Solstiziotik solstiziora, 2016ko ekainetik abendura

Solstiziotik solstiziora izendatu huen aspaldi asmo hau, eta, agian, orduantxe ekin zioan izenak izana eratzeari.

Sei hilabete eskas geratzen dituk aurtengo udako solstiziorako. Ternuan nahi huke izan ekainaren hogeita batean. Handik sei hilabetera izango duk udako solstizioa berriz, hego hemisferioan. Ederra lukek ordurako Ushuaiara iristea, horixe izan zuan hire asmo ero hori egosten hasi zeneko ideia. Ohartzen haiz ez dela denbora asko eta luzea dela bidea, auskalo noraino ailegatuko haizen. Kosta zaik, baina erabakia gero eta irmoago sentitzen duk, gero eta seguruago ikusten duk heure burua, egiteko gai edo. Eta hegoaldeko udako bigarren solstizio horrek neguan (edo udaberrian) harrapatzen bahau ere, berdin ziok: dagoen dagoenean utzi, eta aurrerago egiteko geratuko duk; baina egindakoa ere, hor geratuko duk.

T, Ternuarena. U, Ushuaiarena. Atik Zra, bizitza. Ttik Ura, eten bat. Zertarako? Ez dakik, baina behar duala sentitzen duk, eta ez duk orain-oraingo burutazio bat, badituk urte batzuk asmoari bueltaka habilela. Jakingo duk, agian, bigarren solstizio horretara heldutakoan; edo ezta orduan ere.