Ur isurien muga inguruan bizikletaz (eta 7): Otsagabiatik San Martingo Harriraino

Gustuko tokian ez omen da aldaparik, hala dio esaerak. Bizikletazalearen bertsioa, baina, beste hau da: “Gustuko tokian, aldapak besterik ez!”; edo beste hau: “Gustuko tokian, oro aldapa!”; edo “Gustuko tokian, aldapak latz!”. Baina ez dio horregatik gustuko tokia izateari uzten, e, ezta pentsatu ere.

Gaur dena, ia dena, gora zuen bizikletariak: Otsagabiatik irten, eta, Itzaltzun barrena, Lazako (Laza edo Lazar, bietara ikusten baita idatzita) mendatea igo, Uztarrozen barrena Izabara jaitsi (jaitsiera bakarra egun osoan), eta handik gora eta gora beti, ai gora… Bai, gora eta gora, aurrena Belaguako haranaren sakoneraino, eramangarria oso, baina han, ibaiaren gaineko zubian errebuelta ezkerretara hartu, eta segi egin behar da gorantz beste 800 m, malda handiagoko desnibelekin, San Martingo Harriaren leporaino. Ia 1.300 m-ko goranzko desnibel metatua guztira: ez da gutxi etapa batean egiteko, kargatuta doan bizikletari batentzat.

Lazako mendatea hasten den lekuan, handik Frantziara 11 km daudela dio seinale batean. Nafarroak Zuberoarekin Orhipean duen mugagunea da, noski —Larraineko bortua, zer Frantzia eta zer Frantzia ondo!—, bidaia honetan bizikletariak gidalerrotzat hartu duen ur isurien mugagunea ere badena, inondik ere. Ibilbidea diseinatu zuenean pentsatu zuen hortik igotzea Larraineko bortura, eta han amaitzea (baina hori eginez gero, lotarako lekua bilatzea zen arazo bat). Beste aukera bat zen bortu horretara igo, Zuberoa aldera jaitsi, eta gero, Santa Grazitik edo Bearnoko Aretan barrena igo San Martingo Harrira. Baina bidea asko luzatzen zen (eta gogortzen); horregatik, egin duen bezala egitea pentsatu zuen azkenean: Izabatik Belaguara, handik San Martingo Harrira (ditxosozko isurien banalerroa berriz ukituz), eta gero Belaguako Aterpetxeraino jaitsi, lotarako.

Eguneroko beroaz aparte, deus aipagarririk ez, gaur ere. Belaguatik gora ezinbestekoa izaten da Juan Pito Bentan geratzea, eta halaxe egin du, tarte batez (ezin, baina, ogi-mamiak jaten hasi, ardorik gabe!). Gero, bera bezala zakutoz kargatuta zihoazen hiru txirrindulari aurkitu ditu, goragoko begiratoki batean. San Martingo Harrirako bideko azken kilometroetan, berriz, bidaia osoan izan ez duen zerbaitekin egin du topo: Kantauriko isurialdetik Mediterraneokorantz mendi edo bortuen gainetik lerratu ohi den lainotzarra; goialde hartan, Erraizeko lepotik aurrera-edo, iparrak jotzen zuen eta lainoak marguldu egiten zuen paisaia, dena, errepidea eta inguru, gristu eta bat eginez. Tenperatura, bat-batean, 38 gradutik 25era jaitsi da, eta eskertzekoa izan da zinez, gero jaisteko gainetik zira jantzi behar izan badu ere.

Eta hau idazten, Belaguako aterpetxe berrituan ari da (bazuen gogoa berritu eta gero nola geratu den ikusteko, eta hementxe dago!). Ez daki, halere, noiz argitaratuko duen blogeko sarrera hau, ez baitago oso estaldura onik, eta wifirik ere ez (wifirik ez dagoela dioen kartelean, hemen konexioa naturarekin egiten dela dio!).

