Egilearen xerka (2): Leskarre, Ortheze eta Hagetmau

Zarrantzatik Paue ingurura —Morlaàs eta Leskarre—, handik Orthezera, eta gero ipar-ekialderat, Akitania Berriko Nérac-eraino. Néracetik, berriz, hegoalderat zuzen xamar, Tarbes ondoko Odos-eko gaztelutik iragan, eta Lourdesen barna Cauterets-eraino. Cauteretsetik, azkenik, bortuan gaindi, haranez haran —Soulor, Aubisque eta Marie Blanque mendi lepoak gaindituz—, harik eta berriz ere Zarrantzara heldu eta zirkulua hetsi arte. Horra, labur-labur, itzultzaile/bizikletariaren asmoaren nondik norakoak bidaia honetan; ea betetzen dituen.

Lehen etapak Leskarreraino eraman du itzultzailea, egun ilun baina sargori xamar batean. Leskarrera heldu delarik, eta eguzkia oraino goraxko denez, ostatuan dutxa hartu eta katedraleraino joatea pentsatu du, jakin badakien arren behar bezalako bisita ezin izanen duela egin biharamunera arte.

Ostatua, baina, ez dago herriaren erdi-erdian, eta puska bat ibili beharra dago katedralera heltzeko. Google Maps-i kontsulta egin, eta ez dio, bada, hark erantzun erranez berandu dabilela, oren horretan eliza hetsirik kausituko duela segur aski?! Nork erran dio, baina, Google jauntxoari itzultzaileak zertara joan nahi duen orain katedralerantz? Hara heltzeko bideaz baizik ez dio galdetu erabiltzaileak, ez luke programak zertan bertze azalpenik eman. Erabiltzaileak eliza kanpotik baizik ez du ikusi nahiko, agian; edo argazki batzuk egin nahiko ditu arratseko argia profitatuz, zer daki berak! Nafarroako erreginaren hiletak duela ia 400 urte bururatu zirela erranen balio, bederen, alferrik dabilela, ez dela tenorez helduko hileta karroza ikustera…

Herrirako bidean, arto landa eta etxeen artean, Jeanne d’Albret kalea kausitu du lehenik, Marguerite de Navarre hiribidea gero… (iduri duenez, utzi zuten zerbait inguru hauetan emazteki haiek, gogoan dituzte oraino). Ostatutik herriaren erdialderaino ia bi kilometro daude, eta bere denbora hartu du itzultzaileak, ez da fite ibili; hala ere, katedralera heldu delarik eliza zabalik zen oraino, eta sar-atera bat egiteko denbora ere izan du, gainera —aditu, Google? Zuzendu itzak algoritmo horiek!

Leskarre
Leskarre

2022-08-23

Gosaldu eta Leskarreko katedralera jo du berriz itzultzaileak bigarren egunean, bizikleta gainean oraingoan. Eliza ederra da, 1120an eraikia, erromanikoa. Eraikinaren beraren arkitektura ez ezik, XII. mendeko mosaikoak eta kapitel erromanikoak dira ikusgarrienak.

Leskarreko katedrala
Leskarreko katedrala

XV. mendearen hondarretik, han egon zen Nafarroako errege-erreginen nekropolia, Iruñekoa ordainkatzera halabeharrez etorria.  Hantxe ehortzi zituzten Frantzisko I.a Febo, zeina Nafarroako erregea izan baitzen 1478tik 1483ra; haren arreba Katalina I.a edo Foixkoa, erregina izan zena 1483tik 1517an hil zen arte (1512tik aitzina Nafarroa Beherean soilik gobernatu zuen, naski); eta haren senar Joan Albretekoa (Joanes III.a Nafarroakoa) eta zenbait seme-alaba. Semeetarik bat Henrike II.a Nafarroakoa izan zen, Margaritaren bigarren senarra hain zuzen, eta bi-biak —hots, senar-emazteak— daude ehortzirik Leskarreko katedralean. Hilobiok XVI. mende hondarrean hondatu ziren —marmol zurikoak omen—, protestanteak direla medio, diote batzuek, eta katedraleko ganga lurrerat erori zelako (1599 edo 1600ean) bertze batzuek. Kontua da duela mendeak galduak zirela, harik eta 1928-29an egin hondeatze batzuei esker azaldu ziren arte. Identifikatu zituzten hezurrak, sei hilkutxa ttipitan sartu, hobia konpondu eta hantxe utzi zituzten berriz ere, izenak-eta dituen metalezko plaka baten pean.

