Egilearen xerka dabil itzultzailea aspaldi honetan, eta haren urratsen gibeletik abiatu da agorrileko egun bero batean. Haren goiti-beheiti ororen berri ukan nahi luke, haren bizitzaren nondik norakoena, bizi izan zeneko denborarena; haren lekuak eta lurraldea ezagutu nahi lituzke hobeki, haren mundua nolabait entelegatzeko.
XVI. mendeko egilearen bila jalgi da, bada, XXI. mendeko itzultzailea. Hark lengoaia batean emana bertze batean eman nahi luke, ahalik fidelen, ahalik gutien tradituz; hori posible baldin bada, bederen. Hark garaiko frantsesean eskribiturikoa egungo euskarara ekarri. Haren obraren edukia ez ezik, testu antzinako hari darion tonua ere transmititzera entseatu, haren estilora ahalik eta gehien hurbildu.
Bizikleta hartu eta Zarrantzatik abiatu da itzultzailea; duela bi urte ezagutu Aspe haraneko Zarrantza herrixkatik. Eta, makurrik ezean, egitekotan den itzulia ere hemen bururatuko du, hemendik zortzi bat egunera, Cauterets-etik Zarrantzarako bide zaila eta malkartsua osatuz azken egunean (Heptameronaren aitzinsolasean mendi bide horiek denbora hartan ez zirela errazak dio, eta ez dira egun errazagoak… bi gurpilen gainean —gibelekoa aitzinekoa baino metro erdi bat beheitiago delarik, bereziki— eta orekari eutsiz korritu nahi dituenarentzat, bederen).
Heptamerona baita itzuli nahi duen obra, eta Margarita Nafarroako erregina egilea.
2022-08-22
Zarrantza, Oloroeko edo Aspeko ur handiaren ertzean, ibai ondoan agertu omen zen Ama Birjinarengana erromerian etortzeko aspaldidaniko tradizioaren gordelekua. Eta zergatik, orduan, Zarrantza, itzultzailearen bidaia honen abiapuntu? Bada hango komentuan elkartzen dituelako Margarita Nafarroakoak, Heptameronaren aitzinsolasean, obra horretan kontatuko zaizkigun 72 istorioen narratzaileak: bortz emazte eta bortz gizon, guziak etxe oneko dama eta zaldunak, beren kontakizunen bitartez benetan gertatu omen diren kontuen berri emanen digutenak —hala dio bederen liburuan—. Hantxe elkartzen ditu, bada, Margaritak (zilegi bekigu hala deitzea, luzeegia baita bertzenaz haren deitura osoa) bere liburuko protagonistak, eurite gogor batzuei ihesi heldu direla, eta, diotenez, han egin egonaldi batean eskribitu zuen Margaritak bere Heptameronaren parte handi bat1.
Zarrantzako Andredena Mariaren eliza, aspaldidanik ezaguna, eta, autore batzuen erranez, Pirinioetan Ama Birjinaren kultuari dedikatu lekuetan antzinakoenetakoa. Batik bat —baina ez soilik—, Bearnoko eta Zuberoako sentoralak (erromesak) elkarrarazten dituena, gaur egun ere oraindik urtero. Hango museo txikian kontatuko dizute ezen “Harriko Ama Birjina” zezen batek kausitu zuela uhaitz ertzeko harkaitz baten gainean, eta erranen dizute kausitze hura izan zela han gero eliza eta komentua eraikitzeko motiboa. Eta kontatuko dizute zenbat gorabehera izan zituen gerora irudi horrek mendeetan zehar, nola galdu eta berreskuratu zuten hainbat eta hainbat aldiz.
Margaritak Heptamerona eskribitzen duen garaia, XVI. mendearen lehen erdia (liburua, berez, 1558an argitaratu zen lehen aldiz, egilea hil eta 9 urtera), aro nahasia da erlijioari dagokionez. Nafarroa Garaia Gaztelako Fernando Katolikoak menderatua da jadaneko, eta Pirinioen hego aldean agintean da dagoeneko Carlos V.a enperadorea; Frantzisko I.a Frantziako erregea ere katolikoa da, baina gaztelauen etsai amorratua; aldi berean, Alemania aldetik Erreformaren hotsak heldu dira. Denbora horretan antzematen diren zantzuak XVI. mendearen bigarren erdian etorriko diren erlijio gerra odoltsuen iragarle ditugu, dudarik gabe. Eta, itzultzailearen iritziz, izanen du horrek guziak zerikusirik Zarrantzako Ama Birjinaren irudiak izan gorabehera haiekin ere.
Margarita Frantzisko I.a Frantziako erregearen arreba da, baina ez ditu gauzak hain garbi erlijioari dagokionez: haren historiak argi erakusten duenez, inguruan izan zituen beti —eta babestu zituen— ihesi zebiltzan higanotak, Frantziako Eliza Erreformatu Protestanteko kideak. Haren gortean ibili ziren, bertzeak bertze, Jacques Lefèvre d’Étaples, zeinaren liburu batzuk heretikotzat jo eta jazarria izan baitzen horregatik, eta Jean Calvin bera ere. Hortaz, Margarita Nafarroakoak katolizismoari nehoiz uko egin ez bazion ere, izpiritu erreformista antzematen da nabarmen haren bizitzan eta obran: Heptameronean berean ere, Biblia irakurtzeari ematen zaio munta hasiera-hasieratik —hor dugu Oisille anderea, narratzaileetan zaharrena, zeinak bilduriko guziei egunero Bibliaren pasarte bat irakurtzen baitie—, eta ez zen hori garaiko katolikoen joera; bertzalde, jakina da erreginak Biblia frantsesez irakurtzen zuela (aipatu Lefèvrek itzulia, hain zuzen ere, erreginak berak diruz lagundurik), hori egitea bera ere heresiatzat hartzen zuten garaian. Handik berrogei urtera, Joannes Leizarragak jasoko zuen Margaritaren alaba Albreteko Joana erreginaren dirulaguntza Biblia euskaratzeko.
