2022-08-24 eta 25
Egun ere, gohak zapaldu ditu bizikletaria eta itzultzailea, tenperatura ez da 40 gradutik urrun ibili eguerdian eta arratsaldeko lehen orenetan. Errepidea nekagarria da, gora-beherak anitz eta gorabeherak ere ez guti. Hasteko, Saint-Sever-eko eliza ikusi ondoren herritik nola atera asmatu ezinik ibili dira, itzulika bizpahirutan, plaza nagusiko ostatuetako terrazetan itzalean dauden turisten ikusgai. Bertzalde, Mont-de-Marsan-era (Mendi-Marzana omen, euskarazko tradizioan) bazkaltzeko tenorez heldu nahi eta ezina, GPSak behin eta berriz bideratzen baitzituen bi erreiko errepide nagusi batera, non automobilak eta kamioiak ziztuan eta oldarrean iragaten baitziren bizikletaren saihetsetik, bizikleta bera eta gainekoa dar-dar batean paratuz; hortaz, behin eta berriz errepide nagusi hori utzi eta bide ttipiago baten xerka ibili behar izan dute, denbora sobera emanez harat-honat horietan. Hala, Mont-de-Marsanera heldu orduko bazkaltzeko tenorea pasatuxea zen —Hegoaldean bazkaltzekoa ere bai ia—, eta, itzultzaileak herria ezagutu nahi bazuen ere, bizikletariak nahiago zuen aitzinerat egin eta leku lasaiago batean gelditzea. Finean, aitzina jotzea deliberatu dute, eta Labastide-d’Armagnac-era heldu direnerako –bazkaldu gabe, naski– ongi joak ziren arratsaldeko hiru orenak.
Labastide-d’Armagnac herrixka lasaia da, Erdi Aroko kale egitura gordetzen duena, eliza gotortu handi bat plazaren izkina batean, zurezko habeek osatu bilbeak agerian dituzten etxeak han eta hemen. Eta herri honetan ere historia atera zaio bidera itzultzaileari berak xerkatu gabe: Margarita Nafarroakoaren semetxi bat da oraino ere oihartzunik eta irri maltzurrik eragiten duena hemen, herri honetan zuen amoranteren batengana —ukan omen zituen ehunka amoranteetarik batengana— etortzen ote zen-edo, amaren lurraldeen ikuskari zebilelarik. Semetxi hura ez baitzen edonor: Henrike III.a Nafarroakoa zen, Joana Albret-ekoaren semea, higanoten buruzagi izan eta gero protestantismoa bazter utzi eta Henrike IV.a Frantziakoa bilakatuko zena; ospe handiko erregea (Frantzian), ospe handikoetan, eta guziz maitatua oraino ere frantsesen artean, itzultzaileak Néracera heldu orduko egiaztatu ahal izanen duenez. Labastide-d’Armagnac-eko plazako arkupeetan inspiraturik manatu zuen Henrike IV.ak Pariseko Place des Vosgues eraikitzea, hala diote bederen.
Biharamunean, goiz jaiki —egunak gaur ere ekarriko bide duen beroari ihes egiteko modu bakarra—, gosaldu eta Néracerat abiatu da itzultzailea, bidaia honen xede nagusia duen hiriaren xerka. Bizikletariak, berriz, Notre Dame des Cyclistes ermitan geldialdia egin nahi izan du, bide ondoan zegoela-eta. Labastidetik hara bizpahiru kilometro baizik ez dagoenez, bederatziak jotzerako hantxe ziren bi-biak. Nehor ez inguruan, leku baketsua iduritu zaie benetan, goizeko argia ere lagun zuten eta: eliza XI. mendearen hondarrean eraikia da, eta, nahiz eta inguruan dagoen Ama Birjinaren estatua eta txirrindularien omenezko izkribuak aski zarpailak izan, uneak eta lekuak merezi izan dutela aitortu behar izan dio itzultzaileak bizikletariari. Eliza barnean bada museo bat, baina itzultzaileak irakurria zuen han gordetzen dituzten maillot, culotte eta bertzelako trasteak interes handirik gabekoak zirela — fetitxismoak fetitxismo—, eta ireki arte egon gabe partitzea deliberatu dute.
Egungo ibilbidea, herri ttipien arteko errepide estuak, xarmantagoa izan da aitzineko egunetakoa baino, eta, aitzineko horietan bezain bero eginagatik, aiseago osatu dituzte kilometroak, eta bazkalordurako Néracen ziren.
Nérac Albretarren erresuma da, harat heldu orduko antzematen da; baina, nagusiki, Henrike IV.aren —Labastidera bisitan etorri ohi zen Henrike Handiaren, borboiaren— hiria da, eta erdi aldera hurbildu bezain laster haren brontzezko estatuatzar batek egiten dio ongietorria bisitariari, gaskoiez: À nosté Henric. Eta honaino heldu nahi zuen, hain zuzen, itzultzaileak bidaia honetan, Néraceko gorteak Errenazimentuan izan zuen garrantzia hurbiletik ezagutzera; baina garrantzi hori ez zion eman, preseski, Frantziako erregetzara heldu zen lehen borboi hark, baizik eta haren amatxi Margaritak, Heptameronaren egileak.
Pauen zegoen, bai, errege-erregina nafarren jauregi eta egoitza nagusia, baina, Henrike II.a han maizago egon ohi bazen ere, haren emazte Margaritak gustukoago zuen, iduriz, Néraceko gaztelu ttipiagoa, eta han ematen zuen denbora gehiena. Néracen, Margaritak eraikiarazi zituen gazteluaren ondoko jardin ederrak, Margaritak osatu zuen gazteluko liburutegi aberatsa, Margaritak sustatu zituen arte ederrak han, Margaritak erakarri zituen intelektualak bere gortera; eta horrek denak eman zion ospea hiriari. Margaritak, eta haren bideari jarraitu zion Joana alabak, Henrike II.a hil zelarik Nafarroako erregina izanen zenak (Joana III.a). Eta autore gehienak akort dira erratean Néraceko gorte hartan inspiratu zela Shakespeare, Nafarroari buruz eskribitu zuena eskribitzeko: Navarre shall be the wonder of the world (hots, Nafarroak liluratuko zuela mundua; 1598an argitaraturiko Love’s Labour’s Lost antzezlaneko pasarte batean).
Baina Néraceko gorteari buruz zabalago ariko gara hurrengo blogoetan.