Komunikabideak eta manipulazioa

Lascaux-eko kobazulotik irtetean, hizketan sumatu dituk gidaria eta zuekin batera bisitan egon den beste turista bat. Okzitaniarrak, biak. Hizkuntzak hiltzen ez uztearen aldekoak, biak. Euskaldunon miresle, biak, hizkuntzaren aldeko borrokan egin dugunari dagokionez.

Eta elkarrizketan sartu haiz. Eta harri eta zur utzi dituk, euskaraz doktorego tesiak ere aurkezten direla aipatu dieanean –haur eskolan-eta erabiltzen zela ba omen zekitean, baina hortik aurrera beste ezertan erabiltzen zenik burutik ere ez zitzaiean pasatzen–. Eta gogor egin diok turistari, Iparraldean euskararik batere ez (0, zéro!) dela egiten esaten baitzuen –Hegoaldean egiten zela bai, baina Frantzia ei den Iparraldean batere ez.

Eta independentziaren gaia sortu duk, nola ez, “separazioarena”, haien hitzetan. Horretan ere biak ados zeudean: inola ere ez! Tira, jendeari galdetu beharko zaiok, ba, ez da, zer nahi duen, erabakitzeko eskubidea aitortu beharko zaiek herritarrei, ala?, hik, xalo plantak eginez.

Eta turistak –eskolatu itxurako mutil gazteak–: baina jendeak ez daki, komunikabideek-eta manipulatu egiten dute jendea.

Heuk, aldiz, badakik, babo alaen horrek!