Pandemia, adimen artifiziala eta literatura

Aurreko asteetan ere zabaldua zen zurrumurrua inguruko hondartza batzuetan gertatzen ari zenaz, baina ez genion jaramon handirik egin. Igande goiz hartakoak, ordea, harri eta zur utzi gintuen.

Urrutitik sumatu genuen kolore arrea, eta bezperako euri jasari egotzi genion. Hurbildu ahala, berriz, olatuen gaineko aparrari ere ez genion traza onik hartu, eta bertaratu ginelarik kiratsa aditu genuen; hura ez zen betiko kresal usain gazi eta garbia.

Gorozki, mokordo, kakaz estalita ageri zen ur gaina, olatua lehertzen zen puntutik hondarreraino behintzat; baina, jakina, harantzago ere antzekoa zen egoera. Hiriko hondartza eder hura, munduan ezaguna zen ingurune paregabe hura satsu eta lohi ikusteak tripako mina ematen zuen.

[…]

Ipuin edo istorio hasiera horrekin bueltaka nenbilela, adimen naturalak ez zuela gehiago ematen eta “artifizial bat” —horrela esaten dio orain jende guztiak, alferrik izango da honezkero horri aurre egiten indarrak xahutzea— probatzen hasi naiz. Ipuinaren hasiera zehatza eman diot sistemari, aurreko testuko berbera (goiko testuko lehen bi esaldiak eman dizkiot, baina, beherago ikusiko den bezala, ez ditu beren horretan baliatu berea sortzerakoan), istorioaren sakonean zer nahi nukeen-edo ere adierazi diot (pandemiaren metafora bat nahi nuela, hain zuzen), eta, zenbait tira-biraren ondoren (tematuta zegoen, izan ere, gaixotasuna, medikuak, zientzialariak eta abar aipatzen testuan, bai eta ikasbide edo moralejaren batekin amaitzen ere!), honako istorio hau osatu du trepetak, di-da batean1:

Aurreko asteetan zurrumurrua hedatu zen inguruko hondartza batzuetan gertatzen ari zen fenomeno natural bitxi batena, baina ez genion jaramon handirik egin. Igande goizean, ordea, ustekabean harrapatu gintuen, zerbait desberdina gertatua zen.

Hondartzara iristean, konturatu ginen itsasoa desagertu egin zela, eta lehen olatuek estaltzen zuten maskor eta harri lerro bakarra geratzen zela. Ez genekien nola iritsi ginen puntu horretara, baina bazirudien zerbait aldatu zela ezagutzen genuen munduan. Laster zabaldu zen albistea, eta konturatu ginen gure hondartza ez ezik, munduko hondartza guztiak ere fenomeno bera jasaten ari zirela. Baina aurrera egin ahala, gauza are harrigarriagoa aurkitu genuen: itsasoa ez zela erabat desagertu, baizik eta erretiratu egin zela prestatzeko eta indar handiagoz itzultzeko.

Hondartzek itsasotik alde egin behar duten bezala berritzeko eta eraldatzeko, munduak etenaldi bat behar zuen bizirauteko modu berriak aurkitzeko eta aurrekaririk gabeko erronka global bati aurre egiteko. Eta aldaketa baten ondoren hondartzak inoiz berdinak ez diren bezala, ezagutzen genuen mundua ez da berriro berdina izango, baina pazientzia, lankidetza eta itxaropenarekin, guztiontzako etorkizun hobea eta indartsuagoa eraiki ahal izango dugu.

Aurrekoa ikusita, ezin uka idazle agor eta antzuek badutegula orain eskura irudimena dantzan jartzeko baliabide berririk, ez bada istorio osoak sortzekoa; ahaztu gabe Propp, Rodari eta beste, noski, ipuinaren morfologia eta fantasiaren gramatikak —horiek hor izango ditugu beti, ardo onak luze irauten du—, eta gaur egun webean hain aise aurkitzen ahal diren eta sormenaren pizgarri diratekeen hainbat eta hainbat gauza…

Honaino, bada, gaur egitea okurritu zaidan ariketa, blogoeta honetan emana. Iruzkinak ongi etorriak izango dira, noski.

  1. Proba gaztelaniaz egin dudanez, webean eskura dauden itzultzaile neuronaletako baten euskarazko bertsioa ekarri dut hona, oso zuzenketa axalekoak eginda.