Sasoien amaiera

Andu Lertxundiren Paper-festa liburutik:

Familian ez zegoen gorabehera handirik, sorpresarik gabea zen eguneroko bizitza, urteak generamatzan horrela, ezusteko txarrik gabe, badakizue nolakoak diren kontuak, jaiki, gosaldu, lanera joan eta hori guztia, lana genuen eta ez zitzaigun hileroko soldata falta, inork ez genuen osasun arazorik, eta emaztea eta biok Venezian egon ginen oporretan, Austrian baino hobeto pasatu genuen, emazteak auto berri bat erosi zuen aurreko hilean eta semeak moto bat urtean zehar aurreztutako diruarekin, etxe berri handiago batera pasatzeko planak egiten ari ginen, zorion betearen sasoia betetzen ari ginen ohartu ere egin gabe zorionaren sasoi betea zenik, harik eta egun haietako batean telefonoak jo zuen arte semeak motoarekin izandako istripu baten albistea emateko…

Bizitzak aurrera egiten du, eguna egunari ezer ere aldatzeke, antza, harik eta egun haietako batean… dena −dena!− aldatzen da bat-batean, ezer ere ez da gehiago lehen bezala, zorionaren sasoi oharkabeko hori  −Zorionaren sasoi du izenburu, hain zuzen, Lertxundiren pasarteak− amaitu egiten da, akabo, fin.

Eta bizitzak aurrera egingo du gero ere, eguna egunari jarraituko zaio ezer ere aldatzeke…