Everestera bizikletan, Giuliarekin

Bihurgunez bihurgune, sigi-saga goraino. Argazkia: https://labur.eus/UuWGb
Bihurgunez bihurgune, sigi-saga goraino. Argazkia: https://labur.eus/UuWGb

Estreina argazki bat izan zuan: sigi-sagaka gorantz egiten zuen errepide luze bat, mendiaren magala angula-mangula korritzen eta zirrimarratzen zuena, behetik gora erreparatuta zerurainokoa zirudiena… Gero, esaldi biribil bat: “Txirrindulari batentzat mendate hori igotzea mendizale batentzat Everestera igotzea bezala da”. Azkenik, noski, erronkaren aurrean, deliberoa: igo behar duk, bada, inoiz, aldapatzar hori bizikletan, Everestera ez haiz-eta honezkero igoko!

Stelvio (Passo dello Stelvio, Stilfser Joch) du izena mendateak, Ekialdeko Alpeetan dago, Italian, eta alemanez mintzo den Prad am Stilfserjoch-etik (Prato allo Stelvio, italieraz) Suitzarekiko mugaraino eramaten zaitu ia, 25 km eta 48 tornante-tan zehar (errebuelton kopurua dela-eta hainbat bertsio daude; horixe du epikak, nekez izaten dela bertsio bakarra: 40, 42, 46, 48…). Kilometro eta tornante horietan, berriz, herri batzuk (Gomagoi, Trafoi, Neuwies…) eta 1.850 m baino gehiagoko desnibel positiboa, 2.758 m-tako altueran dagoen ateraino. Igoerak, berez, hiru dira, zein baino zein, baina klasikoena-edo aipatu Prad am Stilfserjoch-etik abiatzen den hori da. Italiako Giroan ere, Stelvio hainbatetan izan da Cima Coppi –lasterketako mendaterik garaiena–, eta alde batetik edo bestetik igo izan dute. Izena dela-eta, esan behar da italierazko Passo dello Stelvio dela ezagunena, Giroari esker, hain zuzen.

Aldo Moser Stelvion gora, 1965ko Giroan. Argazkia: Giorgio Lotti (Mondadori Publishers).
Aldo Moser Stelvion gora, 1965ko Giroan. Argazkia: Giorgio Lotti (Mondadori Publishers).

Ilusio makina ez ezik, buruko kalkulagailua ere lanean hasi zaik: Alkizara sei aldiz igotzea bezala duk hori, distantzia aldetik (baina gogorragoa, batez besteko malda handiagoa duk eta): Arizmendi, Garmendia, Apeztegi, Etxabeguren, Etxabe…, Arizmendi, Garmendia, Apeztegi, Etxabeguren, Etxabe…, Arizmendi…; edo Tourmaletera igotzea bezalatsu, pendizari dagokionez, baina 7 edo 8 kilometro luzeago… Hire bizikletaren garapen laburrenean igoz gero (34 x 28, oker ez bahago), 10.000 inguru pedalkada ateratzen zaizkik, behetik goraino: bat, bi, hiru, lau, bost… (kontatzen hasiz gero aspertzeko modukoa, baldinbaitere!: aukeran, hobe tornante-ak zenbatzea pedalkadak baino). Malda nahiko erregularra omen, hala irakurri duk; ez ahal duk, beraz, denbora guztian garapen errazena erabili beharko!

Beste kontu batek ere berotzen ditik muinak: 2.000 m-tan ibiltzea edo ia 2.800-etan ez duk berdina, berdina ez denez, hauspoa betetzeko oxigeno kantitatea 80tik 70era jaisten baita, gutxi gorabehera, proportzioan; eta meteorologiari ere begiratu beharko diok, irailean gaudek eta altuera horretan bat-batean alda daitekek giroa, txarrera batik bat. Hala ere, hemen hago eta erabakita daukak ahalegintzea; beraz, egokiera onenaren zain egon, eguraldiari dagokionez batez ere, eta aurrera.

Astelehen goiza duk. Bezperan eguraldi ederra atera zian, baina iragarpenari kasu egin eta gaurko uztea erabaki huen, hobea zetorrelakoan: gaur, berriz, lainotuta argitu dik eguna. Hala ere, gosaldu eta bederatziak jo aurretik abiatu haiz gora, Prad am Stilfserjoch-eko kanpinetik. Pedalei qui va piano va sano e va lontano erritmoan eragin diek hasieratik, mantso: qui-va-pia-no-va-sa-no-qui-va-pia-no-va-sa-no… Eta txinatarren esaera zaharra gogoan iltzaturik daramak: gazte bat bezala heldu nahi baduzu gora, abia zaitez zahar bat bezala.

