Hego Amerikako kontinentetzat hartzen dena Froward Lurmuturrean “amaitzen” da, hala diote geografoek, lurmutur hori izaki kontinentean hego alderen dagoen gunea: Txileko Punta Arenas-etik Magallaesen Itsasartean barrena 48 itsas milia hego alderantz jo, eta itsasarteko urek ipar mendebalderantz jotzen duten puntuan —mapan, jakina—, hantxe dago aipatu lurmuturra: klima baldintzak direla medio behin eta berriz konpondu eta berreraiki beharra dagoen gurutzetzar batek seinalazen du gunea, eta Froward izenak berak adierazten omen du leku babesgabe, arrikutsu eta maneiagaitza izan dela beti marinelentzat. Handik hego aldera, hots, Magallaesen Itsasartearen beste ertzean, kontinentearen parte ez den uharte handi bat dago —Suaren Lurraldeko Uharte Handia—, ehunka uharte txikiz inguratua, Ozeano Barearen aldetik batik bat. Hego Amerikaren hego muturreko igitaia puzzle moduko batek osatzen du, zeinetan piezen arteko tarteak ur sakon eta hotzek betetzen dituzten.
Magallaesen Itsasartearen hego aldera geratzen den inguru horren mapei begiratu bat ematea besterik ez dago geografia urratu eta korapilatsu baten aurrean gaudela ohartzeko: ehunka itsas kanal; fiordoak han eta hemen; golko, senadi eta badiak; lurmutur eta lurmihiak; irla eta irlatxoak; mendiak, labarrak, aintzirak, ibaiak; latitude hauetako klima hotz eta hezearen berri ematen diguten izotz ordoki zabalak eta haietatik itsasorantz mantso-mantso amiltzen diren izotz mihi eskergak…
Leku izenei erreparatzen badiegu, berriz, berehala jabetuko gara XVI. mendetik honako esplorazio ekinbideen zailtasun eta arriskuen berri ematen digutela; lurralde hauen kolonizazioaren historia osatzen dute, nolabait, leku izen horiek. Fernando Magallaes eta berarekin zirenak izan ziren, antza, marinel haren izena daraman itsasarte horretan barna Atlantikotik Pazifikorantz menturatu ziren lehen europarrak —Elkano ere tartean izango zen, noski—, 1520an. Beren ontzietan itsasartean aitzina zihoazela, ababorretik suak ikusten omen zituzten lehorrean; bertan bizi zirenek piztutako suak ziren, eta horrek ekarri zion lurraldeari bere deitura berria: Suaren Lurraldea. XIX. mendeko esplorazio bidaien eta kolonizazio jardunaren isla ere badira leku izen horiek: Fitz Roy Beagle ontziaren kapitaina; Darwin, Beagle ontzian bidaiatu zuen naturalista ospetsua; Thomas Bridges misiolari ingelesa…; Txileko eta Argentinako estatu independizatu berriak; ganaduzale handiak, itsas otso eta txakurren larru bila zebiltzan ehiztariak, baleazaleak, urre-bilatzaileak; misiolari salestar eta anglikanoak; lurralde zabalen jabetza eskuratu ahal izateko enbarazu egiten zieten indiarrak ontzitik bertatik tirokatzen zituzten “giza ehiztariak”.
Leku hauetako gehienek gaztelaniazko izendapena dute egun; gutxi batzuek ingelesezko —edo Europako beste hizkuntzaren batetik jasotako— deitura gordetzen dute. Kasu bakan batzuetan baino ez dira irakurtzen ahal mapetan europarren aurretik hemen bizi zirenek leku horiei ematen zizkieten izenak. Edozein kasutan, mapari begira jartzen denari gehiago jakiteko gogoa sortuko zaio deitura edo toponimo horietako asko eta asko irakurritakoan, deitura horiek historia eta istorio anitzen oihartzunak baitakarzkigute, inondik ere; poesia hutsa ekarri ere, zenbaitetan, literaturarako elikagai iradokitzailea.