Leskarreko katedrala
Leskarreko katedrala

Leskarre utzi eta Orthezerat joan da bizikletaria —eta harekin itzultzailea, bistan da— eguerdirako. Orthezen, berriz, bertze eliza eder bat —gotikoa oraingoan: San Pedro, XIII. mendekoa— eta Bearnon protestantismoak izan zuen munta azaltzen duen Jeanne d’Albret museo interesgarria bisitatu ditu (ostaturen bat ere bai, baina guzia kontatu beharrik ere ez dago).

Jeanne d’Albret dugu Joana III.a Nafarroakoa (Margaritaren eta Henrike II.aren alaba bakarra), eta hark ezarri zuen protestantismoa bere erreinuan, 1571n, kultu katolikoa debekatuz —garai hartan, erregeak edo erreginak erabakitzen zuen bere menekoen erlijioa zein izanen zen—. Baina, aipatu den gisan, horren aurrekaria dugu Margarita Nafarroakoaren beraren lana, Méauxko taldekoekin —Oloroeko apezpikua, bat aipatzeagatik— zituen harremanak, haren babesean bildu zituen erreformazale ospetsuak, Lefèvre edo Calvin, errate baterako, eta abar. Margaritak eta Oloroeko apezpiku Gérard Rousselek giristino elizaren erreforma nahi zuten, baina Erromarekin hautsi gabe, eta, izan ere, bi horiek ez zioten nehoiz uko egin beren katolikotasunari. Baina, denborarekin, aferak alde bat nahasi ziren egun Frantzia den lurralde guzian, eta “erlijio gerra” izenez ezagutzen direnak piztu ziren bata bertzearen gibeletik, zortzi orotara: katolikoak, alde batetik, eta higanot edo protestanteak, bertzetik. Erran beharra dago Frantziako Erreinuak, ofizialki, beti katoliko iraun zuela; Albretar erreginaren meneko lurraldea, berriz, protestante izan zen legez zenbait urtean, nahiz eta barnean ere izan zituen arazoak, iduri duenez Nafarroa Behereak eta Zuberoak gehienbat katoliko iraun baitzuten.

Erlijio gatazka bortitz horiek 1562an hasi ziren eta 1598ra arte iraun zuten, eta, gertakaririk ezagunena aipatzeagatik, San Bartolomeren gaueko sarraskia ekarriko dugu hona, zeinetan milaka protestante hil baitzituzten. Parisen agitu zen, 1572ko San Bartolome egunaren bezperan hasirik, Henrike III.a Nafarroakoa (Joana III.aren semea, higanoten buruzagia orduan, gerora katoliko bihurtu eta Henrike IV. izenarekin Frantziako errege izatera helduko zena) Margarita de Valois-rekin (Margot erregina izenaz ezaguna, katolikoa) esposatu berri eta ezteiak oraino ospatzen ari zirela. Parisen hasi zena, ezteien kariaz bertaratuak ziren noble protestanteak eta higanoten buruzagiak xede, erreinu osora zabaldu zen gero, eta gizarte maila orotako pertsonak hil zituzten han eta hemen (10.000tik 30.000ra bitartean, iturriak iturri); badirudi Nafarroako erregea ez hiltzeko manaturik egon zela, Frantziako erregearen arrebarekin ezkondu berria baitzen, eta kontua da libratu zela. Erlijio gerra odoltsu haiek zenbait urtean iraun zuten gero ere, eta Henrike IV.a Frantziakoak eman Nantes-eko Ediktuarekin —eta harekin batera zetorren amnistiarekin— bururatu ziren. Nanteseko Ediktuak erlijio askatasuna bermatu zuen erreinu osoan.