Astelehena izanagatik, hasiera-hasieratik sumatu dituk bizikletari batzuk bidean, heure asmo berdintsuek bultzatuta behetik gorantz: aita-semeak aurrena, lehen bihurguneetan; mendiko bizikleta batekin zihoan ilegorri bat hurrena, iturri batean bidoia betetzen ari zena; goraxeago, berriz, bikote bat, bietako bat motordun bizikletarekin; danimarkarra; txinatar gaztea, zakutoak eta guzti; holandarrak… Eta Giulia, gero. Ez haiz ero bakarra, esan diok heure buruari. Eta areago amaieran, iritsi haizelarik ikusi duanean zenbat bizikletari zeuden han goian dagoeneko, eta zenbat eta zenbat joan diren iristen hurrengo orduetan, tantaka-tantaka.

Igoeraren erdia baino lehen izango zuan, emakume batek harrapatu hauenean: berrogei bat urte, segaila, txirikorda horiak ageri kaskoaren azpitik. Irribarre batez egin dik agur pasaeran: haren irribarreari beste batez erantzun, eta haren erritmoari hortzak estutuz jarraitzen ahalegindu haiz; elkarrekin igo duzue aldapa, handik goraino. Hasieratik pentsatu duk ez zela oso urrutikoa izango, eta halaxe izan: Bormio aldekoa jaiotzaz (mendatearen beste aldekoa, hain zuzen), Giulia izena, eta kazetaria lanbidez. Izugarri poztu duk euskalduna haizela esan dioanean, eta heu ere bai, Frantzia eta Espainiaren arteko herri txiki batekoa haizela azaltzen hasi beharrik ez huela ikusita. Amonaz hitz egiten hasi zaik berehala, iaz galdu zuela, eta hari agindu ziola, nonbait, Stelviora bizikletaz etorriko zela egunen batean. Eta zergatik hori?, galdetu diok. Bada berraitona Lehen Mundu Gerran paraje hauetan ibilia zuelako, Stelvio-Gavia-Adamello izeneko frontean. Amonak maiz kontatzen omen zizkioan bere aitak, duela mende bat baino gehiago, hemen bizi izandakoak, eta beti aipatzen omen zian Italiako Erresumaren eta Austria-Hungariako Inperioaren arteko mugalde honetan zer-nolako hotza eta kondizio gogorrak pairatu behar izan zituzten, neguan batez ere, soldaduek, hainbat eta hainbat kideren heriotza eragin zutenak. Esaten ditek –hala zioen Giuliak ere– hemen hildako gehiago eragin zituela inguruak etsaiak baino; eta hildako askotxo izan omen zituan paraje hauetan, bai, Giuliaren berraitonak bezala, Italiako muga defendatzen zutenen aldetik, eta bai ipar aldeko inperioaren aldean borrokatzen zirenen artetik ere.

Igoera ez duk samurra, baina oso pendiz gogorreko tarteak ez dituk asko. Azken herria gainditu eta gero, basoan barneratzen duk errepidea, eta basoan zeharko kilometro horiek dituk, seguru asko, parterik zailena (qui-va-pia-no-qui-va-pia-no…): handik ateratakoan –eguzkia duk nagusi dagoeneko, giro freskoa baina bikaina zegok–, 22 tornante eta 600 m-ko desnibela falta dituk oraindik, eta zuen aurrean zabaltzen den parajea arnas etengarria duk: ezker aldera, ia 4.000 m-ko altuera duen Ortler mendigunetik behera datozen glaziarren mihiak ageri dituk zuen gainean, zintzilik; eskuin aldera, berriz, mendiaren magala zirrimarratzen duen errepidea eta, goi-goian, hotel handi bat, bere txikitasunaz goraino oraindik zenbat falta zaizuen adierazten duena (qui-va-pia-qui-va-pia…).