Hala nola, gizakiak aurkitu zituzteneko lekuen berri ematen dutenak: Jende Handiaren Badia, Indiarraren Senadia, Jendearen Lurmuturra, Haurren Lurmihia…
Edo beste zerbaitekin topo egin zutenekoak: Ur Geza herrigunea, esaterako. Herriguneei emandako izen polit askoak ere badira tartean: Konkordia, Harmonia, Etorkizun…; baina baita Diskordia bezalakoak ere —nola demonio egingo ote dute herri horretako gaurko bizilagunek toponimoaren zamari aurre egiteko eguneroko bizimoduan?!—. Hor ditugu orobat geografiari berari edo egutegiko data jakinei keinu egiten diotenak: Lurmihi Bakartia, Alferreko Badia, Pasabide Bihurria, Lehen eta Bigarren Meharguneak, Labirinto Uhartea, Azken Lurmihia; Urteberri Eguneko Badia eta Urteberri Eguneko Golkoa. Gertaera on eta ez hain onak gogorarazten dituztenak ere bai: Gertakari Onaren Lurmuturra eta Badia, Iruzurraren Uhartea eta Lurmuturra, Diskordiaren Kala, Desakordioaren Lurmihia, Gosearen Portua eta Gosearen Pasabidea, Saminaren Badia… Eta gizon haien esperantza, etsipen edo desiren oihartzun ozen direnak: Lurmutur eta Aintzira Desiratuak, Esperantzaren Portua, Ustekari edo Iguripen Lurmuturra, Itxaropenaren Kala… Aipa ditzagun, azkenik, irudimena dantzan jartzen diguten beste hauek ere: Jabetza Itsasargia, Egonarriaren Mendilerroa, Nahigabearen Uhartea, Probidentziaren Uhartea, Ahanztura Lurmihia, Gupida Lurmihia…
Izen horiekin batera badira hemendik ibilitako esploratzaile, zientzialari, politikari, apaiz jende eta kolonizatzaileen omenez jarritakoak ere, noski: Fitz Roy Kanala, Darwin Mendilerroa, Bridges Uharteak, Alberto de Agostini Parke Nazionala, Fagnano Lakua, Puerto Williams; Aguirre, Zañartu eta Jaureguiberry uharteak. Europako zenbait herrialderen izenak ere bai, hala nola Italia, Espainia eta Holanda izenez birbataiatutako glaziarrak; edo jatorrizko jendeen azken 150 edo 200 urtetako historia saminki berritzen digutenak: horra Jemmy Button Uhartea, esaterako, zeinak Orundellicoren, ingelesek berrizendatu eta bataiatu zuten yámanaren patua oroitarazten digun. Eta, gutxienak izan arren, badira Tinquichisgua Lurmihia, Ushuaia, Yendegaia, Lapataia, Wulaia, Villa Ukika… bezalako deiturak ere, zeinek gogora ekartzen baitigute bazirela inguru hauetan, europarrak etorri baino askoz ere lehenagotik, beren bizimodua eremu latz hauetan aurrera ateratzen zuten gizon eta emakumeak —yámanak, selknam edo onak, kawésqarrak—, beren kultura eta beren hizkuntzak zituztenak, eta, kolonizazio prozesu genozida baten ondorioz, gaur egun museoetako bitrinak betetzeko baino geratu ez direnak.
Ederra artikulua!
Gauza pare bat gehitzea otu zait:
P. Williams kokatzen den Navarino uhartearen izena Otomandarren aurkako bataila baten izenean omen du jatorria.
Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztuan paraje eta izen horietako batzuk agertzen dira Antartikarako bidean.
ZBko bidaian ere maorierazko toponimo asko ere poetikoak egiten zaizkit: Kaikoura, Waipapa, Te Anau. Hiri nagusietan berriz berriak jarri zituzten, batere poetikoak ez direnak, eta batzuk oso zatarrak, Christchurch eta Queenstown esaterako.
Eskerrik asko, Xabier.
Musika berezia duten Patagoniako beste izen poetiko batzuk: Coihaique, Hualaihué, Futaleufú, Neuquén, Chubut