Irailaren lehen egunean, Pirinio mendietako bainuetxeek beren sasoia abiatzen zutelarik, hainbat pertsona kausitu ziren Cauterets-ekoetan, bai Frantziakoak zein Espainiakoak, batzuk ura edateko, bertze batzuk bainuak hartzeko eta bertze batzuk lokatzetan murgiltzeko, hain gauza miragarriak guztiak ere, non medikuek baztertu eriak ere osoki sendaturik itzuli ohi baitira handik. Baina nire asmoa ez da bainuetxe horien egoera edo bertuteak adieraztea, eskribitu nahi dudanerako egokitzen dena kontatzea baizik.
Bainuetxe haietan hiru aste baino gehiago geratu ziren gaixo guztiak, egin zuten hobekuntza zela-eta itzul zitezkeela jakin zuten arte. Baina abiatzekoak zirelarik euriteak etorri ziren, hain harrigarri eta handiak, non bazirudien Jainkoak ahantzia zuela Mundua urez inoiz ez suntsitzeko Noeri egin agindua; zeren Cauterets horretako barraka eta aterpetxe guztiak hainbertzeraino bete zituzten urek, ezen ezinezkoa izan baitzen han geratzea…
Irailaren lehen egunean ez, baina bai bigarrenean: azkenik, gaur argitaratu da, Booktegiren bitartez, Heptameronaren lehen liburukia –euskaratzeari ekin genionetik urte eta erdira ia–. Goiko zati hori aitzinsolasaren hasiera duzue.
Bertsio digitala (oraingoz ez dago besterik) doan jaits daiteke PDF, ePub eta MOBI formatuetan, hemendik.
Eskerrik asko proiektua aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi. Irakurketa on!
Mila esker egiten ari zareten itzulpen lan itzelagatik!
Musuak!
Mariaje
Eskerrik asko zuri, Mariaje.
X.