan, eta, paperean zegoen bezala, 18an hemen hintzen, Donejakue Bidean mugarri garrantzitsua den Leongo hiri honetan –hire bidea beste bat izan arren.

Azken eguneko etapa dezente erraztuta geratu zuan bezperan, tarte ederra kendu hion Matallana de Torío-n geratu gabe La Magdalena-raino etorrita. Hartara, 61 km besterik ez, errazak-edo, nahiz eta bide osoko aldapatzarrik zailena ere hortxe heukan zain, Soto y Amío herrixkaren sarrerako errebuelta batean: Alto del Trechero. Laburra bezain pikoa, madarikatu alaena! Bi kilometro, lau behar zuten tokian, horixe zuan koskatxoa: material gabezia edo aurrekontu murritza, nonbait, eraiki zutelarik, eta, lau kilometroko aldapa sigi-sagatsu eta goxoa moldatu beharrean, biko zuzen patartsu eta arnasestugarria egin ez zitean, bada, ingeniari malapartatuok! Hala ere, artean fresko egiten zuela eta aurreko egunetako entrenamenduari esker-edo, gainditu huen gainditu beharrekoa, eta, esan bezala, aurreikusitako orduan bistan hituen Astorgako katedralaren bi dorreak –eraikina inauguratu eta 550 urte eta 2 egun geroago.

Aipatutako aldapatzar horretan, baina, burua lanean hasi duk, eldarnio moduko batean (pentsatzeko denbora asko izan ohi duk bizikleta gainean, ipurmasailen nekea ahazteko modua ere baduk eta)…

Bizikletan ibiltzea… Ez ote da hegan egitetik gertuen dagoen zera?: Asfalto oneko aldapa behera eder batean, esaterako, noski, kilometroak uste baino errazago atzean utziz, txirrindulariaren aurpegia haize goxo batek laztantzen duelarik; baina baita bidea malda gora begira jartzen denean ere, errepideak xuabe-xuabe gorantz egiten duenean, kamio bakarti batean nagusi den isiltasuna txorien kantuek baino urratzen ez dutelarik, adibidez, katea ongi olioztatuta eta behar bezala puztutako gurpilen azalek zoruaren gainean ateratzen duten hots leunak txirrindulariaren gorputza garatzen ari den indarrarenarekin bat egin, eta bizikleta-bizikletari izaki bateratuak aurrera egiten duenean aise. Ez, noski, bi digituko malda bat egoskortu eta luzatzen denean, ados: orduan, hegaztiek profitatu ohi dituzten korronte termiko horien falta sumatuko baitu txirrindulariak, ezin haiek bezain eroso igo, batere lanik egiteke; orduan ez, bizikletan ibiltzea ez da hegan egitetik gertu dagoen zer bat, bistan da, baina, horietan ere, ahalegin eta zailtasun oro konpentsatuta –eta ahaztuta– geratuko dira zeharo, gaina garaitu eta bizikletaren aurreko gurpila ostera atzekoa baino beherago ezarri, eta grabitatearen eragina txirrindulariaren alde jartzen denean berriro. Bi gurpil esturen gainean aurrera, abiadan, orekari eutsiz, haize freskoa musuan sentitzen dela… Halakorik, zer beste? Esajeratu bat haizela esango ditek orgasmoa aipatzen hasten bahaiz, hobe duk isiltzea!

Bidaiatzea ere desberdina da bizikleta gainean, lekuak beste abantada batean iragaten dira begien aurretik, burua eta gorputza baterago iristen dira helmugetara bestelako garraiobide batzuk erabilita baino. Biziklegan ibiltzeak badu pasiotik, ulergarri bada ere gustuko ez duenak ez ulertzea pasio hori; izan ere, pasioak ez dira ulertzen… baina izan, badira, eta zerbaitek sorrarazten ditu.

