Ur isurien muga inguruan bizikletaz (6): Zubiritik Otsagabiara, Erroibarren eta Aezkoan zehar

Goizean fresko zen Zubirin, gosaldu eta abiatu denean (bizikletaria: subjektua beti da bizikletaria, aipatzen ez denean ere, je, je!). Hasiera-hasieratik aldapa gora hasi behar zuenez, ordea, ez du beste ezer jantzi maillotaren gainetik, laster berotuko zelakoan. Erroko mendate erraza zuen eguneko lehen koska.

Kontuz ibili, bizikletak!Gorantz gustura asko zihoala, Aingeru etorri zaio gogora, duela 34 urte mendate honetan, bizikletan zihoala, moto batek aurretik eraman eta bertan hilda suertatu zena. Ikaskidea, laguna; bizikletazale amorratua, antimilitarista, objektorea, nuklearren aurkako borrokan engaiatua. Urtero egiten zuen bidaia beste lagun batzuekin, Donostiatik Orreagaraino etorri ohi ziren, hala du gogoan bizikletariak; eta ez si eta ez no, mototzar bat etorri zitzaion gainera bihurgune batean eta hementxe geratu zen (artean etxean telefonorik ez, herriko ostatuan zegoen lokutoriora deitu zuen Zarauzko lagun batek, albistea emateko). Segail eta ihar, betiko gazte, halaxe geratu zaie gogoan ezagutu zutenei.

Burua horretan zebilkiola, letrero txiki bat ikusi du bizikletariak bihurgune batean, eta geratu egin da: Carlos Mirandari triatloi taldeko lagunek jarritakoa zen. 2019an tokatu zitzaion Miranda horri (hari, honezkero); bazterrera bota eta gero ihes egin zuen auto gidariak ez zela ohartu ere egin alegatu zuen harrapatu zutenean. Errepidetik bizikletan dabilenak badaki zer arrisku hartzen duen irteten den bakoitzean, eta auto bat esku artean daramanak ere kontziente izan behar luke bi gurpilen gainean doazen horien ahultasunaz. Agintariek, berriz, aho betean bizikletaren erabilera goraipatzeaz gain, hobe lukete istripuak gutxitzeko neurri gehiago eta hobeak ere hartuko balituzte: azpiegiturak hobetzen bakarrik badute nahiko lan, hasteko (bazterbide zabalago eta egoki mantenduak, batxo aipatzearren); Erroko mendatea jaitsi eta berehala ikusi du bizikletariak seinale erraldoi bat —erraldoia, bai, ez da hiperbole bat—, errepide horretan bizikletak ibiltzen direla eta kontu izateko eskatuz: igande eta jaiegunetan, utzi metro eta erdi aurreratzerakoan. Oso ondo. Baina… igande eta jaiegunetan soilik? Astegunetan dena libre, nonbait.

Mezkirizko gaina zuen (bizikletariak) eguneko bigarren koska aipagarria. Erroko gainean Nostalgik Bar deitura zuen furgoneta bat zegoen aparkatuta, edariak eta jatekoak saltzeko prestatuta egoten diren horietakoa; erromesen zain, noski (horrelakoak ditu, agidanez, XXI. mendeko Donejakue Bideak). Eta ematen du gure txirrindularia ere nostalgiko jarri dela gaur, goizean goizetik, eta Mezkirizko gain horretara heldutakoan hantxe ikusi du bertako pagadi zahar ederra (gaua ere pasatu izan du pago haien azpian, furgoneta gorri batean, urte asko direla hori ere), eta hantxe ikusi ditu, ohikoa den bezala, oinezko erromesak errepidea gurutzatzen eta bizikletaz doazenak bertan atseden hartzen, itzaletan… Mezkirizko gaina ezin du irudikatu mugimendu hori gabe (uda partean behintzat), pagadi hori gabe, egun erromes gehienek kasu zipitzik ere egiten ez dioten eta “EMEN ERRATEN DA SALVE BAT ORREAGAKO ANDREDENA MARIARI” dioen harrizko estelarik gabe.

