Literaktum, Donostian. Anjel Lertxundi duk etortzekoa, bere Zu azken liburuaz mintzatzera. Arratsaldeko zazpiak dituk, ordu erdi falta oraindik ekitaldia hasteko, eta jendea biltzen hasia duk dagoeneko Alderdi Ederren. Ez duk harritzekoa, 2015ean argitaratutakoen artean oihartzunik handiena izan duen liburua baita Zu.
Hogeita hamar (30) lagun ozta kabitzen diren karpatxoa prestatu ditek udaletxe atzean, ez duk-eta, nonbait, Donostian, beste aretorik horrelako saioak egiteko; ez ahal da haize bolada bortitzen bat etorriko itsaso aldetik, eta bertan bildutako liburu zaleok airean eramango!
Eskaparatea ditek gustuko hiri honetan, erakustea, eta 2016an areago; ez dezala, gero, inork esan kulturari ez zaiola merezi duen garrantzia ematen Donostia 2016n. Eta lortzen ditek, lortzen dutenez: hainbat eta hainbat jende pasatu duk tenore horretan alderdi eder horretako izkinatik, eta geldialditxoa egin ditek kaiolaren ikuskizunaren aurrean, zer mira, zer suma geratu zaizkizue. Txubillon −Igeldoko jolas parkean− garai batean tximuak izaten zituzten kaiola hartaz gogoratu haiz.
Ekitaldia ongi pasatu duk, ordubete luze egon zarete Anduri entzunez, Goizalde Landabasok prestatutako galderen harira. Haize boladatxoren bat ere izan duk, baina ez dik karpa zegoen lekutik mugitu: hori besterik ez zenuten behar! Barruko 30oz gain, kanpoan beste 10 bat lagunek jarraitu ditek saioa, zutik ezinbestean.
Literaktum, Ñoñostia 2016n.