Haur hark ez zeukan bizikletarik txikitan, gaur egun edozein haurrek bizikleta daukan adinean. Umetako garai haietan, eskola publikoan zituen ikaskide gehienek ere ez zeukaten bizikletarik, baina baziren auzoan bazeukatenak, eta haiei begiratzen zien inbidiaz. Eta aitak ere bai, aitak ere bazuen traste zahar handi bat, lanerako joan-etorrietan erabili ohi zuena; eta bizikleta hura zuen amets haurrak. Aitak nahiko zuen semeak bizikletan ibiltzen ikastea, baina amak ez zuen inola ere nahi: kalean arriskuak besterik ez zuen ikusten, eta inola ere ez zuen onartuko senarrak egunero saihestu behar zituen arrisku horiek bere umeek ere hartzea. Hala, bere bizikletaren barrari lotzen zion zela txiki gorri bat egin zuen aitak umearentzat, eta hantxe eramaten zuen jaiegunetan berarekin –ama etxean marmarka eta beldurrez geratuagatik.

Haur hark, hala ere, bilatu zuen modua, nola edo hala, bi gurpilen gaineko orekari eusten ikasteko: eskuineko oina aitaren bizikletatzarraren ezkerreko pedalaren gainean jarriz aurrena –artean handitxoa baitzitzaion tramankulu hura zela gainean behar bezala jarrita ibiltzeko–, baina ez kalean, jakina, baserri inguruko bazter eta estratetan baizik, eta, askotan, arto sailen batean modu txarrean lur hartu behar izaten zuela, gainera; edo autorik ibiltzen ez zen auzo batean bizi zen eskolakide baten etxe inguruan, hark uzten zion –uzten zionean– bizikleta txiki batean zirkuitu moduko bati hamaika bira emanez, batere aspertu gabe eman ere.

Adinez nagusitutakoan erosi zuen lehen bizikleta mutil hark; gorria zen, handitxoa geratzen zitzaion; baina hura gustatu, eta huraxe erosi. Gerora ikasiko zuen bizikletaren tamainak zuen garrantziaren berri, eta hurrengo bizikletak erosterakoan aintzat hartuko zuen alderdi hori. Zakutoak alde banatan jarri eta bidaiaren bat edo beste ere egiten hasi zen –Zuberoako Santa Grazi ezagutu zuen bidaia horietako lehenengoan, esaterako, eta ez du ahazteko herri hartara estreinako aldiz iritsi zen eguna (aitaren bizikleta zaharrarekin izan zen, gorria erosi aurretik izan zen hori)–, eta gustatu egin zitzaion. Zaletasuna handituz joan zen, eta urtero-urtero egingo zituen mila, bi mila, hiru mila kilometro; gehiago ere bai, urte batzuetan: asko eta asko, bakar-bakarrik; taldean, beste batzuk; bidaian, gainerakoak –tandemean ere bai, mordoxka–. Duela urte batzuk kontuak atera zituen, eta ordurako bi gurpilen gainean 100.000 km-tik gora eginda izango zituela izan zen emaitza.

Bizikletan ibiltzearen plazer hutsaz. Ibili eta gero gorputzaz jabetzen den neke desberdin horrek ematen duen lasaitasunagatik (kirola egiteak sortzen omen dituen endorfinei zor omen zaiena, morfinaren antzeko eragina dutela dio hiztegiak). Eta txikitako guraria zaletasun, eta zaletasuna pasio bihurtuz joan zen denborarekin…

Bukatu duk Soto y Amío-ko hormatzarra igotzen, erreka zulotik 200 m gorago dagoen goi lautadaraino etorri haiz azken bi kilometro pikoetan. Gutxi batzuk aurrerago, lehen aldiz ikusiko duk “Astorga” dioen letrero bat: 40 km besterik ez zaik falta helmugarako, hau egina zegok!

Oharra: Eta bukatzeko, hona hemen Alkiza – Astorga bidaia honen datu batzuk, laburpen gisa: