Ñoñostia berriz ere

Honela hasi du bere zutabea Angel Errokjoan den igandeko Berria-n (2018-09-23), Beheturismofobia izenburupean:

Venezian eztabaidatzen ari dira isunak jarri ala ez espaloian esertzen diren turistei. Turistarena ez da lan erraza. Museoz museo ibiltzeaz gain, kalean ere ez gelditzerik nahi dute. Hori edo nonbait kontsumituz, noski, jatetxeetan. Kalean, are banku batean, pizza zatitxo bat jatera esertzen direnak dira arazoa. Itsusi egiten dute. Museoetara artea benetan preziatu gabe sartzen direnak.

Eta, irakurtzean, duela 35 urte Veneziako geltoki aurrean gaua emandakoari zerbait mugitu zaio barruan. Orduan ere itsusi egingo baitzuten, noski, harrizko zabalgune hartan etzanda zeuden turistek, eta eguna zabaltzerako bidaliko zituzten udaltzainak buongiorno esan eta loti haiei jaikitzeko ordua zela gogoraraztera. Ez du gogoan oso zakarrak izan zirenik, esnatu berri denari zor zaizkion errespetua eta denboratxoa opa zizkiotela esango luke; ez daki, baina, agian idealizatuta izango du nola tratatu zuten goiz hartan, denborarekin gau hura bera idealizatzeraino iritsi den modu berean. Baina denbora ez da, ez, alferrik pasatzen, eta, Errok dioenez, espaloian esertzen denak ere paisaia zatartzen du orain, eta han joango zaizkio egungo udaltzainak, inguruko terrazaren bateko mahai-aulkiak erakutsiz, haietarantz abia dadin gomendatuz.

Gure Donostiak ere badu Veneziatik, ederretik bezainbat itxurakeriatik (inauteria ere hango modura ospatzea luke desio, ahal balu). Eta aspalditik dakigu zerk egiten duen itsusi Kantauriko harribitxian: eskaleak, baimenik gabeko grafitiak, lotarako hondartza aukeratzen duen gazteak, eguneko menuak, zaborrak atez ate biltzeko azpiegiturak, Txillardegiren izena daramakeen liburutegiak, tunelaz eta ibaiaz haraindiko gehienak, hippy tankerako motxileroak, horman itsatsitako zenbait kartel gorrik, baserritarrak, greba egunak, bizarra egin gabeko jendeak, konkordunak, Urgulleko tontorra soildu beharrak, buzoz jantzitako langileak, automobil zaharregiak, soineko zarpaileko emakumeak, marko paregabea desitxuratzen duen ipurdi biluziak, etorkin txiroak, probintziatik lanera autobusean iristen den neskameak, bizikleta herdoilduak…

Eta udaletxe ondoan utzitako bizikletek ere bai, antza, herdoilduak izan zein ez. Mugikortasunaren Europako Aste betean hor ibili omen dira Donostiako udalak bidalitako langileak, rotaflexa eskuan, lorategi ertzean lotutako bizikleten giltzarrapoak hautsi eta bizikletak gordailura eramaten; itsusi egiten zutelakoan, antza. Enbarazurik batere egiten ez zuten bizikletak, inongo pasagunetan ez zeudenak, bizikletentzako inguruko leku guztiak hartuta zeudelako lorategiaren ertzeko barrari lotutakoak: kateak eten eta fuera; txartela kargatuta ekarri, askatu nahi izatera!

Ahoa beteko zaie gero politikari batzuei mugikortasun jasangarriaren ezinbestekotasuna azpimarratzen hasita, behin eta berriz goraipatuko dizkizute bizikletaren erabilerak hiriarentzat dakartzan onurak. Baina hiriaren ederra zertxobait orbantzen duela begitantzen bazaie, ez dute errukirik agertuko: isuna eta zulora. Ñoñostia berriz ere, Ñoñostia betikoa.