Zarrantzatik behera bidea erraza da, ibai ertzetik denbora guzian Oloroeraino. Euria da, eta ibilgailuen joan-etorria espero baino handiagoa errepidean. Oloroen ere bada zer ikusia eta ikasia —hango katedrala, eta partikularki, atari nagusia ikusi beharrak dira—, baina duela guti izana dela eta aitzinerat egin du bizikletari/itzultzaileak.
Margaritaren garaian, Gérard Roussel zen Oloroeko apezpikua —erreginari esker erdietsiriko kargua, bidenabar erranik—, eta bera zen erreginaren erremusinari eta kofesor. Lefèvreren ikasle izan zen Roussel hori, Erreforma Frantzian bideratuko zuen Meaux-ko taldeko kide, eta berak gauzatu zituen Oloroeko diozesan Erreformaren ideiak; Margaritak nahi izanen zukeen moduan gauzatu ere, hots, haustura bortitzik gabe.
Paue litzateke hurrengo geltokia, baina han ere duela guti izana denez, eta gaurko aroarekin halako hiri handi batean sartzea ez duenez laket, Morlaàs-eraino jarraitzea deliberatu du itzultzaileak. Egia erran, Paueri buruz ere gauza anitz legoke kontatzeko, zeren, Margarita Nafarroan —Pirinioez ipar aldekoan, naski— bizi zelarik, hango gaztelu jauregi bilakatua izan baitzuten egoitzetarik bat erreginak eta haren senar Henrike II.ak, Nérac-eko eta Odos-eko gazteluekin batera. Baina aipatu lekuetan erreginak izan zuen jardueraz ariko gara xeheago leku horietarat heldurikoan.
Paue ezker utzi, beraz —gaztelu-jauregia han goian ikusi du itzultzaileak, itzuliko da bertze batean!—, eta Morlaàs aldera jarraitu du. Kanpaiek makur jotzen ere badakite zenbaitetan, eta gaurkoa da horietarik bat, beti ez baitira gauzak batek nahi duen bezala etortzen: heldu diren bezala hartu behar, ordea, zer erremedio! Oraino arratsaldeko hiru orenak izanagatik, Morlaàsen ilun da, eta euri tantak dira tarteka eta han-hemenka. Kalean ez dabil nehor, ostaturik ez nehon zabalik; bertzeak bertze, goseak eta nekeak kolpatua dute bizikletaria.
Morlaàseko Sainte-Foy elizaren atari erromanikoak Oloroeko katedralarena oroitarazten du, baina ez du haren benetakotasunik, hala iruditu zaio itzultzaileari, berriztatuegia ote dagoen edo (XX. mende hasieran berriztatua omen, hala irakurri du gero!). Eliza honetako ezkilek oker jo zuten 1549ko abenduaren 26an ere; izan ere, bortz egun lehenago, Bigorrako Odoseko gazteluan hila zen Nafarroako erreginaren heriotzaren berri eman zuten egun hartan. Berrogeita hamazazpi urte zituen Heptameronaren egileak hil zelarik, eta haren obra nagusia izanen zena bururatu —eta argitara eman— gabe gelditu zen.
Morlàasen abenduaren 26an hasi zen, bada, hileta zerbitzua, hots, hil ezkilen dilin-dalanarekin bat, hilotz gantzutua atera zuten jendaurrera, hil berria zen erregina handiak herriaren lehen omena jaso zezan, eta Leskarren eman zitzaion buru ia bi hilabete geroago, 1550eko otsailaren 10ean: hango katedralean erran baitzuten azken requiem meza, eta han berean hobiratu zuten Margaritaren gorputza, Nafarroako bertze errege-erregina batzuenarekin batera. Kontatzen dutenez, protokolo zorrotzeko ikuskizun handiosa izanen zen Morlaàsetik Leskarrerainoko segizio ilun hura, hiru egunetan zehar luzatu zena: beltzez jauntziriko jende anitz, nor bere sailean; zaldiak eta karrozak; hiletariak eta erostariak; musikariak eta mintzalariak; handi-mandiak eta txiroak, jauntxoak eta herri xehea.
Morlaàsetik Leskarrera dagoen bidea —hiru bat legoa izanen dira, ez gehiago— egin du, bada, bizikletariak ere gaur, eta halaxe finitu du bere ibilbidearen lehen etapa.
- Zarrantzaz eta Heptamerona euskarara ekartzeko egitasmoaz aritua naiz lehenago ere blog honetan (gaur hona ekarritako argazki batzuk ere aurreko sarrera hartatik mailegatu ditut): testuinguruan jarri nahi izanez gero, jo hona