Egilearen xerka (4): Néraceko gortea

Shakespearek bazuen Néraceko gortearen aberastasun kultural eta intelektualaren berri, eta han izana zela dioenik ere bada. Iduriz, ezagutza horretan oinarritu zen Nafarroak mundua liluratuko zuela iragartzeko (Nafarroako Erregearen parkean kokatzen du Love’s Labour’s Lost antzerki lanaren lehen eszena). Baina Nérac Nafarroa al da, bada?

1512tik aitzina, Nafarroako Erreinuak Pirinioetatik ipar aldera zituen ondasun eta lurrei eusten zien, hego aldekoak galduak baitzituen jadaneko. Lurralde zabala gordetzen zuen, ordea, Pirinioetatik haraindi: egungo Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, Bearno, Bigorra, Foixko konderria, Armagnac, albretarren lurrak… Eta albretarren lurralde zabalaren hiri buruzagia zen, hain zuzen ere, Nérac1.

Nérac arratsean
Nérac arratsean

Denbora hartan jakina da erreinuak gerren… eta ezkontzen bitartez hedatzen zirela. Albret leinua Landetako Labrit herritik dator (haien izena ere Labrit zen antzina), eta hasieran jaurerri ttipi baten baizik jabe ez ziren jauntxo handinahi haiek beren jabetzak zabaldu egin zituzten emeki-emeki, eta, hala, Nafarroako errege izatera ere heldu zen haietarik bat, Joanes Albretekoa Joanes III.a Nafarroakoa bihurtu baitzen Katalina Foixkoarekin esposatu zelarik, 1484an.

Heptameronaren autorea Margarita Angulemakoa (edo Valois-ekoa ere erraten zitzaion, deitura hori aski nahasgarria bada ere) dugu, zeina Margarita Nafarroakoa bilakatu baitzen arestian aipatu errege-erreginen seme Henrike II.arekin ezkondu zelarik, 1527an. Eta, lehenago erran bezala, Margarita izan zen Néraceko gortea izarniarazi zuena.

Itzultzaileak bizikletariari pausu eguna eman dio gaur, eta Néracen eman dute egun osoa. Itzultzaileak hurbiletik ezagutu nahi zituen egileak hainbat denbora ematen zuen hiria, egilearen egoitza zen gaztelua, non egiten zituen hark bere ibiliak inspiratu eta eskribitzeko… Eta xede nagusietarik bat, jakina, gaztelua zen, non orain museo bat baitago.

Néraceko gaztelua izan zenaren laurden bat baizik ez da egun, gaineratekoa Frantziako Iraultzaren ondoren suntsitua omen. Baina Errenazimenduan, gazteluan egoitza izan zuten gorteek Europa guzian ukan zuten ospea, orduan heldu zen Nérac bere goien gradura. Lehenik, Margarita Nafarroakoaren gorte humanista aipatu behar da (1527-1549); ondoren, 1555etik aitzin, haren alaba Joana III.aren gorte protestantea; eta hura hil zelarik, 1572an, haren seme Henrike III.aren gorte dotore eta fina, zeina, errege maiteari esker ez ezik, haren emaztea zen bertze Margarita bati esker nabarmendu baitzen: Margarita Valoisekoa (Margot erregina), hura ere ikasia eta izkiriatzailea.

Gaztelu museoan bi estai daude ikusgai, eta bisita goiko estaitik hasten da: Henrike IV.a Frantziakoa da han jaun eta errege (Henrike III.a Nafarroakoa ere bada, ez ahantz), haren izaera, balentriak eta abar erakusten eta usainarazten zaizkio bisitariari.

Henrike hori Paueko jauregian jaio zen, 1553an, eta Joana III.a Nafarroakoaren eta Antonio Borboikoaren semea zen. Ama hil zelarik bera bihurtu zen Nafarroako errege (Henrike III.a), eta, lehen ere aipatua dugunez, bera izan zen higanot edo protestanteen burua, eliza erreformatua ofizial eta bakarra zen erreinuan. Duela hilabete pare bat Paueko jauregian izan zelarik, itzultzailea ohartu zen Henrike horren karismaz eta bisitariengan oraino sortzen duen mirespenaz, eta gauza bera hauteman du Néracen. Henrike IV.a, Henrike Frantziakoa, Henrike Handia, Henrike Borboikoa, le Vert Galant2: horra haren deitura ezagunenak. Errege horrek oraino sortzen duen lilura nabarmena iduritu zaio itzultzaileari: jaio zeneko istorioetarik hasiz, non kontatuko baitizute mundura orduko Jurançon-eko ardo poxi bat eman ziotela edan zezan eta baratxuriz torratu zizkiotela ezpainak, eta dortoka oskola bat ukan zuela sehaskatzat (hantxe dago hura oraino, Paueko jauregian, bisitarien ikusgai); lehen urteetan hartu zuen heziketarekin jarraituz, zeinetan, diotenez, Bearnoko baserrialdean eman baitzituen zenbait urte, eta aldi hartatik zetorkion, nonbait, gero jende xehearekiko zuen lañotasuna eta apaltasuna; haren eskuzabaltasuna gerran garaituekiko; eta, orobat, lehen aipatua dugun emakumezaletasuna ere, horrek ere zenbaitengan mirespena sortzen duela esango bailuke itzultzaileak. Néraceko gazteluan, nahi izanez gero badago erregeak erabili ohi zituen urrin onak usaintzea, baina baita haren keru txarrak ere, haren oin kirasdunen gasna usaina, errate baterako, eta bisitariek horiek denak usaindu ahal izateko goititu behar diren estalkitxoak goititu egiten dituzte eta sudurrak hurbiltzen; eta irriz lehertu beharrean ikusiko dituzu, gidariak kontatzen duelarik haren emazteak garbitzera igorri eta beztimenda kanbiarazi egiten ziola, ehizatik edo guduren batetik heldu eta haragi irritsez sumatzen baldin bazuen.

