Europa

Danimarkan izan da, munduko herri aberatsenetako batean, ehun eta laurogeitik gorako zerrenda batean hogeigarrena-edo den Danimarkan −hogeigarrena munduan, hamar aberatsenetako bat Europan–. Azken aldian Siria aldetik jende askotxo etortzen ari zaiela, eta bizimodu xumea izan behar dutela (haiek, siriarrek, jakina) erabaki dute. Per capita eurek (daniarrek) baino ia zazpi aldiz gutxiago daukaten siriarrek erakuskeriarik gabeko bizimodua behar dutela izan, alegia, Kopenhageko kaleetan hara eta hona dabiltzanean. Eta aldean dakartzaten baliozko gauzak konfiskatuko dizkie poliziak: gailu teknologikoak aipatu dituzte, adibide bat emate aldera; “luxuzko” zerak; etxea utzi eta bideari ekiterakoan aldean hartu ahal izan duten horretatik nabarmentzen den edozer; eskudirua ere bai, Mediterraneoan zehar etortzeko ordaindu eta gero geratu zaien apurra izango da, onenean (3.000 koroatik –400 eurotik– gorakoa kentzea proposatu zuten hasieran, lege proiektuan; 10.000n jarri dute muga azkenean, lotsatu egingo ziren akaso). The Guardianek dioenez, negoziazio zail batzuen emaitza izan da eztei eraztunak eta balio sentimentala izan dezaketen beste zer batzuk konfiskagaietatik kanpo geratzea; ez dio, baina, poliziak zer joko duen balio sentimentaleko eta zer ez, nola erabakiko duen funtzionarioak gerratik ihesi datorrenaren bihotzean lekua zerk duen eta zerk ez.

Horrela konpentsatuko omen dituzte beren egoitzak danimarkarrei eragindako gastuak.

Danimarkan izan da, orain. Ez zaio jarraitzailerik faltako (Hego Alemania, Suitza ere hasiak omen lantegi berean). Izan ere, ez da modu txarra herriaren erakargarritasuna erlatibizatzeko.