Giuliak gauza asko kontatu dizkik azken kilometro luze horietan. Berraitonari Italiako Armadaren gorputz berezi batean jardutea tokatu omen zitzaioan gerran, bersaglieri direlakoetan (tiratzaileak), eta horien barruan ziklistek osatutako batailoi batean, gainera. Nola, ziklistek osatutakoa?, hik, harrituta; bai, ziklista batailoi bat eratu omen zitean bersagliere horien artean, eta hor ibilarazten omen zitiztean gora eta behera, Bianchi markako bizikletatzar astun batzuk hartuta, fronteko lerroetara metrailadoreak eta bestelako armamentua eta munizioa garraiatzen. Harri eta zur utzi hau, ez baihuen sekula halakorik entzun; eta Giuliak amonari emandako hitzari nolabaiteko zentzua hartzen hasi haiz.

Glamourrak, baina, berekin izan ohi dik ximaurra sarri: aurreneko kilometroetan lan kontuetarako trafikoa izan duk nagusi (agian ez duk oso ideia ona izan hain goiz mugitzea, baina berandu zuan damutzeko), eta trailer batek baino gehiagok hartu dik aurre errepide ez oso zabalean (eskerrak Trafoitik gora ibiltzea debekatua duten), bai eta zaborraren kamioiak ere; Giuliarekin elkartu aurretik izan duk hori. Gero, zenbat eta gorago, orduan eta moto gehiago hasi dituk azaltzen, saldoka, zientoka, aurrea hartzen zizuetela beren motorra zuena baino ahaltsuagoa zela erakutsi behar txatxu horrekin, asko. Eta zer esan gailurreko azokaz: hango taberna, hango denda, hango ostatu pila…; hango turista, hango bizikletari, hango motorista andana…; hango saltxitxa eta garagardo festa. Selfie-en eta oroigarrien erreinua zuan hura, motel (heu hemen ari haizen bezala: kontatu beharra edo). Baina horrelakoetan, “bejondaiala, motel, egin duk eta!” esan, eta horixe gailentzen zaiok lekuaren zatarrak eragin lezakeen desengainuari, eta poz handia atsekabeari, zertarako ukatu.

"Bersagliere ciclista" bat, bere bizikletarekin. Argazkia: https://labur.eus/14IQw
“Bersagliere ciclista” bat, bere bizikletarekin. Argazkia: https://labur.eus/14IQw

Baina hire poza eta Giuliarenak ez zetozean bat, agidanez, igoera amaitutakoan. Garagardo bat hartzera gonbidatu nahi izan duk, ospatzeko; ez dik ezetz esan, baina uzkur sumatu duk –egia esan, gora iritsi orduko antzeman diok halako ezinegon bat, han zegoen jendetza eta giroa ikusi eta eraman ezina edo–. Bizikletak lotzen ari zinetela, haren berraitona-eta etortzen zitzaizkian gogora behin eta berriz: ehun urte joan dituk, eta denbora-pasa gabiltzak denok orain hemen, haiek, inoren interesen defentsan –eta agintari zituztenen oihuak ozta-ozta ulertzen zituztela–, elkarri tiroka zebiltzan gune bertsuan; orduko gizajo haien biloba eta birbilobak izango dituk, akaso, hemengo batzuk. Onenean, museoren batek gordeko dik pertsona haien guztien memoria, hori izango duk geratzen den guztia. Giuliaren berraitona zorteko gertatu omen zuan gerra zital hartan: betiko herren utziko zuen istripu bat izan zian, nonbait, eta frontetik lekualdatu egin zitean sendatzeko; horri esker salbatu zian bizia, hala esaten zian Giuliak.

Bizikleta lotu eta atzera jiratu haizenean –ea garagardoa hartzearena zertan geratzen zen jakiteko–, neska ez zegoan dagoeneko duela segundo batzuk berea lotzen ari zen tokian; ezta haren bizikletaren arrastorik ere.

Post scriptum: Everest ez da munduko mendirik zailena eskalatzeko; ezta Stelvio ere munduko mendi errepiderik zailena bizikletan igotzeko. Badira munduan mendate luzeagoak; badira, laburragoak izan arren, malda gogorragokoak; badira bai luzeagoak direnak eta malda handiagoa dutenak ere… Baina tira, ez dago gaizki, eta Stelvioren ospeak eta mitotik duenak ere ematen diote xarma berezi bat igoerari, ezta? Barkatuko ahal didazue irakurleok horrelakoak blogean kontatzen ibiltzea, baina… Kontatzeko ez bada, zertarako ahalegina? A, bai, zaletasuna, pasioa…; baita kronikak –eta bestelako istorioak– idatziz kontatzekoa ere.

https://www.altimetrias.net/Mundo/Italia/Stelvio2.gif
https://www.altimetrias.net/Mundo/Italia/Stelvio2.gif