Néraceko gaztelua
Néraceko gaztelua

Behereko estaian dago, ordea, itzultzailearendako interes handiena duena, itzultzaileari semetxi gerlaria baino gehiago interesatzen baitzaio haren amatxi Margarita, idazlea, eta haren obra zabala, eta horretaz dagoen informazio guzia behereko estaia horretan dago; hor erakusten dute Nérac intelektualendako gune eta protestanteak eta katolikoak bakean bizi izan ziren hiria izan zenekoa (Nanteseko Ediktua baino lehen, handik kanpo erlijio kontuengatiko gerraldi latzetan zebiltzalarik).

Margarita Nafarroakoa, haren obraren nondik norakoak ikusi baizik ez dago entelegatzeko azken aldian haren irudia berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginak, zergatik dioen ikertzaile anitzek Errenazimenduko perla ahantzia dugula Heptameronaren autorea3. Erregina emazte ikasia eta kultura handikoa izan zen, eta hainbat hizkuntza egiten omen zituen (museoko gidariak zazpi edo zortzi hizkuntzatan moldatzen zela erran dio itzultzaileari, ez dakiela euskaraz ba ote zekien); eta politikan ere trebea, iduri duenez: haren anaia Frantzisko I.a, Frantziako erregea, Paviako guduan presoner egin zutelarik, bere diplomazialari trebetasunak baliatu behar izan zituen, bera izan baitzen igorria anaiaren erreskatea negoziatzera, Madrilera. Eta izkiriatzaile lanaz denaz bezainbatean, erran beharra dago Margarita helduaroan hasi zela egingai horietan, eta poesia, antzerkia, kantak eta narrazioak eskribitu zituela (haren obra osoa, XXI. mendean argitaratua, hamahiru liburukitan inprimatua da). Bizi zela inprimarazi zituen lan batzuk, baina bistakoa da Heptamerona bururatu gabe gelditu zitzaion lan nagusia izan zela, bera hil ondoren alaba Joanak inprimarazi baitzuen.

Margaritak gortean izan zituen faborito eta gonbidatuen artean, aipatzekoak dira, lehen ere aipatu ditugun erreformazale ezagunez gain eta bertzeak bertze, François Rabelais eta, bereziki, Clèment Marot poeta, zeina Margaritaren sekretarioa izana baitzen hura Nafarroako erregina izan aitzinetik ere (eta mihi batzuek diotenez, sekretario eta faborito ez ezik, bertze zerbait gehiago ere bazen Marot Margaritarendako). Ikertzaileek diotenez, Marot horrek eta gure Detxeparek bazuten elkarren ezagutza, bien adiskide zen Bernard Leheteren bitartez bertzerik ez bada; Lehete hori Erregeren abokatu zen Bordelen, eta hari dedikatzen dio Detxeparek, eman laguntza eskertuz, bere Linguae Vasconum Primitiae, zeina Bordelen inprimatu baitzen 1545ean. Horiek horrela, ez dirudi zentzugabea pentsatzeak euskal literaturako lehen lan hori ere ez dagokeela Margaritaren gonapetik arras urrun —lehenago ere errana dugunez, handik zenbait urtera Leizarragaren Testamentu Berriaren itzulpena izanen zen Margaritaren alabaren laguntza izanen zuena.

Nérac: Garenneko parkea
Nérac: Garenneko parkea

Gaztelutik jalgi eta Margaritaren garaian gaztelu ondoan eginarazi zuten Garenneko parkera joan da ibilian itzultzailea —horixe izaten ahal da Shakespeareren antzezlaneko parkea, hala dio zenbait autorek—, eta han irudikatu du Heptameronaren egilea pasaietan, bera bezala tableta bat harturik (tableta hitzak dituen bi adiera desberdinetan, naski, zurezkoa eta elektronikoa), eskribitzen, Baïse ibaiaren gurgura eta zuhaitzen hostailaren firfira lagun dituela (ez da, halere, guziz zehatza hori horrela erratea, garai hartan eskribitzera dedikatzen ziren noble jendeek lan hori berendako egiten zuten sekretarioak ukaiten baitzituzten beti ondoan, berek diktaturikoa kopiatzen zutenak)… Heptameroneko istorioetarik batzuk ere parke horretan kokatzen ditu egileak.

  1. Egun Akitania Berriko eskualdean dagoen hiri ttipi bat da (26.000 bizilagun), Lot-et-Garonne departamenduan.
  2. Agure andrezalea, herri bakoitzean amorante bat aiduru ukaiten omen zuelako-edo hala deitua.
  3. Marguerite de Navarre, perle de la Renaissance. Patricia Eichel-Lojkine, 2021.