Gure hildakoak eta besteak

Bruselan izan da oraingoan, duela gutxi Parisen izan zen, lehenago izan ziren Madrilen eta Londresen… Hamabost urte dagoeneko, New Yorkeko hartaz.

Baina horiek guztiak Mendebaldean gertatu direnak baino ez dira, horiek baino ez ditugu aipatzen; Mendebaldeko hildakoak ikusgarriago egiten zaizkigu, egiten dizkigute, nonbait. Horiekin batera, ordea, milaka bonba lehertu dira ez-Mendebaldean, milaka lagun hil dira, han eta han Mendebaldeak eragindako gerretan, eta milaka hiltzen ari dira urtero “gure” itsaso horretan. Paris, Londres, Madril eta abarrekin batera, aipatu beharko genituzke orobat Bagdad, Kabul, Alepo, Karbala, Lesbos, Lampedusa…

Azken atentatuen harira ahots xenofoboak goratzen ari dira Europan, gero eta ozenago. Poloniako lehen ministroak ez dutela errefuxiaturik onartuko esan du, Errefuxiatuek ez dute aukerarik Poloniara etortzeko, atentatuak errefuxiatuek egin izan balituzte bezala!: bai Pariskoan eta bai Bruselakoan, atentatuekin zerikusia dutelakoan atxilotu dituzten guztiak europarrak dira, Europan jaioak. Baina, segurtasunaren izenean, errefuxiatuei itxiko diegu atea, hesiak jarri eta goma tiroka uxatuko ditugu, atzera beren herrietara, beren gerretara itzularaziko ditugu gerratik ihesi datozenak.

Eskuin erradikal xenofoboa da, bai, ahotsa goratzen, sua hauspotzen ari dena orain, baina atzetik botoak ere badituzte, ez dira soilik neonazi gutxi batzuk, gero eta boto gehiago ari dira biltzen azkenaldian hainbat eta hainbat herrialdetako hauteskundeetan. Eta haien diskurtsoa ez dugu hain gaizki ikusten gure artean ere, ederki bizi gara haien aitzakian: egin dezatela gure zibilizazioaren “zaintza”, kontu egin diezaietela gure ondasunei, gure diruei, gure bizimodu eroso honi… beren diskurtso itsusi horrekin izanagatik. Bitartean, harro esango dugu ez garela arrazistak, baina, gure herrian ere, ez al ditugu, ba, erabili mantxurriano eta maketo, matxupitxu eta moro bezalako hitzak, kanpotik etorritakoei esateko? Ez ote dakigu gure arbasoek ere beste herrialde batzuetara lan bila alde egin behar izan dutela, eta ongi tratatuak izatea nahi eta merezi izan dutela?

Piztuta dagoen su txar horrek ez du egur gehiago behar, hobe genuke itzaltzen lagunduko bagenu.