Ibilbidea amaituta, helburua beteta. Eta pozik, nola ez, oso kontent. Pentsatzen jarrita, baina, ez daki noraino bete ote duen xuxen ur isurien banalerro horri atxiki nahi hura: Anguloko mendatean, Urduñan, Erraizen eta San Martingo Harrian, bai, banalerro horren gainean egon dela esan dezake; beste gune batzuetan, berriz, oso hurbil ibili da (Altube, Barazar, Urkiola, Lizarrusti, Azpirotz, Belate, Urkiaga, Ibañeta, Larraine… gertu izan ditu egindako ibilbidetik), nahiz eta bidearen parterik handienean berez Mediterraneo aldeko isurialdean kokatzen diren lurraldeetatik mugitu den. Aipatu mendate horiek guztiak alde batetik bestera pasatu eta banalerroaren gainetik nolabait esateagatik sigi-sagaka ibili nahiak askoz ere ibilbide luzeagoa osaraziko luke, inondik ere. Beste baterako, akaso.

Inor aspertu nahi gabe, hona datu batzuk, labur-labur (ziklistak informatikari burua du, zer nahi duzue!): 346 km izan dira guztira, Euskal Herriaren mendebaldeko muturretik ekialdekoraino, sei etapatan osatuak. Goranzko desnibel metatua 5.788 m-koa izan da, eta batez besteko abiadura 16,66 km/h. Kito, aski da, beste daturik ez.

Sarrera honetako argazkien artean (ikus behean, galeria), Otsagabian ilunabarrean eta hurrengo goizean ateratako batzuk daude, azken etapako beste batzuk, eta Belaguako Aterpean lo egin eta gero, biharamunean, egindako beste zenbait.

Eta bukatzeko… bukaera bat, je, je. Bizikletaria hamaiketakoa hartzera sartu zen Garraldako ostatuan, bazen, barraren gibeleko horman paraturik, zurezko xaflaz osaturiko zintzilikario bat, eta xafla horietako bakoitzean esaldi bat zegoen idatzita (gaztelaniaz, noski); aise asmatuko du irakurleak zer-nolako esaldiak ziren, leku askotan egon ohi dira horrelakoak: batzuek filosofia merkea direla erranen dute; beste batzuek, azpiliteratura dela; arima-altxagarri edo kontsolagarri erranen diete beste batzuek, autolaguntzako liburuetan aurkitzen omen diren horietakoak. Bizikletariak mugikorra atera eta argazki bat egin zion zintzilikarioari (inoiz ez da jakiten gero, idazterakoan, nondik eramango duten blogaria bere hitzek, testua osatzerakoan; eta materiala, edozein material, eskura izatea ez da inoiz alferrik izaten). Orain, bidaia honen kontakizuna osatzen duten sarreren saileko azkena idazten ari dela, eta nolabait bukatu beharrean, hortxe du argazkia, baina ez daki zer egin horrekin: edo esaldiak banan-banan kritikatu —ez litzateke zaila— , edo bat euskaratu eta horrela bukatu sail hau —askoz errazagoa oraindik—, edo…

Goi-goiko xaflan, izenburuko gisako bat dator: Ametsen eskuliburua. Eta azpian esaldiak, esan bezala xaflako bat. Adibidez: “Entzun zure bihotzari”, edo “Sinets itzazu zure ametsak eta beteko zaizkizu”… Ulertzen zer tankeratako esaldiak diren? Bai, ezta? Ba horietako batekin bukatu nahi luke, egun hauetan egindakoaren laburpen gisa: “Maita ezazu egiten duzun guztia” (hori da xafla bateko esaldiaren hitzez hitzeko itzulpena) edo, buelta bat emanda, “Egizu maite duzuna” (ez dira berdin-berdinak, kontuz). Bizikletaria hori egiten saiatu da egun hauetan: bidaiatu, naturarekin gozatu, bizikletan ibili, argazkiak egin, idatzi… Hori besterik ez, eta hori guztia. Hurrena arte!