Lehenago ere aipatu dugu Bibliak protestanteendako zuen garrantzia, eta Biblia, latinez irakurri orde, nork bere hizkuntzan irakurtzea hobesten zutela haiek. Itzulpenez ari garela, Joanes Leizarraga aipatu behar berriz hemen: Joana III.ak, Erreformaren aldeko ideiak zabaltzeko xedez, intelektual protestanteak babestu eta lagundu egin zituen, eta Jean Calvinen katixima bearnesera itzultzeko bezala, adibidez, eman zion laguntza Joanes Leizarraga artzain kalbindarrari ere Testamentu Berria euskarara ekartzeko: Iesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria, 1571. Ezaguna da testuaren hasierakoa, non lana erreginari eskaini eta eskerrak ematen dizkion:

Gucizco Andre Noble loanna Albrete Naffarroaco Reguina Bearnoco Andre guehién &c. denari, bere cerbitzari gucizco chipiac eta gucizco obedientac, loannes Leiçarraga Berafcoizcoac, Iesus Christen gratiá eta baquea desiratzen.

Zorte hori izan genuen euskaldunok, bada, eta hor dugu orain, irakurgai eta jorragai, euskara batuaren bidean lehen urrastzat hartu ohi den itzulpen handi hori.

Lehenagotik ere bai, baina itzultzailea bere baitan ari da egun hauetan, pedalei eragin arau, ez ote duen testu horretan kausituko eredu egoki bat bere lanerako, hau da, Heptamerona euskaratzeko. Itzultzaileak esku artean duen euskaratze lanaren xede bat bada, naski, garai hartako testuen tonu-estiloak erdiestea; baina gai izan behar da horretara heltzeko, ez da erraza, anitz jakin behar da. Axularren Gero, Arestiren Dekamerone Ttipi bat, Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago… badago zer irakurria eta zer ikasia, denbora eta gogoa izanez gero. Bertzalde, XXI. mendean bizi gara, eta itzulpen honek irakurlerik izanen badu, XXI. mendeko irakurleak izan beharko ditu: irakurle horiendako testua sortu behar da, beraz, bistan da.

Orthezetik ipar alderat jo du bizikletariak. Asmoa gaur Saint-Sever-eraino heltzea zen, baina, lotarako lekurik kausitzen ez, eta Hagetmau-n gelditzea pentsatu du. Eta gauzak nola diren: hantxe zendu zen, 1555ean, Margarita Nafarroakoaren senarra, Henrike II.a. Errege nafarraren heriotzaren bi bertsio bederen badira: batzuek diote aldizkako sukarrak izaten zituela, eta, Hagetmaun zela, halako krisialdi batek heriotza ekarri ziola; bada dioenik erregearen zaldia baten batek akuilatu zuela, eta hura asaldatu eta zaldizkoa eraitsi zuelarik, erregea oina askatu ezinik gelditu zela eta lurretik herrestan eraman zuela zaldiak luzaz.

Henrike II.ak Nafarroa Garaia nola berreskuratuko pentsatzen eman omen zuen bizitza osoa, eta, historialari anitzek diotenez, horrexegatik esposatu zen Margaritarekin, haren anaia François I.a —Frantziako erregea— bere alde jartzeko, eta lagundu ziezaion Pirinioen bertze aldeko erreinu galdua berreskuratzen. Baina errege frantsesaren interesa gehiago zen, iduriz, Gaztelaren kontra jotzea, Nafarroa Garaia berreskuratzen laguntzea baino. Eta, 1521ean, armada frantsesak eta nafarrak bortuak iragan zituzten, Nafarroa Garaia hartu zuten eta Logroñoraino heldu ere bai, baina gibelera eginarazi zieten Karlos V.aren gaztelauek, eta, azkenik, Noainen, errege nafarraren esperantzak oro errekarat eramanen zituen desegigoa agitu zen.

Hagetmaun eman du, bada, gaua itzultzaileak, pentsatuz oraingoan bideak ekarri diola berari egilearen inguruko kontu bat, ustekabean, bera bila joan gabe.