Aurizberri zeharkatu —hango etxe dotoreei asko erreparatu gabe, oraingoan—, eta Aezkoa aldera doan errepidea hartu du bizpahiru kilometro aurrerago. Garraldan egin du lehen geldialdia, eta, iturri baten bila zebilela, plazan, udaletxe azpian dagoen ostatua aurkitu du. Plazara doan kalean kristaurik ez bazebilen ere (“arimarik” esanda ez huke ezer asko konponduko, barruraino sartua duk jasotako heziketa), ostatuko terrazan giro polita zegoen, eta zerbait hartzera sartu da barrura. Gaztelaniaz eskatu du, xuxen atera diote eskatutakoa. Giputza gero ohartu da, ordea, zerbitzariak ederki egiten zuela euskaraz (uskara egokiz), beste bezero bat sartu eta biak euskaraz hasi direnean; eta zeharo lotsatuta geratu da.

Xamar aetzaren liburua (Etxera bidean. Juan Carlos Etxegoien Juanarena; Pamiela, 20191) etorri zaio gogora, nola ez. Baita haurtzaroan Erroibarren bizi izan zen Juan Antonio Urbeltzekin behin izandako elkarrizketa ere. Izan ere, Erroibarren, Aezkoan, Esteribarren, Zaraitzun, Erronkarin… airean sentitzen da beti euskara gutxi edo asko galdu izanaren dolua, eta min hori dario Xamarren liburuari ere. Baina orobat hizkuntza berreskuratzeko grina eta gogoa. Eta itxaropena. Garraldatik irten aurretik, Xamarrena etxeaz galdetu, eta kanpotik ikustera joan da bizikletaria.

Horiek horrela, berandutu egin zaio, eta bero zen atzera abiatu denerako. Alertak alerta, gaur egin du beroa eta ez herenegun (gaur herenegun baino handiagoa, esan nahi duk, eta hi ibili haizen parajeetan: argitu ezak hori, bestela aurki hartuko ditek kargu batek baino gehiagok!). Aribe, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina (hilarrien museoa itxita zegoen, seietan etortzeko esan diote bidaztiari, sarreran zegoen telefonora deitu duelarik: beste baterako utzi beharko!)… Euskal Herriko herririk garaiena den azken horretatik —1.000 metrotik gora dago kaskoa— bereziki ongi ikusten dira Pirinioetako bortuak, batere elurrik gabe orain. Izugarriak dira parajea eta bista, baina Erremenditik hain gertu egoteak neguko hotzaldietako albisteak gogorarazten dizkigu; bizimodua neguan ez da erraza izango inguru hauetan, erraza izango ez denez.

Aurrerago egin, eta beherakoan —Zatoia ibaia pasatu eta Zaraitzun gaude dagoeneko—, Jaurrieta: berriz ere Urbeltz gogora, eta herriaren izenarekin ezagutzera eman zuen dantza kantatu hura, axuri beltzarena. Festak ziren, gainera, eta ez zen leku txarra bazkari legea egiteko, baina txirrindulariak Otsagabira iristeko gogoa zeukan, eta aurrera egin du. Jaurrieta gaineko kaskora igo, Ezkarotzera jaitsi, eta handik Otsagabira bi kilometro besterik ez zeukan gaurko etapa osatzeko.

Otsagabian sartzean beti bezala aurkitu du herria, beti bezain dotore; abuztua da, eta kanpotar asko dabil kaleetan, turista ugari terrazetan. Abaurrepeko bidegurutzean bezala, hemen ere 36 gradutik gora markatzen du termometroak.

 

 

 

  1. Liburua ezagutzen ez baduzu, irakur ezazu aurrena Mikel Asurmendik egindako kritika hau. Eta gero jo liburuaren bila eta irakurri, ez zaizu damutuko.