Idazten hasi berri hura bizpahiru aldiz baino ez zen egon, aurrez aurre, miresten zuen idazle zailduarekin. Ez du gogoan zerk elkartu zituen aldi gutxi haietan, baina bai batean autoz joan zirela biak beste norbaitekin, bata bestearen ondoan jarrita atzeko eserlekuan, Bilbo aldera-edo, autobidean barrena; ez du gogoratzen ez nora joan ziren zehazki, ez eta zertara ere. Idazten hasi berria idazle zailduaren irakurlea zen —garai hartan, gainera, dezente ari zitzaiola irakurtzen esango luke—, eta, kilometroak atzean utzi ahala, lotsak uxatu eta galdetu egin zion: zer liburu, zein autore gomendatuko zenidake irakurtzeko, Joan Mari?
Hurrena elkartu zirenean, idazle zaildua makinaz idatzia zuen autore eta obra gomendatuen zerrenda ordenatu batekin etorri zitzaion: Alas “Clarin”, L.: La Regenta; Aleixandre, V.: La destrucción o el amor; Baldwin, J.: Otro país; Becket, Borges, Böll, Brecht, Butor, Calvino… eta horrela 77 autoreko lista, bi orrialde eta erdi txukun-txukun mekanografiaturik, non autore bakoitzeko liburu batzuk —bakarra, kasu batzuetan— ageri baitziren. Eta orrialde haien atzetik, grapaz josirik, beste bi zeuden, non, eskema berari jarraiki, “euskal autore gomendatuak” baitzeuden; “oraingoenetatik antzinakoenetara” ordenatua, kasu honetan: Sarrionandia; Atxaga, B.; Lertxundi, A.; Aristi, P.; Izagirre, K.; Mujika Iraola, I.; Arrieta, J. A.; Txillardegi; Saizarbitoria… Axular; Tartas; Leizarraga; Etxepare, B.
Hogeita hamar urte izango dira, aise, idazleak zerrenda hura eskuratu zionetik, eta duela hamabi egun, hura zendu zelako albiste tristearen berri jakin zuelarik, paper zahar haien bila hasi zen. Kostarik, baina aurkitu zituen azkenean, ongi zekien-eta gordean zituela. Paperok horiturik daude zeharo, eta hezetasunak-edo sortu orban horiztaz beterik, gainera. Azken orria, berriz, tolesturik egon delako-edo, zulotxoz eratu lerro batek banatzen du bitan: lerroalde hori gasta-gasta eginik dago (zuloak pipiaren lana izango dira, noski), eta kontuz erabili ezean aurki da bi puskatan.
Erreparatzen dio orain zerrenda hari, eta berehala ohartzen da hor agertzen direla, euskarazkoen artean behintzat, autore modernoak ez ezik hain gutxi irakurtzen ditugun klasikoak ere. Eta burura etortzen zaio hor daukala, etxeko apalean, Lur bat haratago “klasiko modernoa”, irakurtzeko oraindik. Obren izenburu batzuk errotuladore fluoreszentez markaturik ageri dira zerrendan, horiz. Garai hartan irakurriak zituenak ote dira? Gerora irakurri eta markatuko ote zituen, akaso, horietako batzuk? Irakurgai haiek guztiak irakurtzeko agindua egin ote zion bere buruari (eta hasi bai, baina gero ahaztu zerrenda bera)? Joan diren urte horietan irakurri ditu listan oraindik markatu gabe ageri direnetako batzuk, baina badu oraindik lana zerrendako guzti-guztiak irakurtzen, hala nahi izanez gero.
Zerrendari begira jarri, ordea, eta zalantza hasi zaio ausikika: Joan Mari Irigoienek emandako zerrenda izango da, ba, hau, ezta? Rulfo hor dago zerrendan, nola ez, baina José María Arguedas perutarra ez, eta horrek harritzen du; zeren Irigoienek miresten eta gomendatzen zuen autore bat baldin badago, hori Arguedas da. Horretan ez du memoriak engainatzen, haren gomendioz ezagutu eta irakurri baitzituen Arguedas idazle bikainaren ipuin eta eleberriak. Baina tira, idazleak emaniko zerrenda paper horietakoa izan ala ez izan, berdin dio honezkero, elkarrekin egon ziren aldi bakan haietan Joan Marik kutsatu zion literaturarekiko maitasuna baita balio duena, hori pentsatzen du orain orduan idazten hasi berria zen hark. Bihoakio eskerrik onena hemendik.
Handik urte askotara, 2008an, goian ipini dudan irudi hori ostu nion Irigoien handiari, bere oharkabean, Durangoko Azokan zebilela. Hor uzten dizuet haren irribarre argia, aurreko pasadizoaren kontakizunarekin batera.
Ze polita Xabier!
Mila esker zure irakurleekin partekatzeagatik!
Mariaje
Eskerrik asko, Mariaje 🙂
X.